Lizardi, euskal lirikaren ezaugarri
«Euskal poesia modernuaren haserak, ezpairik gabe, 1930 eta 35 artean ezarri behar dira. Eta hiru izenon lnguruan: Lauaxeta, Bide Barrijak (1931); Lizardi, Biotz-begietan (1932); Orixe, Barne muinetan (1934); Lauaxeta berriro, Arrats beran (1935). Poeta landuak hirurak, poeta doctus esaten zena. Eta hirurak elkarren eragile ta ikas-irakasle». (J. Azurmendi, Zer dugu Orixeren alde, Arantzazu (Gipuzkoa), 1977, 178. orr.).
Lauaxeta ta Lizardi izan dira, batez ere, euskara goimailaratu ta «noranahikotu» gura izan duten aitzindariek.
«Baña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
yakite-egoek igoa;
soña zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa». [1]
Azken urteotan egin den antzera (orain berrogei ta hamar urte ta aldi hartako giroan), Lauaxeta ta Lizardik eginahalak egin zituzten euskal olerkia gai, egitura ta adierazpide aldetik «gohien gradora» jasotzeko, Etxepareren Kontrapas-aren ametsetan.
Gazterik hil zen Lizardi, gazterik hil zuten Lauaxeta; baina fruitu ugari iraunkorrak eman ondoren biak. Penagarria ta pozgarria!
Aldian aldiko izanik, Frantziako sinbolisten eraginez, Nikaraguako Rubén Darío-ren modernismo giroan eta Espainiako «27.eko belaunaldiarekin» batean, Aitzol, Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Loramendi ta gainerako olerkarien gogoak bizkortu ta erdiminetan jarri ziren. Lizardirena, batez ere.
«Gure gaitz ori, gure axkure edo dalako zer ori, gure "erdibearra", beingoan esateko, eztezuete ezagutzen? Iñork, eri danik, eztu bein ere osasuna maite izan guk gere miña, gere zauria, gere legena, guk gere erdibear ori aña. Askotan etsita gaude eztitula iñork bere baitan ari ditugun asmakuntza aiek egonarriz irakurriko. Baña... ekin alarik ere! Nork dakike, olerkari ezpada, zein bearrezko degun gure lasapenerako, ta zein gogarako, erditze ori? Ta, maizenik, naiko larri ta estu erabiltzen gaituala...». (Lizardi, Itz-lauz, 2. arg., Donostia, 1972, 28. orr.).
Lizardiren «erdibear» horren ondorioa olerki sorta bikain bat izan zen, euskal literatura goimailarantz jaso zuen lirikatasun garbi eder jatorra.
«Gurean, beste nonnahi bezala, ez dira asko izan egiazko lirikoak. Lotsarik gabe aitor dezakegu. Eta norbait autatu beharrean, Lizardi hautatuko genduke askok, inori ezer kendu gabe, euskal lirikaren ezaugarritzat». (K. Mitxelena, Mitxelenaren idazlan autatuak, Bilbao, 1972, 175. orr.).
Lizardiren olerkiak irakurri ta gero, Bultzi-leiotik aukeratu dut aztertzeko. Irakur dezagun, ba, behin eta berriz, azterketa egiten hasi baino lehen.
«Bultzi-leiotik
Oi, lur, oi, lur!
Oi, ene lur nerea...
Oi, goiz eme,
parre gozoz ernea... !
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak;
aje gorriz
abailduta sagarrak;
oro laño
mee batek estalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia...
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri...!
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
(ta bertan ni) bultzia...
Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea...!
Bañan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur,
soro, sagar, mendiak...!» [2]
Sarritan erabili izan da literaturan trenaren ikuspegi berezi ibiltaria paisaje bat adierazteko. Baita (bizitzaren, denboraren joatearen... ) sinbolo bezala ere erabili izan da trena.
Frantziako poeta sinbolisten aitzindari izan zen Verlaine-k erabili izan omen zuen lehenengoz poema batean trenaren gai hori. «...él es el primero que hace la poesía del viaje en tren, que tendrá tan buenas muestras en Antonio Machado, Juan Ramón Jiménez... El medio de viaje entonces nuevo tiene ya, con toda naturalidad, su ciudadanía lírica cuando Verlaine habla de los paisajes de la ventanilla y los postes de telégrafo, sintiendo que mientras tanto el dulce nombre y la visión de la amada se mezcla "au rythme du wagon brutal, suavement"». Martín de Riquer-José M.ª Valverde, Historia de la literatura universal, t. 3, Barcelona, 1971, 219. orr.).
Lehenengo ta behin, ikus ditzagun, bada, argibidezko konparaketa bat egiteko, trena gaitzat harturik idatzi izan diren literatura texto batzuk:
VII
«Le paysage dans le cadre des portières
Court furieusement, et des plaines entières
Avec de l'eau, des blés, de arbres et du ciel
Vont s'engouffrant parmi le tourbillon cruel
Où tombent les poteaux minces du télégraphe
Dont les fils ont l'allure étrange d'up paraphe.
Une odeur de charbon qui brûle et d'eau qui bout,
Tout le bruit que feraint mille chaînes au bout
Desquelles hurleraient mille géants qu'on fouette;
Que me fait tout cela, puisque j'ai dans les yeux
La blanche vision qui fait mon coeur joyeux,
Puisque la douce voix pour moi murmure encore,
Puisque le Nom si beau, si noble eta si sonore
Se mêle, pur pivot de tout ce tournoiement,
Au rythme du wagon brutal, suavement». [3]
«Las cosas que miramos
se vuelven hacia atrás en el instante
que nosotros pasamos,
y conforme va el tren hacia adelante,
parece que desandan lo que andamos
y, a sus puestos volviéndose, huyen y huyen
en raudo movimiento
los postes del telégrafo, clavados
en fila a los costados del camino,
y como gota a gota, fluyen, fluyen,
uno, dos, tres y cuatro, veinte y ciento,
y formando confuso y ceniciento
el humo con la luz un remolino
no distinguen los ojos deslumbrados
si aquello es sueño, tromba o torbellino». [4]
El tren
(Guipúzcoa)
«El techo del vagón tiene un albor ( ¿de dónde?),
y los turbios cristales, desvanecidos, lloran...
Fuera, entre claridades que van y vienen, hay
una conjuración de montaña y de sombra.
Los pueblos son de niebla bajo la madrugada;
es como un sueño vago de praderas humosas;
y las rocas (¿enormes?) están sobre nosotros,
inminentes, perdidas las cimas en la hora.
No para el tren... Tras unos cristales alumbrados,
a través de la lluvia cansada y melancólica,
una mujer confusa, bella, medio desnuda,
nos dice adiós...
¡Adiós!
El agua habla, monótona». [5]
«La campiña se descubre ante nuestros ojos; todo es verde bajo la lluvia fina en un cielo nuboso. De tarde en tarde, en un paso a nivel, una campesina se nos muestra inmóvil, con un pañuelo rojo en la cabeza; luego, en las estaciones, vemos los mismos pañuelos rojos; más tarde, en un campo, en un camino, otra labriega hace resaltar sobre el verde el pañuelo rojo de su tocado. Y nuestro espíritu va hacia estas campesinas; se detiene con ellas; quisiera hechizado por la voz escuchada antes en la estación charlar con ellas, oírlas esta parla tan dulce, reposar un instante en una de estas casitas que tan fugazmente aparecen y desaparecen al paso del tren, dejándonos una impresión de algo que no podríamos definir». [6]
Trenaren ritmoz batzuk eta trenaren ritmorik gabe beste batzuk, horien antzeko beste asko daude, bai hitz neurtuz eta bai hitz lauz, frantsesez, espainolez eta euskaraz [7].
Irakur dezagun berriro Lizardirena ta konpara ditzagun.
Literatura textook bere olerkia egin baino lehenago argitaratuak izan zirenez gero, ezagutu ote zituen Lizardik? Ba liteke, trenaren ikuspegitik ikusten den paisaje inpresionista ta sentitzen diren bibentzia bereziak adierazten bai dituzte guztiek. Baina emakume maite edo maitagarriak agertzen dira denetan (Campoamor-en El tren expreso-n ere bai, nahiz eta hemen jarri dugun zatian agertu ez), eta Lizardirenean ez. Hona hemen Lizardiren lehenbiziko orijinaltasuna: Lizardiren maitea paisajea bera da, euskal lurra, Euskal Herria.
«Oi, lur, oi, lur!
Oi, ene lur nerea...!
Oi, goiz eme,
parre gozoz ernea...!».
Lizardiren Bultzi-leiotik, gainera, «maitearekin» (hari agur esateko) egiten duen elkarrizketa samur mmgarri bat da. Hona hemen Lizardiren olerkiaren bigarren orijinaltasun garrantzitsua. Elkarrizketan ari da Lizardi euskal lur maitearekin, behinolako Etxapare euskararekin bezala.
«Heuskara,
Ialgi adi mundura!
Legoajetan ohi intzan
Estimatze gutitan;
Orai aldiz hik behar duk
Ohoria orotan».
Izadia literatura bidez birsortu ta edertu zuten erromantikoek bezala.
«Agur, agur, herria! Agur sorlekua!
Agur nere haurreko leku maitatua!
Jainkoak aditurik haur baten oiua,
Hiregana duk haur bat egun hurbildua.
Mendiaren hegitik hartuz zeiharrera,
iduri xingola bat, aldapa behera,
Bidexka, hi xuxen haiz jausten zelaiera,
Xuxen ereman nezak ahaiden artera.
Bide egiko haitza, zenbatez haurrean,
Igandetan mezatik etxera sartzean,
Zenbatez ez nauk jarri, amaren aldean,
Hire adar lodiak egin itzalean!
Baratze gibeleko elorri xuria,
Beti duk begiratzen haurreko tokia.
Hik bezala zertako, aldaska garbia,
Ez diat sorlekuan higatzen bizia?».
(J.B. Elizanburu)
«O lac, l'année à peine â fini sa carrière,
et près des flots chéris qu'elle devait revoir,
regarde, je viens seul m'asseoir sur cette pierre
oú ta la vis s'asseoir».
(A. de Lamartine)
«Olas gigantes, que os rompéis bramando,
en las playas desiertas y remotas:
envuelto entre las sábanas de espumas,
¡llevadme con vosotras!
Ráfagas de huracán, que arrebatáis
del alto bosque las marchitas hojas:
arrastrado en el ciego torbellino,
¡llevadme con vosotras!
Nubes de tempestad, que rompe el rayo,
y en fuego ornáis las desprendidas orlas:
arrebatado entre la niebla oscura,
¡llevadme con vosotras!
Llevadme, por piedad, a dónde el vértigo
con la razón me arranque la memoria...
¡Por piedad!... ¡Tengo miedo de quedarme
con mi dolor a solas! »
(G.A. Bécquer)
Lizardik ere pertsonalizatu egiten du izadia ta, bere amonarekin bezala, «ele gozoka» ari da harekin.
«Nik amestan bezela
ote aiz, mendi-gañe?
Goi-yauregiko malla?
Gotzonen urbilgo...?
Egiz, Yaungoikoaren
esku ta aunditasuna
ote dituk or goitik
sumatzen bertago...?».
(Mendi-gaña)
«Arbaso pakezale agurgarri orrek
iñorentzat onginaia besterik izan ez dek.
Betidanik, eskale labur, emale eder:
ire bizi guztian, txarkeri bat al duk ager?».
(Zuaitz etzana)
«Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea...!»
(Bultzi-leiotik)
Baina, gainera, Lizardiren «maite hori» sinbolo bat da: baserri kulturaren sinboloa. Hona hemen, Bultzi-leiotik olerkiaren hirugarren orijinaltasuna. Baserria ta baserriko jaun nekazaria oso maite ditu Lizardik («gurazko aberria»), oso maite ditu baserriko euskara ta baserriko kultura.
«Asaba zaarren baratza,
untzadun ormek esia,
eguzkiak leen maitea...
Otzaldi zoro baten itzuli,
yoka nagokik atea».
(Asaba zaarren baratza)
«Eder aunagu, mintzo yoria,
eder, benetan, garoz yantzia:
larre-loretik eztia,
basotik euskal mamia
laister sortzen aal duk, Olerkaria!».
(Eusko bidaztiarena)
«Leiotik, ogei baserri,
mendiaren apaingarri;
zenbait zabal ditun ageri;
zenbait erdika nabari.
Batak besteak adiña
keea guziek urdiña...
Susmo niñan zeru goxoa
keeok ote zen egiña!».
(Etxeko keea)
Hala ere, agur egiten dio trenetik (aurrerapidearen irudi den trenetik) baserri ta baserri kulturari. Hiri kulturaren sinbolo den «beeko bear goriak» egiten dio bultz, hiri kultura sortzeko gurari biziak darama, gure hizkuntza ta herria ere beste kultura ta herrien pareko goimailan jartzeko.
«Nire Tabor mendi; nire
baratz zaarraren antzalde!,
egi, mami, biur adi:
leenaren muñak aldatu beza
baratz marra baratz berri!».
(Asaba zaarren baratza)
«Iri nagusi, giza-erlauntza:
zorapenezko aruntz-onuntza,
sumabearra, yakintza,
sal-eros ekurugaitza,
gure elkar-indarrak itzuli bitza!
Ortzi oro ta egute oro
yaso, ikus-ala, ta abes gozoro...
Apaindu zernaitarako;
agi gai adirazteko
gizaki guzien alderdi ta asmo.
Ta, beeko gaiok agor-ezkeroz,
Iguzkik ezin urtuzko egoz
(Ikar-ek ez bezelakoz)
goazeman zerura igoz,
izar urdiñetarañoko asmoz!».
(Eusko bidaztiarena)
Larre hizkuntza bakarrik zen euskara, kale hizkuntza (hizkuntza kulto) bihurtu nahi zuen Lizardik, larre kultura bakarrik zen euskal kultura kale kultura ere izan zedin.
Orain egiten ari garen hiriko hizkuntza, hiriko kultura, sortu nahi izan zuen Lizardik duela berrogei ta hamar urte. Horrexegatik dute bere olerkiak, beste balioez gainera, betiko gaurkotasun bat.
Eta konparabidez olerkiaren itxurazko gaia ta barneko gaia azaldu ondoren, goazen orain olerkiaren egitura aztertzera. Ba du orijinaltasunik asko, hontan ene, Bultzi-leiotik poemak.
Lehenengo ta behin, Oihenartek bere maiteari egindako poema batean agertzen diren antzeko ahapaldiz josten du Lizardik olerkia.
«Margarita,
ba daidita
ote huts zin egitez
begiz urdin
bezain gordin
zarela zur'egitez?».
Baina moztu egiten ditu. Hain zuzen ene, Oihenarteren ahapaldiak 4-4-7-4-4-7 silabako bertsoz hornituak daude; Lizardirenak, ordea, 4-7-4-7 silabako bertsoz, trenaren ritmoaren gisako arintasun eta bizkortasun higidura berri bat sortuz.
Zergatik jarri ote ditu Lizardik zazpi ahapaldi bere poeman, trenaren zazpi bagoi bezala? Sinbolisten eraginez jarririko Euskal Herriaren («Zazpiak bat») sinbolo bat ote da? Ez dakit. Dena dela, bere adiskide kutun eta bultzatzaile izan zuen Orixeren Euskaldunak poemako bertso batean agertzen denez:
«Zazpi aizparen gai dan oiala
ebakirikan erditik,
alde batera iru soiñeko,
utzirikan lau bestetik.
Guraiziakin bereizi arren,
bakoitza bere aldetik,
ezagutzen da jantzi dirala
zazpiak oial batekin».
eta Lizardiren Biotz-begietan bertan agertzen denez:
«Bai bainun amona xaar bat
zazpi begiko baratzai».
zazpi ahizpak Euskal Herriko zazpi probintziak dira eta zazpi begiko amona xahar baratz-zaina, Euskal Herria.
Treneko ikuspegitik ikusten duen kuadruaren lekutzea baino besterik ez da lehenbiziko ahapaldia, maitasun sentimenduz lekutzea, bere lurrean eta goizean.
«Oi, lur, oi lur!
Oi, ene lur nerea...!
Oi, goiz eme,
parre gozoz ernea...!».
Bigarren eta hirugarren ahapaldietan, lurrean eta goizean ikusten duena pintatzen du. Baina inpresionisten erara: bere barne-sentimenduen eraginez, dibujo zehatzik gabe («oro laño/mee batek estalia»), kolore mantxak multzokatuz («arto musker», «ale gorriz», «urrez oro»), izadia paisajetuz, paisajea asmatuz.
Laugarren ahapaldian, kuadruaren erdi-erdian, lurraren jauna, baserritar bat (barne-inpresiozko pintzeladaz beti) pintatzen du («Nekazari, /gizandi bat iduri»). Eta bosgarren ahapaldian, baserritarraren bazterrean eta kuadruaren bazterrean (Lizardik maite duen baserri kulturazko «gurazko aberriaren» ondoan), bera daraman trena ta bera jartzen ditu, trena ta olerkaria bera ere paisajeratuz.
«Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
(ta bertan ni) bultzia...».
Zoro ta arin doa trena... Osotu duela dirudi Lizardik kuadrua. Eta baserriminezko bihozkadaz ematen dizkio, seigarren ahapaldian, azkenengo ikutuak.
«Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea...!».
Bai, egina da kuadrua. Baina aurrera ta aurrera doan tren ibiltarian sartu denez gero, aldatu egin zaio paisajea ta kuadru berri bat egiten hasi behar «beeko bear gorian» kale artean, goimailako kulturaren ametsetan.
Zazpigarren ahapaldia da bigarren kuadru horren hasiera edo, hobeki esanda, lehenbiziko kuadruaren hedadura (Bultzi-leiotik bera gure herri poesiatik poesia kultora egin den hedadura izan den legez). Eta hedadura horren hasiera adierazteko, kolore hutsunetxo bat du kuadruak bere ertz aldean («Bañan... ezin»), hau da, eten egiten du Lizardik poemaren ritmoa, trenbidea aldatzerakoan trenaren ritmoa eten egiten den antzera.
«Bañan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur,
soro, sagar, mendiak...!».
Adierazpide aldetik, azkenez, aitzindari jakintsu dugu Lizardi euskal letretan.
Lehenengo ta bat, behin eta berriz jartzen ditu etendura puntuak, esatekoa erdi-adieraziz sakonkiago esateko, irakurleak ere parte hartu dezan poeman, poema berreginez. Hau ere inpresionisten jokera dela esan behar. Hain zuzen ere, inpresionisten urruneko ikusmiratik ez du Lizardik gauzen inguruko ertz zehatzik ikusten, kolore masak baizik. «El punto de vista se ha retraído, se ha alejado del objeto, y de la visión próxima hemos pasado a la visión lejana, que, en rigor, es aún más próxima que aquélla. Entre los cuerpos y la pupila se intercala el objeto más inmediato: el hueco, el aire. Flotando en el aire, convertidas en gases cromáticos, en flámulas informes, en puros reflejos, las cosas han perdido su solidez y su dintorno. El pintor ha echado su cabeza atrás, ha entornado los párpados, entre ellos ha triturado la forma propia de cada objeto, reduciéndolo a moléculas de luz, a puras chispas de color. En cambio, su cuadro puede ser mirado desde un solo punto de vista, en totalidad y de un golpe. La visión próxima disocia, analiza, distingue es feudal. La visión lejana sintetiza, funde, confunde es democrática. El punto de vista se vuelve sinopsis. La pintura de bulto se ha convertido definitivamente en pintura de hueco». (J. Ortega y Gasset, Sobre el punto de vista en las artes en La deshumanización del arte, 5.ª edi., Madrid, 1958, 187. orr.).
Modernisten eta 27.eko belaunaldikoen gogoko ziren sinestesiazko izenlagunak erabiltzen ditu Lizardik ere (euskaraz oraintsura arte oso gutxitan erabili izan direnak), hau da, barne-sentimenduen eraginez deslekuturiko izenlagunak. Esate baterako, «pertsona etsia» jarri beharrean «min etsia» jartzen du Lizardik (berez, izatez, minak sentimendurik izan ez arren, gizon minduak baino), eta pertsona etsiaren mina «min etsia» dela iruditzen zaiolako jartzen du horrela; «bekaitza duen gizon zimela» esan beharrean «bekaitz zimela» esaten duenean, izenlaguna deslekutu egiten du bere barne-inpresioaren eraginez (berez, izatez, bekaitza ez baita ez zimela, ez guria, ez gordina, ez hezea). Adierazpide berezi hauek aparteko indar ta edertasun berri bat ematen die adierazpenari.
Bultzi-leiotik olerkian, «goiz eme», «parre gozo», «arto musker» ta «bear gori» maisukiro ta ederkiro sinestesiaz deslekuturiko izenlagunak ditugu.
Anaforak (errepetizioak) ere oso gogoko ditu Lizardik expresiobide legez.
«Gau luzea, gau latza,
gau izar gabea».
(Euskal pizkundea)
«Oi, udaberri goizez
mendiaren gallurra...!
Oi, aren ametsezko
zorakortasuna...!
Zein ezkutuzko indarrez,
zein atsenden-egarriz,
zein gorago-yoranez
narakark igana...?».
(Mendi-gaña)
Bultzi-leiotik olerkiaren lehenengo ahapaldia (eta azken aurrekoan ere anafora berdina darabil) anaforaz josita dago. Eta bigarren bertsoan («Oi, ene lur nerea»), Lizardik bere lurrari dion maitasun sutsua adierazteko, anafora, hiperbaton eta pleonasmo adierazkorra multzokatzen ditu.
«Oi, lur, oi, lur!
Oi, ene lur nerea...!
Oi goiz eme,
parre gozoz ernea...!».
Hirugarren ahapaldian, adierazpide berri indartsu bat ezarriz, anafora ta kiasmo (gramatika egituren gurutzadura) elkartu egiten ditu.
«oro laño
mee batek estalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia...».
Etendura gabeko bertso-elkarketak ere (encabalgamiento, enjambelment) egiten ditu Lizardik higidurari iraunarazteko (elkarketa suabea) edo higiduraren etendura hobeto adierazteko (bapateko elkarketa). Hona hemen, Bultzi-leiotik hartuta, elkarketa mueta biak. Lehenengo zati biak elkarketa suabearen adibideak dira eta hirugarrena bapateko elkarketarena.
«ale gorriz
abailduta sagarrak».
«oro laño
mee batek estalia».
«beeko bear goriak
narama...».
Aditz-erak ere adierazpide bihurtzen ditu Lizardik batzutan. Asaba zaarren baratza olerkian, adibidez, «nor zara zu?»-ren ordez «nor zaitut?» jartzen du, zaitut hori hitz adierazkor bihurtuz, hau da, maitasunezko hurbiltasun eta xamurtasun amoltsu bat adierazteko erabiliz. Aztertzen ari garen olerki hontan ere ez du «banintz zerea» jarri «baninduzu zerea» baino, aditz-era hori adierazkor bihurturik eta lurra pertsonalizatuago eginik.
Rima aldetik, rima osoa darabil (nerea / ernea; zaarrak / sagarrak; estalia / yantzia; iduri / zuri; aberria / bultzia; zerea / asea; goriak / mendiak). Egokiro aukeratua da bere erraztasunean. Hirugarren ahapaldiak rima doblea du.
Bere olerkietan sarritan agertzen diren hitzak aukeratu ditu Bultzi-leiotik olerkirako ere (gero behin eta berriz poesi mailan erabili izan direnak): eme, musker, urre, oro...
«Iñoren itz emeak
entzuten ago,
geldi-geldirik eta
bular eztian baño
pozago...?».
(Xabiertxoren eriotza)
«Beste erpin musker bat or baita agiri,
maldan gora zaizka zuaitzak geldi».
(Baso itzal)
«Gure inguru lurra lurrun-yario,
urre urtuzko yasak baitaragio».
(Baso itzal)
«Ortzi oro ta egute oro
yaso, ikus-ala, ta abes gozoro...».
(Eusko bidaztiarena)
Horra hor, ba, Lizardi, euskal lirikaren ezaugarri. Irakur ezazu berriz, astiro astiro, Bultzi-leiotik eta Lizardiren trenean aurkituko zara zu ere.
«Xabier Lizardiren poesia ez da pasako. Gaurko egoeran, eta ur nahasi hauen erdian pixka bat ilundurik badago ere, urte guti barru, eta beti aitortu zaizkion merezimenduen neurrian, sekula baino indartsuago berbiztuko da. Lizardiren poesiari denboraren perspektiba guztiz onuragarri izango zaio; denborak, pasio politiko eta nahasmendu harrigarri asko desegin eta urratu egingo baitu, eta Lizardiren benetako balio poetikoak ur-gainera agerreraziko. Lizardi ez dute, ez, irakurtzen ez duten intzentsulariek edo lurperatu nahi luketen banpiroek, ez jainkotuko, ez desegingo. Lizardi, guretzat eta euskal kulturarentzat zorionez, ziztrilkeria horiek zipriztindu ez dezaketen gailur batetan baitago: poesiaren gailurrean, hain zuzen». (X. Lete, Xabier Lizardi edo poesia gailen, Xabier Lizardi, olerkari eta prosista liburuan, Oinati (Gipuzkoa), 1974, 43. orr.).
Niretzat, behinik behin, hortze zaude, Lizardi: poesiaren gailurrean. Eta delarik
«Hitz neurtuen txalet,
hotsen musika
ta ritmoaren balet
zure lirika...,
zurekin ari naiz
amets hegaran,
zure udaberriz
nire udaran.
Edermin gogoa,
begiak ernai
ta gure txokoa
zure eder gai....
zurekin ari naiz
amets hegaran,
zure udaberriz
nire udaran.
Zure idatz aro
garbi itoak
zuregan oparo
frutu gozoak...,
zurekin ari naiz
amets hegaran,
zure udaberriz
nire udaran.
Eguzki barnekoi
laino herioz
ta ederlanen goi
ondorengo poz...,
zurekin ari naiz
amets hegaran,
zure udaberriz
nire udaran.
Bihotz begietan
asaben herri,
lorategietan
arnasa berri...,
zurekin ari naiz
amets hegaran,
zure udaberriz
nire udaran.
Poeten eredu
zure gaitasun,
hilezkorren dedu
zure zutasun...,
zurekin ari naiz
amets hegaran,
zure udaberriz
nire udaran». [8]
[1] Lizardi, Biotz-begbetan, 3. arg., Zarautz (Gipuzkoa), 1970, 166. orr.
[2] Lizardi, Biotz-begietan, Zarautz (Gipuzkoa), 3. arg., 1970, 94. orr.
[3] Paul Verlaine, Poesía completa, tomo 1 / Edición bilingue, Barcelona, 1975, 156. orr.
[4] Ramón de Campoamor, El tren expreso en Los 25.000 mejores versos de la lengua castellana, Madrid, 1963, 333. orr.
[5] Juan Ramón Jiménez en la antología poética seleccionada por Gerardo Diego Poesía española contemporánea (1901-1934), Madrid, 1974, pág. 589.
[6] Azorín, El paisaje de España visto por las españoles, 4° ed., Buenos Aires, 1953, 27. orr.
[7] Ikus, adibidez, euskaraz. Txillardegi, Leturia-ren egunkari ezkutua, Bilbao, 1957, 111-112. orrialdeetan eta Gorka Trintxerpe, Zorion baten zainak, Bilbao, 1972, 82-84. orrialdeetan.
[8] M. Zarate, Higidura berdez, San Sebastián, 1977, 34. orr.
© Mikel Zarate