Etxeita Jose Manuel

1842-1915

 

        Nor zan

        «Banator ni bere, landubako arri txatxar onegaz euskerearen alde eregiten dagoan jauregira, neure alegiña egitera; nator guztiz indarga, egingo dodana baiño egin gura neukeana geiago dala; al dana egiñaz egituten da egipidea [1].

        Apal agertu zan, baiña lan asko egin eban Etxeita Jose Manuelek. Mundakan jaio zan. Eta Bilbon egin ebazan Nautika-ikasketak. Gero, itxasoan urte askotan ibilli ondoren, barkuko kapitana izateraiño bere eldu zan.

        Baiña etzan itxasoa austen beti ibilli. Legorrean bere urte asko emon ebazan.

        Manilan (Filipinasen) bizi izan zan amasei urtean. Eta entzute oneko ta andiko gizon egin zan uri orretan. Eta ango alkate egin eben. Azkenez, zaartzaroan, bere jaioterrira biurtu zan eta txalet eder bat egin, ta ikasten ta idazten ekin eutsan il arte.

 

        Idazlanak

        Iru liburu idatzi ebazan Etxeitak:

        «Josetxo». Nobela bat da. Erromantiku usaiña dario, baiña erreza eta polita da. Auxe da Etxeitaren lanik luzeena.

        «Jaioterri maitea». «Josetxo»-ren aritzeko nobelea.

        «Au, ori ta bestea». Olerki txorta bat.

        Aldi aretako aldizkarietarako bere, ainbat idazlan egin ebazan, «Euskal Esnalea» aldizkarirako, batez bere.

        Truebaren kontu ta teatro-lan batzuk euskeratu bere egin ebazan. Etxeitak darabilzan gaiak eta euskera errikoiak dira ta ulerterrezak. Urte asko kanpoan egin ditulako edo, erderaren joskerea darabil, noizik-bein. Garbikeri txipristin batzuk bere agiri dira bere idazlanetan. Aspaldion baztartuta euki dogun euskal-idazle zintzo ta jakitun onen Idazlanak irakurgarriak dira, euskeraz irakurten asten diranentzako, batez bere.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Eztabaidak

 

        Illebete inguru igaro zan Simon eta Matilde ezkondu zirala. Simoni etxaguntza ederra emon eutsen gurasoak, eta Matildek diru pillo galanta jaso eban eskontsari. Gizadi guztiak uste eban ezkonbarriok guztiz maite zirala ta bizi-izate zorioneko iraunkorra izango ebela.

        Adiskideak ziralako, jai egun baten joan nintxaken agerraldi bat egitera; ta atarira eldu orduko, entzun neban, aserre antzera, ziñoela:

        —Ollazkoa ez.

        —Ollandea ez.

        Atarira eldu nintzanean, an egozan ezkonbarriok eta atsotxo bat, Matilderen ama, arrautza eder bat eskuan ebala. Abegi amultzua egin eusten irurak eta atsotxuak jarraitu eban esaten:

        —Onek gazte zoro biok aserre dira gaur. Simonek diño, arrautza onetan sortuko dan txitea ollazkoa izango dala, ta emazteak dirautso ollandea izango dala. Gogait eragin deuste eztabaida onegaz gelatik atarira etorri diranik arrezkero. Ollandea izatea nai genduke ollalokeari ipinteko ta emen gagoz zer egin eztakigula.

        Simon: Ezta bear betaurrerik arrautza orrek ollazkoa dakarrela ezautzeko.

        Matilde: Ollazkoa ez, ollandea baño.

        Atsotxoa: Lengo arlora zoaze ostera be. Ipiñi daiogun arrautza au ollalokeari ta baketu zaiteze.

        Simon: Urte asko daroadaz nik ollalokai arrautzak ipinten eta ondo ezautzen dodaz arrautzok.

        Matilde: Bai zera! Eztakizu ezautzen; arrautza orrek ollandea dakar, zuk nai ta nai ez.

        Simon: Ollazkoa.

        Matilde: Ollandea.

        Simon: Ezkondu orduko esan eusten niri guztiz mukerra ziñala ta egia ziñoen esan eustenak.

        Matilde: Zu baizen mukerra? Ez orixe, orretan irabazten deustazu.

        Atsotxoa: Arriturik eta neketurik nauke zuen eztabaidak; zuen zorionak lur jo dau. A errukarriak! Uste dot eztabaidaka izango dala zuen bizialdi guztia. Matilde, ene alabea, zu zara senarraren esanari makurtu bear zareana olako autuetan eta aserre aldi guztietan.

        Matilde: Bai, ama; ba dakit makurtu bear nazala, emaztea nazalako ta makurtzen naz; baiña arrautza orrek dakarren egaztia ollandea izango da [2].

 

 

        Esakerak:

 

        «Euri zein aterri, otz nai bero, illun zein argi, errimeak izaten ziran egunero egiten ebezan lanak».

        «Nik oztasuna? Esatea be! Zugaz nai edozeiñegaz, berez naz olakoxe otza».

        «Gerotxoago ekatxak belarriak erakutsi ebazanean izan zirean estutasunak, arin-ariñak, artegak eta bildurrak, ainbat ariñen etxeratzeko».

        «Illundu zan zerua alde atatik eta ezagun zan taju arek ekatxa gañera ekarrena. Baita etorri be, gogor gero!»

        «Alper izango dozu

                negar egitea;

                ederrak artukozuz,

                bai, neure maitea».

 

        [1] «Josetxo», itzaurrean.

        [2] «Euskal Esnalea», 1912, 173-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia