Uriarte Martin

1879-1960

 

        Nor zan

        «Burua argi, samea garbi, zer-esan ugari, bularra indartsu beti, edonoz prediketako iñoz be ez nagi, nainora joateko beti zoli, Bizkaiko pulpituak, Aita Martin, ba dakie zure barri» [1].

        Gure sermolari karmeldar entzutetsu au Zeanuriko semea zan. Larran (Amorebietan) eta Alesbesen (Naparroako Villafrankan) egin ebazan fraile-ikasketak. Eta ogetalau urtegaz mezadun izan ondoren, frailegeien irakasle izan zan.

        «Karmengo Argia» illerokoaren zuzendari bere izan zan aldi baten. «Martiartu» erabilten eban izenordez bere idazlanetan.

 

        Idazlanak

        Gauza jakingarri asko idatzi ebazan Aita Martinek. Baiña bere idazlanik ederrenak «Egi biribillak» eta «Baserri gaiak» dira.

        «Karmengo Argian» argitaratu ziran.

        «Egi biribiliak» errefran antzeko jakituri tantakadak dira, asko berak asmaurikoak eta asko beste izkuntza batzuetatik itzulitakoak. Ez dakit zenbat diran guztiz; baiña liburu eder bat egiteko beste bai.

        «Baserri gaiak», baserri-lanetarako ikasbide tantakadak doguz, eta mordoa dira oneik bere.

        Euskera erreza darabil geienetan Aita Martinek, erritarkeri eta garbikeri batzuk kendu ezkero.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Egi biribillak

 

        «Gizona ta txakurra ixilik, kontuz igaro olakoen ondotik».

        «Astoakaz ibilli, ta arrantzaka berez ikasi».

        «"Egingo dot, beti" diñoanari, ez siñistu larregi».

        «Neu ondo ta besteak or-konpon, olangoa ez kristiñau, ez gizon».

        «Nai gari, nai galtzu, emon ezkero ixilik artu».

        «Idiak beti bardin abestu, "mu" asi ta "mu" amaitu».

        «Ardaoa ta txaloak, alkarren antzekoak; gitxik adoretu, larregik mozkortu».

        «Barriketa luzea, ezta izango guztia egia».

        «Batera ezin egin guk, putz eta zurrut».

 

 

        Baserri-gaiak

 

        Baserrian bizi diranak, egualdia igarteko gironeurri edo barometro merkeak etxe inguruan eta basoan daukez, abere ta egaztietan zerbait oartu ezkero.

        Txakurrak lozorroan lelotuta lez gelditu oi dira euria laster danean.

        Katua, atzaparra belarri ostera eroanda, gitarra joteko plantak egiten badabil, egualdi okerra dator.

        Oilloak zorriketan ba diardue, odei-lañoak goirik bera zeozer bota gura dabe.

        Astoak, belarriak astindurik, arrantza luzeagoak egiten badabez, soloko bedarrak batu, buztiko ezpadira.

        Erleak, bizkor eta arin, erletegira egapetuten ikusten badozuz, euria edo ekaitza laster elduko da.

        Txoriak lumak garbituten eta elaiak lur inguruan dabiltzanean, ordu gitxi barru zaparrada on bat izango da.

 

 

        Esakerak

 

        «Abendua etxeratu ezkero, negu baltz zekenaren bustarripean aurkituten gara. Neguak geien baten emoten dauskuna auxe izaten da: Edurra ta izotza, gau luzea ta egun motza, kolkoan gosea ta oiñetan otza».

        «Abustuak urrengorarte esan ezkero, udaldiari laster entzungo jako: Gureak egin jok».

        «Orreik eztoguz kaletar askoren antzeko "nunzebarri"».

 

        [1] «Karmengo Amaren Egutegia», 1954, 62-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia