Uraren illeta
Erreka egaletako altz, sarats, lexar eta sasi kirikolaztuak zoroen siñuak egiten diardue aize ozkirriaren besoetan. Siñu zoro ikaragarriak!
Iñauterietako mozorroz jantzi ditu ur gaixoak, goitikoz eta beetikoz, azkenengo euritearen ondorengo goraldi bulartsuan.
Kosmetiku barri koloretsuz apaindurik dabe zugaitzak euren berezko edertasun ederra, liraintasun klorofilatsua, gaurko neskatilla lerden paiasotuen antzera.
Zeintasun, zertasun eta nortasunik gabe, barregarriak eta negargarriak erreka egaletako zugaitzok! Udabarriko jantzi dotore loratsuen ordez, pintura ta ikatzez egindako jantziak ditue, buztin zatarrezko jantziak. Eta edergaillu asko (uraren ume galduak) belarri, papar eta eskuetan, sorki zaarrez, plastikozko botillaz, paperez eta gomaz egindako pitxi nabarmenak.
Ikusgarria benetan erreka egaletako altz, sarats, lexar eta sasien kalejira itun eta geldi au, ur gaixoaren ondoan!
Kiratsa ta barautsa dariola dago ura. Eta txiplitxaplakadaka dabil iges egin nairik.
Il aurreko lozorroan egon da. Baiña arrainkari ameslari batzuk iratzartu dabe. Eta jauzika ta jausika, nonbaitera joan gura dau; muna gaiñetara igon nai dau... Baiña ezin. Ezin, il aiñean dago ta.
Usteldurik dau bere aragia. Ez dau odolik bere zanetan. Ezta indarrik ere bere eskuetan... Biotzekoa dau, garnuena dau, bularretik dago, asmena ere... Zer ez?
Muna gaiñetara igoteko egiñalak egin arren, jausi egiten da, bein eta barriro, munak atsez eta bitsez txipristindurik itxi ondoren. Arnasoska ta zotinka dabil, atso zaar baten antzera. Egon ere atsozaartuta dago, tximelduta, tximurrez beterik.
Burutik egiten dau baiña, argialdia dau orain. Eta leena datorko gogora, leena, zaarrei etortzen jaken legez.
Gaztea zan orduan, gazte urduri ameslaria, etorkizunaren itxaropen gozoa. Eta gaztetasuna ta edertasuna gaiñezka borbor zitualarik, kanta kantari kantore, aurrera joian beti bere bidean, aurrera karabilkatsu, sugelandara bat bezela, zoro-zoro.
Bein baiño sarriagotan etortzen jakozan olerkariak bere ondora, ta maitemindurik, maitezoraturik, laztanka ta itz gozoka agurtzen eben.
«Itxaropenezko emai ibilgarriz,
errekaz erreka ta kanta kantari,
biotza leer, taupadaka, eskeintza betean...
O, ene aitzarteko iturburu apal,
mendiaren ugatz, iturriño iturri,
borborka, sorburu gardenez sortua,
egon eziñezko oiñaze, minduraz...,
ai!, nora oa ain artega igesi?».
Bat-bateko itz jario loratsu a entzun ondoren, berak ere olerkiz erantzuten eutsen olerkariei. Zelan ez, ba, olerkarien iturria ta etorria zan eta aldi zoriontsu aretan?
«Itxasorako bideratze beartuan,
ibai ondoko lur bazterrak ezetuz
eta, loreekin ederzale, berrimin,
aurrerantz noa amets auznarrean,
illargi, laiño ta goiko izarrekin,
bideetako egunkera ezberdiñez,
aurrera noa, bai, bizitzarekin kutunka,
betikotasuna darion oiartzunez.
Aurrerantz noa, bai, geraka, berez,
dana gibel, dana goi, atzean utziz:
neure lur, neure izar eta landara,
unero neure bizitza igeskorra
ikutu arin, goraldi minkorretan
sustarrik sustar, ur tantoka barnetuz,
beti urduri, beti, bai, berrizale,
beti aurrera amets itxaropenez,
biotzaren edergai, zatirik onenak,
bidezko lore eta zugaitz artean
betiko erein ta betiko erantziz».
Gaztea zan orduan, eta gazte ikusten eban dana bere begi garbi ta argitsuz. Baiña orain zikindu ta lausotu egin jakoz begiak. Leenagoko zidarrezko jantzi ispillutsuak ere kendu egin deutsez ta legenar itsusiz jantzi. Sosa eta potasaz nasimasiturik dau odola, eta kristalez, plastikoz, ojalataz eta zimaurrez ernariturik, izorraturik bere sabela. Amurraien paradisu izandako sabela, ur basati aberatsen sabela, amurraien inpernu biurtu jako; eta arratoien inpernu izandako sabela, arratoitzar zikin iguingarri ugarien paradisu.
Noizean bein apur bat barritu ta bizkortu ta adoretu arren goraldietan, bereak egin dau. Baiña zergaitik? Ez ete da konturatu iñor bera il ezkero... Ez aal dago osagillerik? Zuzentzaillerik? Iltzaille biurtu aal dira guztiak? Zergaitik? Zoroak alakoak! Ikusiko dabe laister... Non dira nire amurraiak? Non dira nire jantzi gardenak? Non? Au estua ta larria! Au bakartadearen bakartadea! Ai ene! Egin on... Baiña... Zer? Nor? Nora? E? Zergaitik? Ai, bardintasun bardiñean bardiñagoaren bardinkerien menpean dagoanaren errukarria! Mama, mama gozoa gura dot. Amatxo! Egarri naz. Mama, mama...!
Burutik egiten asi da barriz ere. Dizdizka ditu negar anpuluak bere begi beillegietan. Negar malko kimikuak. Gazte drogatuen begirakunea dau, tristuraz gaiñezka. Azken arnasetan dago, antza.
Lantegietako adarrak ito egiten ditue uraren arnasa larri ta estuak. Eta arrainkariak altz baten adarretik eskegita itxi daben transistora kantatzen asi da, uraren illeta mingots samingarria kantatzen, penarik gabe, abade batzuen antzera.
«Gure ibaiak
gure errekak
ur ustelduak,
zornia daramatela
sabelean,
gure animaren
zornia
daramatela
gibelean.
Esan dezaiegun iri ederretako
aaldun jaunei
bakoitzak aal duena
ematen duela,
bakoitzak bere izakeraren
seiñalea:
sua eta kea,
sosa, potasa,
sulfatoak,
sulfitoak,
bisulfitoak,
trisulfitoak
eta
beste
zerbaiten
usai
leuna.
Joango dira
joaten dira
ur oiek
itxasora,
eta gure lotsa
nolabait
estaltzen da
izkutuaren itzalean.
Erri eroria,
erri ezereza,
erri auldua,
arraza eta kuraia galdu zituen
erri trixtea:
or dituk,
or doazik
ik merezi ditukan ur ilunak,
ik sortutako
lokaztegi lirdinga oiek...
Begira itzak,
eta egin zak kontu
ire animaren ispillu direla».
Loak artu dau ura. Betiko loa ete?
Lantegiak intzentsu baltzez lurrinkatzen dabe. Organua joten dau, bien bitartean, trumoiak.
Erreka egaletako altz, sarats, lexar sasien kalejira, illetajira biurtu da.
© Mikel Zarate