Basterretxea Agustin
1700-1761
Lekeition (edo Izpasterren) jaio zan. Eta 16 urtegaz jesuita sartu zan. 34 urtegaz egin zan jesuita. Eta, gero, Orduña ta Lekeitioko Ikastetxeko Erretore izan zan. Misiolari bere izan genduan gaiñera.
Iru idazlan egin ebazan euskeraz:
1) «Jesukristo gure Jaunaren Pasinoia euskerazko bertsoetan». 61 bat bertso dira eta, oraintsurarte, ondo ezagutzen izan ditu gure erriak, Aste Santuan abestuten izan diralako. Bai bizkaieraz eta bai gipuzkoeraz, sarri askotan argitaratu dira.
2) «Gizonaren akabuko lau gauzak».
3) «Anima penitente baten negarrak».
Bai gai aldetik eta bai euskera aldetik, interesgarriak doguz aita Basterretxearen idazlanak; interesgarriak gure antxiñakoen erlejiño ta euskera ezagutzeko.
1
Jesukristori kendu ezkero
pekatuagaz bizitza,
baldin ezpadot negar egiten,
arrizkoa dot biotza.
Guztiok lagun
kantadu daigun
bere penazko eriotza.
2
Mundua baiño askoz lenago
señalauriko eguna
eldu izan zan obretarako
gizonaren osasuna.
Argia bera
alde batera,
besteti egun illuna.
3
Eguen santu, afal ondoan,
bere lagun zituzala
Jesusek iru diszipuluak,
berba egin eutsen onela:
Triste nago ta
lo ori bota,
egizue emen gaubela.
4
Getsemaniko ortu santuan
auzpez lurrean jarririk,
esketan eutsen, librau leiala,
Aitari, kaliza atarik.
Jesus penatzen,
odolez urtzen,
eta ez dot nik negarrik?
5
Izerdi otza arpegian ta
biotza penen artean.
Triste arimea, gorputza larri,
agoniako trantzean.
Baiña, alan bere,
egoan firme
Aitaren borondatean.
6
Judeguak Judas lagun arturik
etorri zirean itantzen:
«Nazarenua deritxon Jesus
emen ete da aurkitzen?»
Judas, orduan,
bake moduan,
doa mosua bat emoten.
7
O zeinbat dira Judasen legez
Kristoren adiskideak:
Kanpoti lastan, barruti saldu,
ausirik bere legeak!
Kristiñau faltso,
arima gesto,
pekatari traidoreak [1].
[1] Olaetxearen dotriñatik artuta.
© Mikel Zarate