Txorikumatxoa, beia ta katua

 

Bere aita-amen abi epeletik bide-zior baten erdira jausi ondoren, estu ta larri dabil txorikumatxo bat.

        Txorikumatxo errukigarria! Jantxi barik dago oraindiño, narru gorritan, eta otzak ilik. Egaz egin nai dau baiña..., ezin, ezin ezelan ere.

        Alakoren baten, bei bat datorko, ta ikaratu egiten da. Zer ete da ain aundi ta indartsu datorkon ezezagun a? Jan egingo ete dau? Edo zapaldu ta birrindu...?

        — Ene bada ta ni! Galdua naz. Ama...!

        Eldu da beia txorikumearengana, ta mosu bero gozo bat emoten deutso oni. Gero, gaiñetik igaro ta pekorotz opil bat jaurtitzen deutso. Ez dau jan txori kumea, ez dau zapaldu..., eta epeletan dago au orain pekorotz artean, bere burutxoa kanpoan daualarik. Bizkortu egin da, eta poztu, «arerio ikaragarria» adiskide maitagarri biurtu jakola ikusirik.

        Joan da beia. Baiña katu bat agertu da berealaxe pekorotz piloaren ondoan. Irribarrez agurtzen dau txorikumatxoa, ta garbitu egiten deutso burua, kontuz-kontuz, bere erpa ta miiñaz. Eta atsegiñez izten deutso ori egiten txorikumatxoak. Ez da ikaratu «adiskide maitagarri» onen aurrean.

        Atara egin dau pekorotz artetik katuak, eta gorputza ere garbitu egiten deutso miiñaz miazkatuz.

        Garbi-garbi egin dau katuak txorikumatxoa, ta aurreko erpa bien erdian artu ta jan egiten dau.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia