Bertso paperak
Paper zuri, gorri, berde, horiak,
berriketarien kantu pozetan
merkatu, feria eta jaietan
eskurik eskura erabiliak;
euskaldunen lehen aldizkariak,
bizitzako joan-etorrietan
gazte ta zaharren patrikeretan
tolesturaz eta koipez josiak;
bertso-paper zahar hegalariak,
gure lehenaren arnas gordailu,
giza-gertaeren euskal ispilu;
gure herri xehe olerkariak
eskolarik gabe eta aldika
mendez mende egin duen kronika. |
© Mikel Zarate