A. Lasa ta «belaunaldi errearen» erlijio giroa
Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz.
Atzo,
zeruko jaungoikoa ukatzen nuen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko jaungoikoa ukatzen dut.
Dotrina guztien aurka altxatzzn naiz.
Atzo,
zeruko pekataria nintzen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko pekataria naiz.
Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz. [1]
«Jaungoiko guztiak ukatzen dituen / emakume bat naiz». Harrigarria benetan fededun eta jainkozale izan ohi diren euskaldun emakumeetariko batek (hamazortzi urteko neska batek) idatziriko baiezpen nabarmen hau! Izan ere, ez dut uste horrelakorik inoiz idatzi izan denik orain arte (1965. urtean gaude) euskal literaturan.
Euskal literaturaren haurtzaroko Etxepareren guraria («Euskara, / habil mundu guztia») egia bihurtu da, baina alderanzturik, aldrebesturik, mundu guztia etorri baita, bat batean, euskarara, Euskal Herrira. Eta euskaldun fededunen ohiturazko erlijio giro sendoa eten egin da kanpoko haizetan arnasa hartu duen gizaldi berriaren ezinegonezko kezka garrasitsuan.
Hizkuntza giroaren etenaren parean egin da erlijio giroaren etena ere. Bateratsu ta berdintsu egin dira: «belaunaldi erreak» berak egin baititu biak.
«Askotan esan da gure hazaldiagatik, "belaunaldi galdua" dela, "belaunaldi errea". Oker ez banago, Rikardo zenaren esaldiak ditugu. Ni neu ere sinestuta nago halaxe garela. Gure aurretik bada belaunaldi bat, ajerik asko aurkitzen badiogu ere, gu baino askoz naturalkiago euskaldun izan dena, euskaldungoan sustraituago. Gure ondoren berriz ere beste halakoxe bat datorkeen esperantza dugu. Gu bien bitartean gaude, sustrairik gabe, euskaldun garen ebidentzia galduta, euskaldun garela nekez deskubritu behar izanda, gure euskalduntasuna dolorez landu beharrean, dakizun situazioaren umeak beti ere, ahaleginak egin arren. Sustraigabeko arbola zaingabeak, situazio malkarrean hazita, laihotzetan, ezin fruitu mardulik eman. Irautea ez da guti. Gure zeregina lurra lantzea eta hazi berria ereitea da, ondorengo altxumak sendo hazi eta fruitu hoberik eman ahal dezan. Edo zubi egitea gure aurrekoen eta ondokoen artean». (J. Azurmendi, Zer dugu Orixeren kontra, Oñati (Gipuzkoa), 1976, 17. orr.).
Azurmendik euskaldun edo euskalduntasun-ari buruz esandakoa bera esan genezake fededun (edo kristau) ta kristautasun-ari buruz ere, hark hitz haiek jarri dituen lekuan hitz hauek jarri ondoren.
Sustrairik gabe, gurasorik gabe jaio da belaunaldi berri hau eta, Amaia Lasak berak dioskunez, «etxeko lau horma ustel artean» (diktadurapeko erlijio ta politika giro triunfalistaren fariseokerian), eta bakardade leherkorraren «haitzaren zuloan bakarrik datza», seigarren mandamenduaren lozorrotan (mandamendurik garrantzitsuena berori balitz bezala) eta segurantzazko itomenean (abstrakziozko emakumetasun eta amatasunaren segurantzazko itomenean, Amaiaren kasuan)
Inork ez du mutikoaren haize mingotsa laztandu,
itsasoa bera ere maria behera urrunduz joan da.
Mutikoak ba du ama, aita ere,
bainan mutikoa haitzaren zuloan bakarrik datza.
Haurtzaroan gauza gaizto bat bezala
erabili zuen;
haiek zikina zela zioten
eta betiko lotarazi zuen,
zenik ere ez jakiteko.
Mari Sorginaren emetasunak
urte luzeak lozorroan zeramazkien,
gorputzak mogimendu gabeko aide triste bat dantzatzen zuen
hoztasun urdinean.
Emakumetasunean,
amatasunean
galduak,
libertatearen ordez
segurantzari helduak.
Ez emakume
ez ama
ez eme
ezin izanik,
igarotzen genituen
geure egunak.
Grina guztiak hilak ziren
eta sentimenduak zapalduak.
Nere garaiko gizartearen zentzua,
zentzurik gabeko zentzua,
odolezko hibaiek biztuko duten zentzu galdua.
Baina «gazte gera, gazte, ta ez gaude konforme» belaunaldi berriak ezin du, inola ere, itokeria hori onartu, erdal kutsuzko erlijio ta politika giro zapaltzaile hori onartu. Ta gerratea ezagutu dutenen beldur isil itoa lehertu egiten da gerratea ezagutu ez dutenen ezinegonaren irakinean, giro berri baten gurari biziz.
Nereak ez diren
lurralde hauetatik
ihes egin nahi nuke.
Nereak ez diren ur hauek
alde batera
utzi egin behar ditut.
Haitz sendoaren biribiltasunean
nere bizitzaren hitza
lortu nahi nuke.
Biribiltasunean
sendotasunean
haitzaren gainean
a
e
i
o
u
berri bat esan nahi nuke.
Higuina ematen dion giro batean bizi den gazteriak aeiou berri bat egin nahi du, gazte ausarten gehiegikeria ta kontrakeria amorratuz.
Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz.
Doctrina guztien aurka altxatzen naiz.
«Hoy nace un hombre nuevo, obrero de su propio destino, que hace lo verdadero en su lucha con la naturaleza como en sus relaciones con los otros hombres, que ya no busca garantías en una divinidad porque no quiere otro fiador que él mismo, y que tal vez no crea ya en la idea de Dios muy simplemente porque ya casi no cree en las ideas. La significación precisa del ateísmo moderno, bajo sus mil rostros, consiste en abandonar el cielo de las ideas por la tierra de los hombres». (J. Lacroix, Sentido y valor del ateísmo contemporáneo en Mundo moderno y sentido de Dios, Madrid, 1947, pág. 74).
Sineskeriazko sineskizun eta guzti, gauza gehiegi sinestarazi diote, beharbada, gazteriari, ideia gehiegi (Kristo ez zen ideietan egoteko etorri, gizonen artean egoteko baino), erlijiozko ta politikazko dotrina gehiegi ta egintza gutxiegi, eta egiaren eta gezurraren nahasi-mahasian, ez du ia ezer sinesten, ez dio ia inori ezer sinesten. Baina ameslari ta abeslari, aeiou berri bat egiten hasten da indarkeriaren eta gogorkeriaren menpeko irautza latz eta estuan.
Ez, ez dut nahi, ez, ez, ez,
ez holako zibilizaziorik.
Eta euskal poetisaren hitzak euskal profetisaren hitz bihurtzen direlarik, «odolezko hibaiez» (estualdi ta larrialdi gorriz, zauriz, heriotzaz...) «piztutzen dute gizartearen zentzu galdua» belaunaldi berriko gazteok, zahar kutsua duen guztia apurtu, erre, hondatu ta suntsitu gurarik, eta heuretariko batzuk ere deslilura ta arrabiozko berriztatze hortan erre ta galduz Euskal Herri berri baten oinarri dardartietan.
Uhinak hondar tristean
ahantzi duten txirla baino tristeago.
Ez dakit nun dudan galdu
fede gozo haren gozoa,
ez dakit nun dudan galdu.
Ai, umetako fedearen
sinismen bigun haren misterioa...
Jaurtitzen zaitudan fede,
amagandiko arnas triste,
adio betiko.
Zurekin bizi naiz triste,
areago menturaz zu gabe!
Adio betiko, fede adiskide.
(J. Azurmendi)
Amaia Lasaren poesia, belaunaldi berriaren ahalegin eta iraultza hortan irakurri ta aztertu behar da. Eta, gainera, 1965. urteko mojen ikastetxe batzutako giroan (hamar urtetan egon bait zen mojen artean) aztertu behar dira Amaiaren izkribuak, Simone de Beauvoir-en izkribuen antzera. «El Dios de Simone de Beauvoir no es, generalmente, más que el itinerario de su huida de un mundo que la agobia con su estupidez. Cuando la jovencita "formal, dichosa, y discretamente arrogante" está harta de los tabúes sociales y familiares, cuando se siente abrumada por el vacío de la enseñanza que recibe, se venga por medio de Dios, se busca en El. He aquí la causa de que Dios esté "fuera del mundo" y sea un tanto irreal, distinto del "relojero celeste" y, a la vez, del Dios conservador de los valores burgueses, que ella rechaza con todas sus fuerzas». (Ch. Moeller, Literatura del siglo XX y Cristianismo, V, Amores humanos, Madrid, 1975, pág. 197).
Beste guztioi ematen dizkigun bezala ta belaunaldi berri horren giro berezian, hiru musturreko eman dizkio jadanik Amaiari bizitzak: 1) Eguberrietako erregerik ez dago, 2 ) haur berriak ez dira Parisen sortzen, eta 3) bizitzaren zentzuaren galdera, hau da, «zein da nire bizitzaren zentzua?». Hirugarren musturreko honen minez eta erneguz ari da idazten, neskatilatasunaren biziegarri ta bizipozak eraginda ta erantzun pozgarririk ezin aurkiturik.
Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz.
Atzo
zeruko jaungoikoa ukatzen nuen,
gero
infernukoa, eta
gaur,
lurreko jaungoikoa ukatzen dut.
Unamunok esana datorkit gogora: «Los que reniegan de Dios es por desesperación de no encontrarlo». Eta gehienetan, esango nuke nik, ez dute Jainkoa ukatzen beste jainko batzuk baizik, eta ukapen hau beharrezkoa dela uste dut. Hain zuzen ere, benetako Jainko ez diren jainko asko «hartu» dituenak (eta guztiok hartu ditugu, asko edo gutxi), ukatu egin behar ditu sasijainkook: itxurakeria hutsezko katoliko desgizatuen jainkoa, giza-itxurako jainko zahar bizartsu konsolatzailea, jainko suminkor zigortzailea: agintari ta aberatsen lagun den jainkoa, jainko erlojerua, jainko farmazeutikoa, bere zeruan urruti bizi den jainkoa...
Etxeruntz nijoela
pentsatutzen nuan:
Jainkoa ez da bizi
gizonen onduan,
urruti zegok ura
han bere zeruan,
gu bakarrik utzirik
umezurtz munduan!
(X. Lete)
«Uno de los principales oficios del ateísmo, tanto en el individuo como en la humanidad, es el de desantropomorfizar regresivamente nuestra concepción de Dios, el de negar una orma de Dios que permitirá después elevarse a una forma más alta». (J. Lacroix, O. c., pág. 53).
Horrela, benetako Jainkoarenganako askatasunezko bidea garbi eta zabalik dago, ta san Agustinen «melius scitur Deus nesciendo» (hobeki ezagutzen da Jainkoa desezagutuz) egia bihurtzen da, ta san Pauloren «Deo ignoto» (Jainko ezezaguna) Jainko ezagun bilakatzen: «Atenatarrak, arras jainkozale ikusten zaituztet. Hortik nenbilelarik, zuen tenplo ta jainko imaginei begira, aldare bat aurkitu dut hitz hauekin: "Jainko ezezagunari". Hona hemen, ba, ni, ezagutu gabe adoratzen duzuen horren berri ematera etorria. Lur osoa eta han diren gauza guztiak egin dituen Jainkoa, zeru-lurren Jauna izanik, ez da eskuz egindako etxeetan bizi. Ez da gizon eskuz zerbitzatzen, deusen beharrik balu bezala, berak baitiote guziei ematen hatsa eta gainerakoak oro. Harek atera du batengandik gizadi osoa, lur osoan bizi dadin, guztiei noiz eta non bizi finkatuz, guztiak Jainkoaren bila ibil daitezen, ea itsuka bederen aurkitzen duten, ez baitago gutariko bakoitzarengandik urrun. Haren baitan dugu, izan ere, bizitze, ibiltze eta izate. Zuen olerkari batzuek esan duten bezala: "Haren arrazakoak gara"». (Apostoluen Eginak, 17, 22-28).
Olerki hau idazterakoan, atenatarren antzera dago Amaia Jainko ezezagunaren ezaguerako atarian neskatila samindubaten hasperenez («ukatzen ditut», «aurka altxatzen naiz»), eta (kristau askoren tradizionalkeria geldiaren giroa eztenkadaz urratuz) benetako bidetik doa benetako Jainkoaren bila. Izan ere, eskolastikoek esaten zutenez «si apprehendis non este Deus» (aditzen baduzu, ez da Jainkoa). Baina benetako bidetik joan arren, biderdian geldiaren da. «¿No es religioso preferir no tener Dios que tener un Dios injusto? ¿No es anhelo religioso decepcionado el que habla en el apasionamiento de esa negación? La incapacidad para superar estos puntos inciertos obedece a la pobreza de la vida sentimental; pero también al desamparo del alma, que queda sola en la lucha de las concepciones. Un ánimo sencillo, cuyas más fuertes impresiones son las recibidas en la lucha, por la vida, no puede trascender de esos puntos. Espera auxilio de Dios directamente y lo espera justamente en esta necesidad presente. Esto no es falta de religión, sino una religiosidad bien fundada; sólo que es una religión primitiva que se atiene literalmente y externamente a la palabra: "Llámame en la necesidad, que yo te salvaré"». (E. Spranger, Psicología de la edad juvenil, 8. ed., Madrid, 1966, página 356.) Eta, jakina, «el hombre sin Dios está inseguro en el universo» (X. Zubiri ) eta «hutsunean igeri dabilen emakume bat» da Amaia.
Paraleloki jarritako hiru zutaberen gainean dago olerki guztia.
Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz.
Dotrina guztien aurka altxatzen naiz.
Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz.
Poetisaren bizitzako bibentziak dira hiru zutabeok: 1) Jainko guztiak ukatzen ditut, 2) Jainkoei buruz dauden dotrina guztien kontra nago, eta 3) nire bizitzan orain arte izan ditudan oinarriak suntsitu ondoren, hutsunean nabil oinarririk gabe.
Puntu hontara heldu garenez gero, oso interesgarria litzateke Amaiaren haurtzaroa ezagutzea ta olerki hau sikoanalisibidez aztertzea. Eta hau bakarrik ezeze, Amaiaren olerki guztiak. Eta baita belaunaldi berri «errearen» obra guztia ere. Sikoanalisiaren argitan edo ilunetan aztertzea, literatura hori hobeki ezagutzeko argibide bat izango litzatekela uste dut. «Cuando miramos un poema psicoanalíticamente, se le considera como si fuera un sueño o como si algún paciente ideal, tendido en el diván, se hubiera puesto a hablar en pentámetros yámbicos. Pero, como en una explicación corriente, se procede paso a paso. Primero se busca el nivel general o los niveles de la fantasía asociada con el lenguaje. Por nivel entendemos las etapas familiares del desarrollo de la infancia: oral, anal, uterina, fálica o edípica. A primera vista, yo [ ... ]». (Norman N. Holland, El «inconsciente» en la literatura: la crítica psicoanalítica en Crítica contemporánea (obra escrita en colaboración), Madrid, 1974, pág. 163). Baina ni ez naiz nor hortarako ta oraingoz izankizun hutsean geldituko da azterketa hori.
Paraleloki jarririko hiru zutaberen gainean oinarriturik dagoela olerki hau esan dugu. Hiru zutabe horien bitarteko azalpen bezala ahapaldi bi jarri ditu Amaiak, paraleloki hauek ere ta mailaka josiak bere fede galtzearen prozeso-adierazpen bezala (atzo, gero, gaur; zeru, infernu, lur; jaungoikoa, pekataria; nuen, dut; nintzen, naiz).
Hiru zutabeak orainaldian daude (naiz, altxatzen naiz, izaten naiz) orainaldiko bizipenen adierazpen direlako. Erdiko ahapaldi biak, ordea, lehenaldian eta orainaldian daude (nuen, dut; nintzen, naiz), Amaiaren bizitzaren historiari dagokionez, eta bere edukatzaileen ekin mailukarian behin eta berriz entzun dituen hitzekin lotzen ditu aditzok (jaungoikoa, zeru, infernu, pekatari).
Atzo, gero ta gaur hitzek, semantika hedadurarengatik, denbora konnotazio berezia dute, ta lehenago, geroago ta aspaldion hitzen esanahia dute hemen.
Emakume kontzientzia duela adieraziz, emakume hitzarekin hasi ta bukatu du Amaiak bere olerkia, emakumeak ere belaunaldi berriaren mogimendu ta literaturan sartuz erdiminetan dagoen gure munduaren barnean.
Amaiera legez, gogoko dudan belaunaldi berriko poetei maitasun higiduraz egin nien olerki bat.
Uhain berri etsipendua
Olerki berriaren
tristura
nire bihotzaren
mindura.
«Nire lurra, nire anaiak,
amesak nireak. Urteen zalapartan
orok galdu zuen
niretasunaren poza».
«Jaungoiko guztiak ukatzen dituen
emakume bat naiz».
«Aski dut gaurkotz letani latza:
bibotz mindurak eragindako
lelo garratza».
«Itsas-ontzi aintzinako kobrearen metal zaharrak
ez du ene itxura tristearen tristura
eta plaia-hondar-hustuak udazkenean
ez du ene etsipenaren zapore garratza».
«Ez aingeruk eta ez arranok
hemen ez du jadanik
egitekorik ezer».
«Hil zaigu dena,
eta poetak
uste
du
ezerk ez duela ezer balio».
«Oi gure denbora hunen desolamendua!».
...eta beste mila
kinka hots,
poeten
makila
kaden
ta mingots.
Erdiminetan dagoen
munduaren
garraisiak
eta antsiak.
Kontzientziaren,
kontzientzipearen
ta kontzientziezaren
higiduraz
ta etsipenaren
kutsaduraz
sortuak.
Beranduko existentzialismoaren
kantuak.
Euskal izate zapalduaren
oramahaian,
estuaren
estuan,
oratuak.
Euskalkeriaren
aurka
mailuka
landuak.
Erlijiokeriaren
saminez
suminez
piztuak...
Gure olerki berria:
etsipenaren odol goitik larria.
Baina badute,
hala ere,
gure poetek,
luma amorratuaz
eta tinta garraztuaz
idazten
duten
profetek,
badute,
antza,
zerbaiten esperantza,
idazten
jarraitzen
baitute.
Olerki berriaren
tristura
nire bihotzaren
mindura. [2]
[1] Mikel Lasa eta Amaia Lasa-ren Poema Bilduma, Donostia, 1871, 21-22. orr.
[2] M. Zarate, Higidura Berdez, San Sebastián, 1977, 37. orr.
© Mikel Zarate