Itzaurrea

 

                —«Maritxu, nora zoaz, eder galant ori?

                —Iturrira, Bartolo, nai badozu etorri.

                —Iturrian zer dago?

                —Ardautxu zuria, biok edango dogu nai dogun guztia».

 

        Iturrira noa... Baiña zein iturritara?

        Mundu guztiko erririk geienetan, eta gurean bere bai, literatura-iturri bi dagoz: Aoz-aozko iturria ta liburuetako iturria.

        Aoz-aozko iturria, erri-erriaren iturria da, ta erri-literatura deritxogu. Munduko erri guztietan dago iturri ori. Izan bere, ez dago munduan erririk, zelan edo atan, iturri ori sortu ez dauanik. Erri guztietan dago eskolabakoen kultura bat, erri-jakintza bat, aoz-aozko erri-literatura bat. Erri guztietan dago izkuntza bat eta aoz-ao erabilten dira leenagoko jazoerak edo ipuiñak edo kantak; aoz-ao erabilten dira oiturak, siñeskerak eta abar.

        Gaur, jakintsuen artean, geroago ta inportantzia andiagoa emoten jako erri-literatura orreri, erri batek bere izakerea ortxe agertzen ei dau-ta iñon baiño obeto. «Erri-ipuiñak dira literaturaren aurrenengo kimuak, noski. Erri-ipuiñak izan diralako kulturadun izkuntzen literatura oiñarri. Sarri, ipuiñak aski dira erri baten sikolojiaren bereizkuntza egiteko. Beren aberastasunetik neurtu ditzake erri-gogoa» [1].

        Liburuetako iturria bere, erririk geienak sortu dabe. Baiña ez danak. Liburuetako iturria erri-literatura berbera da, baiña landuta, idatzita. Eta idazleen eragiñez sortzen da. Literatur idatziak erri-literaturea batu, osotu, garbitu, indartu, zuzendu ta zaindu egiten dau. Eta bear-bearrezkoa da, erri bat kultura bideetara eroateko. «Idazleek eraman oi dute izkuntza bere umotasunera. Gauza goratuak aisa ta egoki adierazteko trebetasun ta antze ori, berek ematen baitiote izkuntzari» [2].

        Gure euskal-literaturako iturri biak zelakoak dira?

        Gure erri-literatura antxiñakoa, ugaria ta aberatsa da, beste edozein erritan dagoanaren antzekoa; gure erriaren iturria ona da, «ez baita gure erria uste bezin sasi» [3].

        Idazleen iturria, ostera, ez da orren ona; gure euskal-liburuetako iturria, gure literatura idatzia oraintsukoa eta urri samarra da, eta, zoritxarrez, ez dau orren ur ona emoten. Zergaitik? Ofizialki latiña edo erderea erabilli izan diralako beti; ikastola barik, euskaldun geienok euskeraz analfabetoak garalako; euskaldun gitxi eta euskalki asko egon diralako... Eta abar eta abar.

        Dana dala, zerbait ba daukagu. Beste erri batzuen parean kaskar geratu arren, («dauanean dauantxua, ene enetxua»), zerbait ba daukagu. Eta sarritan uste izaten dan baiño ugariagoa ta aberatsagoa da zerbait ori. Izan bere, arrituta gelditzen da bat ikusirik gure euskal-literatura idatzia «bere mear-murritzean ez dela guk uste genduan bezain urria, muga zabalagoak dituela bere ezerezean, eta iñoiz entzun ez genituen aberastasun izkutuak ere bai...; ba dira zenbait eliz-liburu eder, prosaz naiz itz neurtuz, eta, tarteka eta bakanka, eliz-liburuak ez diren irakurgai atsegiñak ere bai: larre-lore ikusgarriak nonnai bezain ugari, bestetan esan dudanez, eta usai oneko landuagoren bat edo beste» [4].

        «Egundo iñungo eskoletan irakatsi ez deuskuen izkuntza zaar onek orrenbeste idazle sortzea, ez ete da arrigarria?» [5].

        Iturrira noa... Baiña zein iturritara?

        Liburuen iturrira noa, bizkaierazko idazleen iturrira; idazle zaarren iturrira, batez bere; bertanbera itxita daukagun iturri ori atondutera, sasiak ebagi, bidea egin ta iturria agirian ipiñirik, gura dauanak ur ederra edan dagian bertatik.

        Bizkaierazko idazleak bakarrik? Bai. Peti «bagendu» ta «balitz» entzuten ia gogaituta nago eta beti egitekotan egonean egon barik, zer edo zer egin egiten alegindu naz [6]. «Abiatu egin bear dogu andik edo emendik, iñorako baldin bagera, lehenbizi edo lehenbizikoaren urrengo zer datorren erabaki arte egonean egon gabe. Onena, beraz, lanean astea genduke zirt edo zart, nork bere deiari erantzunaz, geiegizko buru-austeetan ibilli gabe nola izan bear lukean ezarria balioen zerrenda zeatzak» [7].

        Egin egin bear da. «Balitzko erroteak urunik ez». Eta iru-lauen lana ez da naiko. Guztiok egin bear dogu lan, batez bere ordu larri onetan. Gizon legez, euskaldun legez eta kristiñau legez, guztiok erantzun bear deutsagu geure eginkizunai.

        Abade edo fraile-ikastetxeetarako, Unibersidaderako, eta ikastetxe ta ikastolatarako egin dot, batez bere, liburu au. Moja-ikastetxeen baterako bere bai, bearbada.

        «Onen txikia izan gure auzotxoa, eta, alan bere, zer ete dogu alkar ain gitxi ezagutzeko?» [8]. Alkar ezagutzeko idatzi dot liburu au. Uste dot, liburu au leidu ondoren, gure auzotxoko idazleak ez doguzala ain ezezagunak izango.

        Idazle zaarretatik artu dodazan txatalak, apur bat gaurkotu ta batu egin dodaz ortografia aldetik; bestelan, naaste ikaragarri bat egingo neban-eta [9].

        Beste barik, bada, goazan gure bizkaierazko idazleen iturrira; idazle zaarren iturrira, batez bere. Aintzat artu bearreko iturria dogu, gure Euskalerria, gure historia, gure euskera ta geure buruak ezagutzeko.

        Artu eta edan.

        On egin.

 

        [1] San Martin Juan.

        [2] Aita Villasante. «Eusko Gogoa», 1956.

        [3] Orixe. «Euskaldunak», 23-garren orrialdean.

        [4] Mitxelena Luis. «1545, Bernat Dechepare, olerkiak». Ediciones Edili. San Sebastián. 1968. Itzaurrean, 7-garren orrialdean.

        [5] Etxenagusia Karmelo. «Euskal Idazleen Lorategia», itzaurrean.

        [6] Bizkaikoak ez diran idazle batzuk bere sartu ditut, bizkaieraz idatzi dabelako.

        [7] Mitxelena Luis. O. c. 10-garren orrialdean.

        [8] Akesolo Lino, «Olerti», 1962, 122-garren orrialdean.

        [9] Ortografia aldetik gaurkotzea ez da erreza gaur. Izan bere h dala ta ez dala, aspaldion, sortu dan eztabaideak ez dau azkenik.

        Liburu au egin nebanean (orain urte bi inguru) ez egoan h-ren auzirik. Gaur, ostera, dana da h bai, h ez. Eta idazleen artean sortu dan anarkia oso kaltegarria ta bildurgarria da.

        Literatura-euskeraren batasunari buruz, ba dogu Euskaltzaindiaren agiri bat («Euskera», 1968). Baiña zertarako? Euskaltzaindiko akademikuak eurak bere bananduta dagoz... H-rik ez sartzeko, esan deuste batzuk, Bizkaiko idazleen artean sekula bere ez dala erabilli izan-eta; gaiñera, neure-neureak diran zatiak h-kin eta idazleen txatalak h-barik idaztea naaste ikaragarri bat izango litzakela ta abar. Erdi-bide batetik joateko, esan deuste beste batzuk, h batzuk sartzeko. Euren euskera batuan edo erderaz idazteko bere esan deuste banaka batzuk.

        Zer egin anarkia onetan? Euskaltzaindiaren esanean ibilli nai dot; batasuna gura dot, batasuna, bai, batasuna. Baiña anarkiaren menpean bizi nazan artean, leengoa baiño oberik agertzen ez dan bitartean, leengoari jarraitzera noa, leenari begira geroari ekiteko. Etxe barri bat egiten diardugu, baiña zaarrean bizi gara oraindiño. Ez daigun, bada, etxe zaarra apurtu, bota, barria eta obea egin baiño leen; bestelan, etxe barik gelditu geintekez.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia