Mogel Juan Antonio

1745-1804

 

        Nor zan

        Markiñako mediku baten semea izan zan Mogel Juan Antonio. Bere aitaren aldeko aurretikoak erriojatarrak izan ziran.

        Jaio Eibarren jaio zan, bere aita ango mediku izan zala. Baiña amaika urtetik asita, gaiñerako urterik geienak, Markiñan edo Markiña aldean emon ebazan gure Mogelek.

        Bere aita ezeze, bere aitaita be medikua izan zan. Berak, ostera, abadetzarako bidea artu eban.

        Abade noz egin zan ez dakigu. Baiña 1770-garren urtean, beiñik-bein, Markiñan bertan dago abade. Gero, andik bost urtera, Etxebarriako San Andresera doa. Eta antxe amairu urte egin ondoren, Markiñara dator barriro eta Xemeingo parrokua izango da amasei urtean, il arte [1].

        Gorengo maillakoa etzan izan baiña, bere denporako izkuntzalari nagusienen artean egoan [2].

        Euskal-iberismuaren aldekoa zan. Bere ustez, «euskerea zan antxiñako España guztiko berbeetea. Euskereak ez dauka, ezagututen direan beste berbeetakaz alkartasunik. Euskereak daukaz txito antxiñakoa dalako usain ta siñisgarri asko ta gauza askotan» [3].

        Apartekoa izan zan Mogel izkuntzalari legez. Orduko beste askoren aldean zuurra, zentzunduna ta apala izan zan. «Bakotxak gorde bear dau bere tokia, ta ez agertu eragin, soñekoz edo aoz, eztana. Ez dozu iñoz entzun euskera asko esangurako au: Maria bitxigiña, sua da ogigiña? Eta beste oneek: Zulo bakotxari laakoa; aziak berea kirtena, ez dau gizonak izan bear urtena?» [4].

        «Ez dozu uste izan bear Bizkaiti kanpora ez dagoala gauza onik; arrotz ta erbestekoak makal, baldan, baldres, motz, oker, zital, asto ta dongaak direala. Errikoiegia danak begi itsuak eukiko ditu; beintzat bai erdi geundu ta leusotuak» [5].

        Baiña izkuntzalari legez baiño euskal-idazle legez dogu, batez bere, apartekoa. Ontan, bai, ba da, benetan, bana-banakoa. Eta onexegaitik egin da egin bere ospetsu.

        «Basarteko Ikastetxe Nagusian» ikasi eban euskera Mogelek; baserritarrak izan ziran gure Maisuaren maisuak; baserritarrak izan ziran berak irakurri ebazan «liburu biziak».

        Zergaitik joan zan «Basartera» euskera ikasten? Berak erantzungo deusku:

        «Bati baño geiagori entzun deutsat, baserritarretan dagoala euskera garbia; Gaztelan izan gareanok ta uri barruetakoak erdera askogaz nastetan dogula euskerea» [6].

        «Ez dozu entzuten, zelan gure baserritar ta beste nekazari askok diarduen berbeetan, labandu ta ezetan katigatu baga? Baña zoaz praile, abade ta beste andiki askogana: Zelango estura ta larritasunak kontu luzetxu bat esan bear bada!» [7].

        «Emendi aurrera artuko dot ardura andi bat, baserritar ta beste nekezale erdera bagakoetati euskerea ondo baño obeto ikasteko» [8].

        Ondo baiño obeto ikasi eban ikasi bere Mogelek. Bai ba! Erria, baserria da euskera bizi ta jatorraren iturri eder bat-eta.

        «Euskera aberastu nai duenak, dijoala baserririk-baserri, erriz-erri ta euskalkirik-euskalki; or arkituko ditugu euskeraren mamia, bizkortasuna, itz ezezagun ta gaiñerakoak» [9].

        Liburuetako iturritik bere edan eban ura Mogelek. «Liburu euskera garbikoak irakasten dabee ondoen zelan jokatu izen ta berboetan» [10]. «Erosiko ditut, topau al daidazan, basko ta kiputzeko liburuak bere, euskera guzti-guztietakoa aituteko» [11].

        Olantxe, erri ta liburuen iturriko ura edanaz, egin zan Mogel euskal-idazle jator ta euskal-idazle on guztien jarraibide. Bera dogu gure bizkaierazko euskal-literaturaren zimendua; bera dogu, ametsezko Euskalerrian barik, egiazko Euskalerrian bizi izan zan Maisu ona, garbikeri bako garbizalea, sakona, zabala, umoretsua.

 

        Idazlanak

        Asko idatzi eban Mogelek, bai bizkaieraz, bai gipuzkoeraz, eta baita erderaz bere. Ikusi:

        «Konfesio ta Komunioko Sakramentuen gañean Erakasketak». Gipuzkoeraz eginda dago.

        «Konfesino ona edo zeinbat gauzak lagundu bear deutseen Konfesinoari ondo egiña izateko». Bizkaieraz.

        «Kristinauaren jakinbidea». Asteteren dotriñea bizkaieratuta.

        «El Catequista vascongado — Kristau Erakasle euskalduna». Argitaratu barik dago liburu au. Esku-idatzia Bilboko Diputaziñoko Liburutegian dago. 388 orri ditu.

        «Kristinauaren erakuspena edo Doctrina christiania, zeñian agertu ta adierazoten dirian astiro, itaune ta erantzunakaz, kristinauaren ezaguerara eldu ezkero sinistu, eskatu, egin ta artu biar dituanak...» Argitaratu barik au bere. Derioko Abade-ikastetxean dago esku-idatzia. 441 orri ditu.

        «Ipuiñak» [12]

        «Pascalen Gogamenak». «Euskalzale» aldizkarian argitaratu ebazan Azkuek, 1899-an.

        «Peru Abarka. El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan». Idatzi eta larogei urte garrenean argitaratu zan.

        «Versiones vascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos o demostración práctica de la pureza, fecundidad y elocuencia del idioma Bascuence contra las preocupaciones de varios escritores extraños y contra algunos vascongados, que solo tienen una noticia superficial del idioma patrio».

        «Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaínas y castellanas, para que se puedan entender ambos dialectos». «La Historia y Geografía de España ilustradas por el idioma vascuence». «Euskera» aldizkarian argitaratu ziran zati batzuk (1925 eta 1937). «Cartas y disertaciones de Don Juan Antonio de Mogel sobre la lengua vascongada». Madrillen argitaratu tan, 1854-garren urtean; «Memorial Histórico Español», VII-garren tomoan.

        Iztegi andi bat bere egin el eban; baiña galdu edo egin da, antza. Idazlan guzti orreitatik, ederrena ta goragarriena «Peru Abarka» da. Itz-lauzko alkar-izketa luze bat dogu Peru Abarka. Eta antxe agertzen da, bizi-bizirik, amazortzigarren gizaldiko euskal-biziera; antxe ikusten doguz aldi aretako euskaldunen fedea, oiturak, lanak, ipuiñak, bertsoak, esaerak eta abar. Baita erremienta, tresna, abere, landara ta egaztien izenak bere.

        «Bizkaian ez ezik, Euskalerrian argitara den libururik ederrenetakoa da Peru Abarka». [13].

        Euskal-literaturako pitxi eder bat da, leenengo euskal poema, euskalzale guztiak irakurri bear leukeen liburu egokia, onuratsua ta atsegingarria.

        Ba ditu izan akats batzuk euskera aldetik, joskeran batez bere [14]. Baiña aurrenengo doanak uts batzuk egitea, ez da mire egiteko gauzea. Gaiñera, Mogelen euskerea orain berreun urteko euskerea da. Eta, beste alde batetik, dakian baiño mordoilloago idazten dau, irakurleak obeto ulertu dagian:

        «Esaten dabee, gitxien esan bear leukeen askok, euskerea baldresa, traskilla ta soñeko zantarduna dala, ezin iñok apaindu leikiala. Nik gura baneu apaindu, bere etxe ta utxaan daukazan bitxi ta jantzi ederrakaz, apainduagoak urtengo leuke erdera askok baño; baña ezagutuko ez leukee etxekotzat, dongaro jantzita beti ikusi dabenak. Orregaitino, ez dot jantziko jaiegunetako soñekoakaz, esan gura dot, ez dodala irakatsiko noraño elduten dan bere ugaritasuna berbeetan» [15].

        Ba ditu, bada, akats batzuk gure Maisuak bere (nok ez?). Baiña, alan eta guzti bere, Maisua Maisu. Eta berak darabillen euskerea, erri-erriaren euskera ugari landua ta apaindua da. Jakiña; «Basarteko» ikasleak errikoia izan bear [16].

        Ez gaitezan ibilli, bada, «zaietan ziogi, urunetan ero. Zai apur bat galdu ez dedin bildurrez, ta urun ederra galduarren ardurarik ez» [17]. Eta goazan, goazan urunetan gure Mogel andi ta aberatsaren errotara.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Errefranak:

 

        «Bakotxak jazten dau al daben alkandorea, ta nik neurea»

        «Iñorenaz jazten dana, bildur da billostu ez degien»

        «Erroiaren arrautzeak usakumerik ez»

        «Otsoak otsoari gatxik ez, ta lapurrari lapurrak laztan»

        «Ardao gozoak lau begi ta oñik ez»

        «Astoaren arrantzea, min bagea»

        «Zu beti ero; otz ez dana bero»

        «Maria gurea goruetan, bear ez dan orduetan»

        «Auzoko beiak erroa luze»

        «Otsein barriak galbaiaz ura, zaarrari edarriaz bere lekurik emon ez gura»

        «Goiz gorri, laster euri»

        «Arrats gorri, goizean eguzki»

        «Aldats gorea, aldats berea»

        «Ara bertan ezer ez, azaak bai koiperik ez»

        «Guzurra esan neban mendian, neu baño leenago zan errian»

        «Egia, askoren erregarria»

        «Barriketa asko, gauza on gitxi» [18].

 

        Ipuin bat:

 

Atso ezaiña

 

      Atso azal tximur begi gorria,

bizartsu baltza eta sur andia,

argal, makur, erren, larogei urtekoa

eta aoan agin bakoa.

      Bestetik, barriz, zan piztaz betea

ta zuri eukana ulea;

betseiñetan zirudian katua,

bizarretan sagua.

      Ezin zantar ezaiñago izanik,

eztau entzun nai alan danik.

Diño: «Zer da au? Betor espillua

ikusteko neure burua».

 

      Ikusten dau, bada, zuzen egia.

Espillu guzurtia!

Diño: «Emon jat barre egiteko

eta ez neu nazana esateko;

dago espillu au txarto egiñik.

 

      Guzur uts! Ene matralla zuria

non dok? Non azal leun garbia?

Ik gau baltz egiten deustak eguna;

eguzki argia, illuna;

bela baltza, eperra;

ezainduten dok ederra.

      Neskatxi gazteak dozak zartuten,

gorputz lirañak makurtuten;

ausiko aut, ausi, ostikopean;

ez aut eukiko, ez, etxean».

      Bakotxa bizi dau bere zoroak,

orixe dirausku atsoak.

Ez dogu ezautu gura burua,

ez entzun egia diñonik,

ez siñistu berba onik,

eta ausi nai da espillua [19].

 

 

        Linuaren kulturea [20]

 

        Maisu Juan: Zer da lino-ezpateta ori?

        Peru: Nik esango deutsudaz gauzak sustrai ta ondo ondotik. Ereiten dogu lina-azia lur ondo giau ta azaro onekoan. Lurrak bear dau giro ona, ez ibilli senean ta abespaluan ta noz-nai erein. Lino mueta bi dagoz: Batari deritxo agorra ta besteari lina-berba; a ugariagoa, au obeagoa ta lasterragoa. Eldu dedinean, atera bear da eskuz, ez ebagi igitaiaz; aterata, egiten dira eskutak, ta onek lotu. Gero dator garrameetea. Garramauta, gabikotu bear da, ta gabiko eginak sartuten dira uretan, samurtu ditezen ta bota daien loitasuna. Ur geldituan iminten badira gabikoak, ezta esatekoa zein atsitua geratuten dan ura. Ondo samurtu direanean, eroaten dira zelai batera, ta an zabaldu ta banaturik, liortu bear dabe. Liortu ta ostera gabikotuten dira. Gabiko oneek damez trimin-trimin egitera erruki baga zur-mallu edo mazuagaz. Beso sendoak bear dira malluaz banatuteko ta, bitartean, andrakume batek darabil gabikoa birak emoten. Arazo nekagarri onen ondoren astotuten ditue astosapinean; emen samurtuten da tint bedar gogor au. Gero daroe txarrantxetara ganak aterateko. Onelan arkituko dabe ezpatariak gaur. Ezpata oiñean edo ondoan iminten dabe lino astozapindua, ta esesten deutsee zurezpateaz; triska-triska eginda, nozean bein esku ta belaunagaz samurtuten dabe igortziak emonaz, ta gero isten ditue otzaran kukuztuta.

        M.J.: Zer geiago egiten deutsee?

        P.: Kukuzturik dagozan lino giauak, daroez barriro txarrantxara, ta an erbatzak joakoz, ta geratuten da batetik kirru garbia, bestetik amulua, ta amulua onek daukaz perreztupea ta gana. Onek iruteko bear dira goru buruan apaindu ta ardatzean batu, aria eginaz batera. Eztira onetan amaituten lan guztiak. Ariak bear dau matasatu itxorozkian. Itxorozkitik atera ta daroez matasak austietara ur gori ta egur-autsean. Sartuten ditue gero lisiba arratzean ta emen garbituten dira asko. Lisibatuta, sartuten ditue kako edo ageetan ta iruntz edo euritan zuritu ditezan, zabalduten dira bedar ganean.

        M.J.: Ez dira onenbestegaz amaituten lanak?

        P.: Ez, Maisu Juan; ari zuritua ta matasatua sartuten dabe ariltegian. Emen dira lan barriak ari eteten jakenean edo aria katigatu ta naastuten danean. Neke gogorren bidez egiten dira arillak euntegira eroateko. Zeinbat lor emoten ez deutse andrakumeak euren buruai? Baiña ez dira buruauste ta lorrik txikarrenak, eunla gaisoarentzat geratuten direanak, ta guztiz, ari eten-erraza badaroake. Gogait egingo ezpazendu, ikusi eragingo neuskezuz eunla batek bear dituan tramankulu, tresna ta erremientak euna eioteko.

        M.J.: Gogait egin nik, Peru? Ez, ez; ikastea da irabaztea ta jakitun urtetea.

        P.: Nok esan lei, ikusi baga, zeinbat neke ta arazo artu bear direan azi ereitetik alkandora bat jantzi artean? Amaitu dagianean eunleak bere zeregin gogaikarri ta nekatsua, sartuten da joala edo jostuna lan barrietan. Onek bear ditu artaziak, orratza, aria ta, ikuste argalekoa bada, betaurreko ondo datorkozanak, ta alkandora dontsua josita bere, barriro bear dau bogada edo lisabara, samurrago ta zurituago geratu dedin. Agaitik esaten da: Linuaren atsakabeak, amaigabeak [21].

 

 

        Jazoera bat

 

        Ez da oraindino egun asko eldu nintzala abade gazte baten etxera. Aurkitu neban uleai tiraka, ostikoka, zinoala erderaz: «Quién me ha metido en este empeño?» Ikusi nenduaneko jaso jakon biotza, ta esaeustan: «Aita Pedro neurea, ordu onean dator». Esan neutsan, neure agurrak eginda: «Zegaitik ori D. Kalisto?» (alan eban izena). «Enkargau jat —zinoan— san Pedro geure Elezako patroiaren sermoa; etorriko da jente asko, ta emen nabil erderatik euskerara traduzidu eginda». Onlan berba egiten eban euskaldun eder onek. Erakutsi eustan bere bearraren zati bat, ta asten zan onean: «Enpeñu andia, por zierto, neure auditorio noblea, neure predikazinoaren prinzipioan predikau bearra, zeruetako giltzak Jesukristok konfiau eutsazan santu andi baten ganean. Ditxosoa ni, zuei gusto emon al baneizu. Nok igualau eban S. Pedroen fedea? Zein santuk esperanza andiagoa?...». Etzenduke sinistuko zelango erdera mordoilloak egozan iminita, ez euskaldunak, ez erdaldunak aitu eikezanak. Eta illa betean egon zan buru austen, ta oraindino ez eban bearraren erdirik egin. Esan eustan zuzendu nengiola. Erantzun neutsan errazago zala zimentutik etxe barri bat jasoten, etxe okertu, obendu ta abe erdi-ustelduen artean, zur barri ta orma barriak egitea baiño. Esan neutsan erre egiala bere sermoe erdi-egiña, ta lenengotik gura nebala bear egin. Irakurri neban berak aurrean eukan liburua, ta geiago jaramon baga, asi nintzan neure bearrean. Etzan neure eskua geratuten, eragozpen baga joian lumea, iminten gogora etortana, ta ordu bete igaro baiño leenago neukan bear geiago eginda abade gazteak  il osoan baiño, ta guztia euskera garbi baten. Ezin sinistu eban ekusana, ta alango baten esan eustan: zelan ain erraz bear egiten neban. «D. Kalisto, —nirautsan— igongo neuke biar goizean elezako irakastegira, lumarik leenaz artu baga, ta euskerearen aldetik ez neuke eragozpenik eukiko ordu betean jarduteko. Itxi egiozu erderatik euskerara biurtu gureari; neurdin gauza garbirik egingo ez dozu. Entzun egiezuz nekazariai euren esakuneak, ikasi egizu euskerea eurak ganik; egin zaite euskera irakurten, ta urte bete barru urtengo dozu euskaldun [22].

 

 

        Esakerak:

 

        «Ez oi naz sartu ardantegietan nora ezean, premiñaz ta ezin bestez baño».

        «Jakin baneu lenengoti Barberu txar bat baño etziniala, ez nintzan Jaunka zugaz egongo».

        «Ainbeste soiñeko bitxidunez, eta ori astegun buru zurian bidez zabiltzala?».

        «Eztakie erremuskada, bekoki illun ta mustur astinketarik egiten».

        «Ez bildur izan; bakarrik etorri banintz, ez eban zaunka aserre usaiñekorik egingo».

        «Zuk uste dozun baiño jakitunagoak dira, nekazari batzuk jakin al daikeezan gauzetan».

 

        [1] On-ona izan ei zan:

                «On bat bear dozu,

                santu lakoa...?

                Or dago Mogel Jauna,

                bana-banakoa».

                        (Azkue Eusebio)

        Frantziako Matxinadatik iges eginda beragana etorri ziran abadeai eta beartsuai lagunduten emon ebazan bere diruak-eta, goian zerua ta bean lurra il zan.

        Gaixo bat ikustera joan zanean, aren gaixoa naastu jakon berari bere eta atatik il zan.

        [2] Artu-emon andiak izan zituan aldi aretako izkuntzalariakaz, batez bere, Humboldtegaz. Beronen laguna eta lankidea bere izan zan. Eta Humboldteri Mogelek emon eutson beronek Markiñako Mugartegiren liburutegian aurkitutako «Leloren kanta».

        [3] Peru Abarka. Editorial Itxaropena. 174-garren orrialdean.

        [4] Ibidem. 35-garren orrialdean.

        [5] Ibidem. 155-garren orrialdean.

        [6] Peru Abarka, 68-garren orrialdean.

        [7] Diálogo entre dos amigos eclesiásticos, el P. Fr. Pedro de Urlia y D. Juan de Zandia. (Durangon 1881-an argitaratutako Peru Abarkaren azkenaldian).

        [8] Peru Abarka, 175-garren orrialdean.

        [9] San Martin Juan. «Mogel», Itxaropena, 1959, 32-garren orrialdean.

        [10] Diálogo entre dos amigos eclesiásticos...

        [11] Peru Abarka, 175-garren orrialdean.

        [12] Ikusi: Milla olerki eder, 253-garren orrialdean.

        [13] «Orixe», «Euskal-literaturaren atze edo edesti laburra», Euskal-Esnalea, 1927.

        [14] Bera bere konturatu zan: «Asi Axular como el P. Cardaveraz ponen el verbo al último de la oración, a no venir con relativo, y será bien se haga así, pues sale más natural... Esta falta me dijo que cometió el inmortal D. Juan Antonio de Mogel» (Añibarro).

        [15] «Konfesino ona», itzaurrean.

        [16] Errikoiegia bere bai. Orregaitik erabiltzen ditu: Mendija, darua, betia, buruba ta abar.

        [17] «Konfesino ona», 21-garren orrialdean.

        [18] Peru Abarkatik artuta.

        [19] Aita Zabalaren ipuiñen artean argitaratutakoa. Ikusi: Milla Olerki Eder, 253-garren orrialden.

        [20] Ikusi emen datozan itz ezezaunak Azkueren Iztegian.

        [21] Peru Abarka, 126-garren orrialdean.

        [22] «Peru Abarka». Leenengo argitaldikoa, 197-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia