Altube Seber

1877-1963

 

        Nor zan

        «Ezta denpora asko Altube eta Lertxundi Seber Euskaltzain eta Euskalari aundiak itxi gaituala. Itxi gaitu, baiña gure eskuetan gelditzen da bere lana. Maisuaren irakaskintzak liburuetan eta aldizkarietako lanetan daukaguz.

        »Il baiño lentxoago, illabete bat inguru aurretik, ezagutu neban Gernikan... Bizitza guztian be etxat aztuko a egun zoragarria. Zenbat eta zenbat gauza ikasi nebazan egun batean bakarrik! Eta onuntza nentorrela, Gipuzkoa onetara, nerekautan esaten neban: "Gaztetan ezagutu baneu maisu aundi au!" Baiña bera joan bajaku be, emen gelditzen jaku bere bearra. Emen gelditzen jaku bere irakaskintza» [1].

        Gure Maisu andia izan dogu, benetan, izan bere, Altube. «Gidari seguru bat, ao betezko maisu ona, irizpide zuur zuzenen emale» [2].

        Jaiotzez gipuzkoarra izan genduan, Mondragoekoa; baiña bere bizitzarik geiena Gernikan emon eban, Gernikako arma-fabrika bateko buru izan zan-eta (1915-1936).

        Jakinzale amorratua izan arren, etzan iñongo Unibersidadeetan ibilli. Beste euskaldun eta euskalzale askoren antzera, bere kontura egin ebazan ikasketak. Bere kontura, baiña biozkeri, maisukeri ta buru-gogorkeri barik, bere aldiko izkuntzalarien irakatsi sakonai jarraituaz [3].

        Ekiñaren ekiñez, izkuntzalarien ikasle zintzoa, euskaldunen irakasle biurtu zan. Eta berak garbitu zituan idazle zaarren mordoillokeriak; berak idegi zituan aranatarren garbikeri-giro itoko ateak; berak erakutsi euskuzan euskeraren batasunerako eta bizitzarako bideak...

 

        Idazlanak

        Euskal-idazleen artean sartu dogu Altube. Eta ba da izan bere. Baiña etzan punterengoa izan idazle legez. Idazleen biderakusle izan zan, batez bere. Onetan bai izan zan punterengoa.

        Idazlan sakonak eta astunak dira Altuberenak. Jakiña: jakitun batek jakitunentzat egiñak dira-ta.

        Ona emen gogoangarrienak:

        «Euskaltzain sarrera-itzaldia. Izkuntz jakintzia ta euskeraren bizitza». «Euskera», 1920.

        «Erderatiko itzak, itz barriak eta aintxiña-itzak». «Euskera», 1920.

        «Euskel-itz barriak». San Sebastián, 1923 (Tercer Congreso de Estudios Vascos).

        «Modismos euskéricos». «Euskera», 1925.

        «Erderismos». «Euskera», 1929; Bermeo, 1930.

        «El acento vasco». Bermeo, 1932.

        «Observaciones al "Tratado de Morfología Vasca", de R.M. de Azkue». «Euskera», 1934; Bermeo, 1934.

        «La vida del euskera». «Euskera», 1934.

        Beste idazlan batzuk bere egin ebazan, bai euskeraz, bai erderaz, eta baita frantsezez bere.

        Or izentau doguzan idazlan orreik zein baiño zein ederragoak dira gai aldetik eta, naiz ta Altuberen denporatik ona aurrerapide andiak egin Linguistika arloan, bear-bearrezkoak dira euskera lanetan diarduenentzako, bizkaitarrentzako, batez bere. Euskalerri osoko euskaldunai begiratuta, zorrotzegia, estuegia da Altube, joskera arazoetan, batez bere.

        Idazle legez, len bere esan dogu, etzan punterengoa izan. Gogor egiten jaku aren euskera. Jakintza-gaiak darabizalako? Baliteke; baiña ez orregaitik bakarrik. Berez bere gogorra ta astuna da, zeatzegi idazten daualako. Koipea, gozotasuna falta jako.

        Gaiñera, euskaldun geienok dogun gaisoa eban Altubek bere: Garbikeria. Bai; beste batzuen garbikeri-gaisoa osatzen alegindu zan, baiña berari bere nastau egin jakon gaixo ori.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Izkerea

 

        Izkerea gauza bizia bezelakotzat artzekoa dogu.

        Argizerizko santuari edo giza-irudi bateri egin leio, emen zatitxu bat kendu, an imini; gorago arraiatxu bat egin, beerago azpilduratxu bat atara zintzel, formoi, ezten edo beste edozetariko erreminta edonun eta edo zela ezarririk. Baiña izkerak etxakuz orrelakoak; azur, mamin eta azala, odol eta izardia dabeen benetako bizikien antzeko baiño.

        Baldin geure izkera au, ba, sendatu ta indartu nai badogu, egualdiak zugatz, ortukari ta beste landaraki orori bezela emon giñeio laguntzea; landarakia eguzki-euriak onuratu oi dabe, izkerea ekiñaren berotasun eta beti agoan erabilliaren bustitasunak. Orixe dogu guk ere bide bakarra, asko ta askori nekez burura sartzen bajaku ere: Atara aixetara geure izkera maite au, erabilli beti ta beti, edonun eta edonorekin, emon orretaraxe bizia ta indarra, eta orduan errez izango dogu bear dan neurriz garbitu ta txukuntzea, alboko bedar txar ta gauza eztiranak kenduz. Beste asmokeri ta barrikerizko bideok, alperriko ta kaltegarri baiño eztira [4].

 

 

        Esakerak:

 

        «Ba nengoan ba...!».

        «Zelakoa da, gero, berau!».

        «Esanak esanda be alperrik».

        «Arek etorri ez egin deusku».

        «Egunean baiño egunean txarrago».

        «Zu be ba zara ba!».

        «Geurea dala geurea ori bere ezta asko andiago».

 

        [1] Alzola Nikolas, Egan 1963, 194-garren orrialdean.

        [2] Villasante Luis, Euskera 1963-64, 313-garren orrialdean.

        [3] «Frantses izkuntza ikasi eta Linguistikako frantses liburuak eskuratzen zituan, oetatik euskeraren onerako atera zitezkean erakutsi edo argibideak xurgatu naiez... Berak ikusten zuan emengo euskalari, euskaltzale ta idazle geienak gramatikalari zaarren uste okerrez zeukatela burua moldatua eta ortik eldu zirela ainbeste gaitz eta makur gure euskal baratzera» (Villasante).

        [4] Tercer Congreso de Estudios Vascos de 1922; San Sebastián 1923, 79-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia