"Kirikiño" Bustintza Ebaristo

1866-1929

 

        Nor zan

        Kirikiño. Ona emen beste idazle bikain ta ospetsu bat. Nork ez dau ezagutzen Kirikiño? Nork irakurri edo entzun ez ditu arek idatziriko ipuin barregarriak? Euskaldun zaarrak, beiñik-bein, geienak ezagutzen dabe Kirikiño. Izan bere, nor izan da arek legez ain gozo ta sakon erriari biotzean ikutu deutsona? Eta zergaitik? Errikoia, egokia, atsegingarria izan zalako. Orrexegaitik, orrexegaitik izan zan euskaldunentzat ain begiko ta gogoko [1].

        Mañarin jaio zan Buztintza Ebaristo. Baiña mutikoa zaia, Almansara (Albazetera) aldatu ziran bere familiako guztiak. Leendik bere an eukazan Ebaristok anai bat abade ta arreba bat ezkonduta.

        Almansan egin eban batxillerra. Eta amazazpi urtegaz, Madrillera ioan zan, injenieru karrerea egiteko asmotan. Baiña, asmoak asmo, karrera ori itxi, ta fisiku-matematiku jakintzetan lortu eban lizentzi-gradua. Gero, Almansan eta Siguenzan (Guadalajaran) egin zituan urte batzuk irakasle. Baiña berari lagundutera Bilbora etorteko deia egin eutsan Azkuek; eta, erri-miñak eraginda, Bilbora etorri zan bizitera, 1899-garren urte inguruan. Arrezkero, berton bizi izan zan ii aurretxorarte.

        Bilboratu zanean, berealaxe sartu zan euskal-literaturearen biztuera-giro barrian eta Azkueren laguntzallerik onenetariko izan zan, bai aren Iztegi nagusia atonduten, bai «Euskalzale» aldizkarirako lanak egiten. «Mañari» izan zan, aldi aretan, bere ezizena.

        «Ibaizabal» aldizkariaren zuzendaria bere izan zan urte bian (1902-1903). Eta bere idazlanak «Bloa» izenordeagaz izenpetuten zituan.

        «Euzkadi» egunerokoaren euskerazko zatia bere berak egin eban 1913-tik asita, amasei urtean. Eta orduantxe egin eban guztiz entzute andiko bere izenorde «Kirikiño».

        Baiña gure idazle ospetsu onek egin eban lanik andienetako bat (ixileko lan txalogarria) euskera irakasten egin eban, Bizkaiko Diputaziñoak jarritako ikastolan. Gogo andia bear da orretarako eta bene-benetan maite izan bear da norberaren erria ta norberaren erriko berbetea. Ondo be ondo bete eban Kirikiñok beiñola berak esana: «Noberen erria ta noberen erriko berbetea ta noberen erriko lege ta gauza guztiak, Jainkoaren kontrakoak izan ezik, bere gurasoak eta bere anaiak legez maite izan bear dauz gizonak, zintzoa izateko» [2].

        Euskaltzaindia sartu-barri egoalarik, gorabera ta asarrealditxo batzuk izan ebazan Euskaltzaindiko batzukaz. Eta ez eban euskaltzain izaterik gura izan. Dana dala, izenez euskaltzain izan ez arren, izan bai izan zan bere egitadeetan.

        Il baiño ille batzuk lenago, bere jaioterrira joan zan bizitera. Eta bertan il zan [3].

        Kirikiño dogu gure bizkaierazko euskal-literaturearen gatza, umorea; berau dogu gure euskaldun izatearen alderdi barregarria erakutsi deuskuna, gure erriaren zuurtasuna ta zorroztasuna agertu deuskuna, erritik bertatik artuta [4].

        Berak diñonez: «Arazo astunak erabilli oi dabezan gizon guztiak egiten dabena da, noz-edo bein olgeta batzuk egin, arazoak alde batera utzita, eta ori egiñaz, atseden (deskantsu) aundia artzen dabe.

        »Guk be gaur orixe egin bear dogu, olgeta batzuk esan, ta barre batzuk egin. Barre egitea osagarria da, barrerik egiten eztauna galdua dok» [5].

        Euskaldunen umorea da Kirikiño; umore jatorra euskera ederrez jantzita.

 

        Idazlanak

        «Abarrak». 1918-an argitaratua.

        «Bigarrengo Abarrak». 1930-ean argitaratua.

        Liburu biak baten argitaratu dira oraintsu. Aita Onaindiak argitaratu ditu eta Kirikiñoren beste idazlan batzuk bere erantzi deutsoz.

        Zer dira «Abarrak»? Egilleak berak erantzungo deusku:

        «Ona emen abarrak deitu dautsedan irakurgaitxu oneik.

        »Egurgiñan sartu naz ni gure euskera ederraren oianean. Bertan ain ugari dagozan zugatz enbor-lodidunak eta euren besanga ta adar andiak ebagi ta gertau ta ekartea izango zan nire atsegiñik andiena; baiña ezin; orretarako bearrak dira, ba, beso ta aizkora andi zorrotza. Nire besoa ta aizkorea, barriz, bata makala ta bestea zorbatzik bakoa dira.

        »Lan ori eziñik, zerbait orraitiño egin gura ta, egur meiari, abarrari ekin deutsot, eta besarkada auxe gertau ta ekarri dot. Aal izan dodana. Egur me au be zetarako edo atarako bai-da. Su andia egiteko, egur iodia izetuteko, leenengo abarrari ezarten jako sua, ta onegaz ari gero. Irakurgaitxu oneik be gogo askotan sortu leie euskeraz irakurteko zaletasuna. Txikiak, meiak, arin-ariñak, errazak, barru gitxidunak, geienak barre batzuk eragitekoak izanik, euskeraz irakurten bape zalea eztanak onakoxeak atsegiñez artu leiz, ta eurok, abarrak lez, bere gogoan sua biztu...

        »Irakurgaitxu oneik geienak jasorikoak dira; batzuk antxiñakoak, nik neure aitari entzunak, eta berak bere aititari; beste batzuk neuk batu dodaz or-emen, neure aldian; beste batzuek neuk asmauta be bai-dira, guztitara» [6].

        Orra or, bada, Kirikiñok berak argi-argi esanda Abarrak zer diran eta zertarako diran.

        «Abarrak» dira bere idazlanik onenak, eta geien irakurri diranak bere bai.

        Beste idazlan asko bere egin zituan eta bere denporako eguneroko ta aidizkarietan agertu ziran geienak.

        Teatro-saillean bere zerbait egin eban: «Anton Berakatz», bere ipuin bat («Azeriari azeri») eratuta. Euskeratu bere egin ebazan erderazko antzerki batzuk; baita gipuzkoerazkoak bizkaieratu bere.

        Erriarentzat ain atsegingarriak izateko bere idazlanak zer egin ete eban Kirikiñok, gure euskal-idazle ta periodista jatorrak? Jokabide eder bi artu.

        Alde batetik, gai «txikiak, meiak, arin-ariñak, errazak, barru gitxidunak, geienak barre batzuk eragitekoak» artu zituan. Eta, bestetik, euskaldunak erabillen euskera erabilli, bere aldiko erriaren euskera, apur bat garbituta, jantzita ta orraztuta: «Euskera zeatzaren zalea bazara, urrean sarri musturra okertuko dozu irakurgaitxu oneitan aurkituko dozuzan erderatiko itz ugariak ikusita; baiña gogoratu eikezu eurok eztirala idatzi eun urte geroagoko euskaldunentzako, ezta gaur euskera zeatz-zeatza ta erdel-antz apur bat daben itz bakoa jakin ta erabilli oi daben euskaldun banakarentzako bakarrik be. Ez; eurok idatzi dira gaurko euskaldun geienak dakien euskeraz, geienak irakurri ta ulertu al dagien euskeraz» [7].

        Orrexegaitik, Kirikiñok darabillen euskerea erreza, jatorra, ederra ta atsegingarria da. Au da au euskera! Zelako alkar-izketa bizi ta jatorrak darabilzan! Zelan dakian bere lanak gatz-ozpiñez gozatzen!

        Alan da guzti be, bere aldiko semea izan zan Kirikiño bere. Eta garbikeri batzuk agiri dira bere idazlanetan. Baiña uskeriak dira bere lan ederraren barruan.

        Sarri-sarri aztertu ta irakurri bearrekoak dira Kirikiñoren lanak. Irakasle ona be ona dogu euskera ondo ikasteko. Bera dogu gure jarraibide euskeraz ondo idazten ikasteko bere, bere idazkera jatorra geugandu ta geuretuteko.

        «Gaurko euskaldunak eurak direan legez artu bear dira, ta ez ibilli etxean beorraren billa. Itxi daiguzan, orain bein-beiñean, berba zaarrak, iñok ezaututen eztabezanak eta berba barri asmauak, eta jarraitu daiogun geure euskera nastutxuagaz, eta esan daigun: Naita anka barik egon, bizi daitela Simon» [8].

        Jarraibide ederra ta zuzena, benetan! Izan bere, konturatu ordua dogu:

 

                «Ezin danean egin gauza bat nai dan lez,

                egin bearra dala ondoen aal dan lez» [9].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Prakelle ta Motroillo

 

        Prakerre, txakur esarri bat baiño andiagoa etzan; gorputzez argala, samaz luzea, arpegiz estua, sudurra luze ta makotua, begiak txikiak eta barru-barruan sartuak, bizarra meatza, ta burua txikitxua. Bizkorra zan bera, dantzari nekegabea, barritsu andia, itz utsa; pirri nausienetaikoa, leku guztietan lenengoa beti izan gura izaten eban, eztabaida danetan orioaren antzera, berak igon bear iñok baiño gorago, ta onetarako bere indarrak laguntzen ez eutsonez, gibel gaizto ta demontretakoa zan, eta badaezpadakoan, aizto luze bat gerrikoan erabilten eban.

        Motroillo, barriz, erraldoe andi ta zabala zan; burutzar ikusgarria eban, ule-zapa baltz sarratu bategaz estalduta, kokotetik asi ta begien ururreraiño; bepuruak, matraillak, sudurra, ezpanak, andi ta trauskillak ebazan, sutegiren baten mallukadaka egiñak irudiela. Bizarra be sarratua, buruko ulea lez; azala, baltz gorrizkea, begirada itzala, abotsa lodi ta astuna. Oso indartsua zan; itzak, gitxi ta neurtuta lez jaurtiten ebazan; matrakan nekez asten zan, baiña bein asi ezketiño, itz asko egin baiño lenago, bere besoetako gabi astunak erabilten ebazan eta orduan bildurgarria zan [10].

 

 

        Gaztela-mutillak

 

        Gaur Kastilla ta kastillanua esaten dabe euskaldunak. Leenago ez; leenago Gastela ta gastelarra esaten eben. Orduan aurrez entzun oi ziran onetariko esaerak: Gastelara joan da, Gastelatik dator, Gastela-maatsa, Gastela-astoak (gorputz andiko asto ederrak), Gastelako zelaiak, eta abar.

        «Gastela-mutillak» esan ezkero uste izan lei leenengo entzueran, Gastelako mutillak ete diran; baiña ez, izen ori ebenak etziran gastelarrak, euskaldunak ziran, gure baserrietatik Gastelara lanera joaten ziran mutil gazteak Gipuzkoatik eta Bizkaitik.

        Ezta bape ikaratzekoa izen ori emotea Euskalerriko mutillai. Aldi aretan bertan, indianuak deitzen jaken Amerikan izanda gero errira etorten ziranai, batez be katanarrua gizen samar baekarren, antziña Amerikari Indias deitzen eutsoelako. Geroago, ta gaur be bai, amerikanuak deitzen jake, emengo semeak izan arren. Neuk bein ikusia da Burgosko geltokian, trenetik jatsi ziran batzui esaten: «Ya vienen los bilbaínos»; «bilbaíno» areek burgostarrak ziran, eta Bilbon bizi ziralako bakarrik «bilbaínos» deitzen eutseen euren errialdean.

        Olantxe ba, Gastela-aldetik lanean ebiltzen mutil euskaldunai euren errietakoak «Gastela-mutillak» deitzen eutseen.

        Gastela-mutilla euskotar eredu agiri-agirikoa zan, orain aspaldi galdu dana. Banan barik, aldraka joaten ziran aruntz, eta aldraka etorri be. An aldi bat lanean egiten eben, iru-lau illabete, sei-zortzi illabete, gitxik urtebete, ta aurrezturiko diruagaz etxera, gurasoekana, biurtzen ziran. Ikustekoa izaten ei zan areen etorrerea, kitarra ta pandero ta txilibitu joten eta abestuten, sartzen ziran erri guztietan usubillua ta zaratea, poza ta alaitasuna baiño besterik ez eroiela. Gero, etxean, aldikada bat egon ondoren, geienak barriro lanera joaten ziran. Areek joan-etorri egiten eben; Gastelan ibilli arren euren sendiaren, euren enriaren lokarria ez eben ebagiten, lokarri ori bizi ta sendo eukiten eben, eta lokarri orrek ekarten zituan noz edo bein euren erri ta etxena.

        Mutil azkarrak izaten ziran, jan ta edan ondo egiten zaleak eta eunen etxeetan baiño obeto jaten ebelako, mardo ta indartsuak ziran.

        Lanean ez eben nekerik erakusten, lanerako beti gogotsu aurkitzen ziran, indarra ugari eben; orregaitik, laneko ugazabak oso maite izaten zituezan eta naiñun beti ta erraz lana billatzen eben. Emendik aldra areek andik eskatuta joten ziran, zelako lana ta zenbateko alogera irabaziko eben berbapetuta.

        Guztiz alaiak izaten ziran, bai da, osasunez bete-beterik egozan-ta; indar-jokoetan azkarrak, arro samarrak, zerbait burrukari ta zoroak, gaztetasunak ez dau parkatzen ba-ta.

        Orduko aidi areetan, gure baserrietako mutil gaztetxuak, orain Ameriketara joateko gogo biziagaz egoten diran lez, Gastelara noz joan al izango ziran erretan egoten ziran; jakiña, euren erritxuetan, euren auzoan, Gastela-mutillak ikusten zituezan, mutik jasekoak, partikaretan dirua ebela, Gastelako euren jazoerak alairo kontetan; eta arexek lakoxeak izateko gurari bizia sortzen zan mutil gaztetxo areen gogoetan.

        Eta zelako lana egiten eben mutil areek? Amazortzigarren eunki edo gizaldiaren azken aldera ta emeretzigarrenaren leenengo 30 urteetan, orain eun urte ingurura arte, euren lana upagintza izaten zan Erriojan eta Aragonen. Bai gizonak, aldi aretan, Bizkaiko baserrietatik (eta nik uste Gipuzkoatik be bai, errialde bietan oiturak eta bizikerea bardin samarrak beti izan diralako), Bizkaiko baserrietatik, batez be Auiestia, Gizaburuaga, Amoroto, Ibarruri, eta Txorierritik mutil talde andiak joaten ziran Erriojara ta Aragonera maats-batze ta ardao-egite aldia baiño leentxuago, iraillean, upa barriak egiten eta zaarrak konpontzen, eta an egoten ziran lan orretan Gabon aurretxo arte; orduan etorten ziran euren etxeetara, kitarra ta pandero ta txilibitu joten, eupadaka ta zantzoka.

        Onei, Gastela-mutillak deitzen eutseen arren, izen ori baiño geiago «upagiñak» esaten eutseen.

        Gastela-mutil benetakoak geroago izan ziran, karlisten leenengo gerratearen ostean, 1840-garren urtetik 1870-garren urtera bitartean. España guztian bitzabalak, burdinbideak eta beste iragi-lan asko egin ziran aldi atan. Orduan, aitaturiko upagiñak baiño askoz geiago zabaldu ziran langille euskaldunak, geienak argin, arotz, errementari ta pioiak, Gastela guztian, Aragoen, Andaluzian, Extremaduran eta aban, Orrexek ziran Gastela-mutil berariak.

        Aldi atan jente beartsuak oiñez egiten zituezan euren ibilketak, luzeak izan arren; eta Gastela-mutil areek Españako baztar guztietara zabaltzen ziran alantxe, oiñez, ta etorri be bai. Euren erremintak eta aldatzeko soiñekoak olezko kutxetan, sarrail-itsu bategaz itxita, aurreztik bialtzen zituezan Gastelara, mandazaiñen bitartez.

        Orduko aldian, salgairik geienak mandoz erabilten ziran batetik bestera, burdiz eroateko bitzabal gitxi egoalako; ta mandoakaz ebiltzan gizonak mandazaiña eben izena; ta euren bitartez, urrin-urriñeko urietara bialtzen ziran gauzak. Adibidez: Durangon mutil batzuk emoten eutseezan mandazaiñai iru edo lau kutxa, esanik eroateko Zaragozara ta onelako edo orrelako ostatuan izteko; mandazain areek joaten ziran Durangotik Haroraño, eta an beste mandazain batzui emoten eutseezan mutillen kutxak, eta areek eroaten zituezan Tudela edo Tarazonaraño, eta an, beste mandazain batzuen eskuetan izten zituezan kutxak, eta azkenengo areek eroaten zituezan Zaragozako ostaturaño. Ostatu-jabeak artzen zituan eta gilzpean ipiñi, mutillak eldu arte; orduan, kutxa ganeko markak zeintzuk ziran eskatu ta gero emoten eutsezan. Orretaraxe bialtzen ziran gauzak orduan, eta etziran galtzen..., ez ei ziran galtzen.

        Gastela-mutillak eroan eben Euskalerriaren ospe edo entzutea alde guztietara; Euskalerri zati bat ziran, or emen ebillana. Euren erdera mordoilloz, euren zintzotasunaz, euren alaitasunaz, eltzen ziran lekuetako jendearen gogoa irabazten eben, eta orregaitik, pozik artuak, ondo ikusiak izaten ziran... [11].

 

 

        Jazoera bat

 

        Bein, Burgos probintziako uri baten, Durango inguruko mutil aldra bat ebillen zubi barri bat iragiten; orain eztakigu zegaitik bertako alkateak etzituen mutillok maite; beti asarreka erabilten ebazan. Domeka arratsalde baten, erriko plaza zabalaren erdian egozan mutillak barriketan; euren ondora urreratu zan txakur eder; alkatearena zala esan eban batek, eta au entzunik, Abadiñoko Asensio Sagastasoloak, arrikada andi bat emonda bialdu eban txakurra txilioka.

        Laster etorri jaken erriko aguazilla, esaten alkatearen aginduz guztiak erriko etxera joateko. Joan ziran, ba, eta alkateak itzaldi garratza egin eutsen, gogor eskaturik esateko nok jo eban txakurra. Erantzun eutsoen eurak ez ekiela, txilioak entzun zituezala, baiña ez ebela ikusi nok arria jaurti eban, eurek ez egozala txakurra zaintzen, eurei ez eutsela ardurarik bape txakurragaitik, eta bakean izteko eurei txakur kontu areekaz, txakurrari batenbatek emondako arrikadea gorabera munduak ez ebala irakarik egingo-ta.

        Alkatea, mutillak bildurtzearren, euren izen-abizenak artzen asi zan eta papelean ipinten. Orretan ebilzala, txandea eldu jakon Asensiori, ta alkateak itandu eutson:

        —¿Cómo te llamas?

        —Asensio.

        —¿El primer apellido?

        —Txakurra.

        —¿Y el segundo?

        —Jodabena.

        —Asensio Txakurra Jodabena.

        —Sí, señor, eso.

        Au entzunik, barre purrustadaka asi ziran lagunak, eta alkateak zarraparra andia atara eban.

        —iDe mí no se ríe dengún nacío en el mundo! Yo sus aseguru que sabré quién de usotros ha apedreao al perro, aunque no lo queráis decir, y llevará su merecido. iLo he de saber!

        —iYa temos dicho a usté, tanta copla! —esan eban Asensiok urteieran eta guztiak barre zantzoka urten eben bape bildur barik [12].

 

 

        Esakerak:

 

        «Iru guda mutil, katakumak baiño olgetariago ta zoroago».

        «Aitearen eta Semearen...! Ondiño olakorik!».

        «Ain berandu etorrita gero bazterrak endredetan?».

        «Arroaren arroaz praketan be artu ezinda».

        «Baña? Baiña-dunakaz zenbat berba gitxiago egin, oba».

        «Emen aspaldiko Txomin».

        «Mutiko ederrak dira euskaldunak neke apurtxu bat artuteko euren erri ta berbeteari jagokozan arazoetan! Gizon nagiagorik eta itxiagorik!».

        «Ernegau eragingo zeuskio santu bati be».

        «Biribildu eban gero taketa lakoxe zigarro lodi ta gogor bat».

        «Bai, jente asko dago emen diruagaitik euren burua, euren guraso euren Erri ta Jaungoiko laztana bera be, Judasek legez, salduko leukezanak: San Ogerleko baiño beste santurik ezagutzen eztabenak».

 

        [1] «El solo atrajo a las letras euskérikas más lectores que todos los autores de la otra dirección (purista) juntos» (Altube Seber).

        [2] «Abarrak», 205-garren orrialdean.

        [3] Buztintza Basili, bere lobeagaz ezkonduta egon zan (1909). Ez eben seme-alabarik izan.

        [4] San Martin Juanek eta Bilbao Felixek egin dabez, arrezkero, Kirikiñoren antzerako lan eder batzuk. Ikusi: «Zirikadak» eta «Eztenkadak», eta «Ipuin-barreka».

        [5] «Abarrak», itzaurrean.

        [6] «Abarrak», itzaurrean.

        [7] «Abarrak», itzaurrean.

        [8] Ibaizabal aldizkarian, 1902, irailla, 3-a.

        [9] «Abarrak», 258-garren orrialdean.

        [10] «Abarrak», 140-garren orrialdean.

        [11] «Abarrak», 167-garren orrialdean.

        [12] «Abarrak», 168-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia