Etxebarria Toribio

1887-1968

 

        Nor zan

                «Zuzen ibilli eta

                jarraitu onena;

                lora eder guztieri

                ezti billa eztena;

                ta iñon txarra nai gabe

                itxain gure azkena» [1].

        Orra or, gure euskal-idazle onen jokabide ederra.

        Eibarren jaio zan Etxebarria Toribio. Eta erriko eskolara ibilli ondoren, damaskiñazalle ofizioa ikasi eban.

        Baiña, ogetasei urteko zala, Aiuntamentuko sekretaritzaren eskribiente sartu zan.

        Izan bere, «letretan dan guztia jakin bearrean», asko leiduta ta ikasita egoan ordurako. «Ez zan pasau iñungo eskola nausitik, baiña berezkoa ekarren. Bere buruz ikasi eban dakianik geiena» [2].

        Gero, aldi aretako Eibarko sozialismu-giroan, ALFA sortzen eta aurrera ataratzen berak egin eban bearrik geiena, ta bertako zuzendari izan zan amabost urtean. «Bere azierturik aundiena, dudarik barik, armagintzatik josteko makiñak egitera aldatzea izan zan» [3].

        Azkenengo Errepublikearen asieran, CAMPSA-ren ordezkari izateko izentau eban Gobiernuak, eta iru urtean ordezkari izan ondoren, azkenean bertako zuzendari egin eben.

        Baiña gerratea sortu zan eta erbesteratu egin zan.

 

                «Eta urteak joan ta etorri,

                ta urteak etorri ta joan,

                au mundu zabal guztia

                ziero ibillita eban;

                ta bere kapelapeko

                igartutako arpegian,

                zeru urdin guztietako

                laztanen gozoa zeroian;

                bideetako ikuskizunen

                ederra begien barruan,

                eta ia egun urteko

                soñuak belarrietan» [4].

 

        Erbestean euskaltzaletu zan, gizon eldua zala; erbestean alegindu zan:

 

                «Norberana ezagutzen

                norberana maitaturik,

                norberana jarraitzen

                ta norberana jasorik» [5].

 

        Eta leidu ta idatzi, bere Eibar kutuna gogoan ebala, lan ederrak egin ebazan.

 

        Idazlanak

        Liburu asko irakurri ebazan gure «Ibiltarixak».

 

                «Baiña bat —Biblia Sacra—

                nere bizi guztirakoa;

                milla urtean baneu be

                ezin agortutakoa» [6].

 

        Idatzi bere ainbat liburu idatzi ebazan. Begira:

        «Flexiones verbales de Eibar». «Euskera», 1963-64. «Su extraordinaria capacidad de trabajo, su conocimiento de idiomas, así como su sano criterio y orden, han hecho posible que en pocos años su labor sea tan copiosa. Y entre sus trabajos descuella, por el interés que representa el conocimiento de las formas de conjugación eibarresa en su doble aspecto de habla local y contribución al tan deseado atlas lingüístico del vascuence, el metódico estudio de las flexiones verbales de Eibar» [7].

        «Lexicón del euskera dialectal de Eibar (Arratetikuen izketia)». «Euskera», 1965-66. Lan ederra ta sakona, benetan, auxe bere, bere emazteak lagunduta egiña. Amar milla berba inguru dira, eta berba bakotxaren ondoan, zelan erabilten dan adierazoteko, folklore, esakerak, istoria atalak eta abar dakarz.

        «Ibiltarixanak». Zarauz, 1967. Bost liburu batera. Lenengo liburu biak poema antzera eginda dagoz, itz-neurtuz, Biblia, Eibar ta «Ibiltxarixaren» ibilteak oiñarritzat arturik. Irugarren eta laugarren liburuak, «olerki» txortak dira. Eta bostgarrena itzulpen bat da, itz-lauz: «Testamento Zarreko iru andrakume», «Tobias» eta «Job», eta «Margarita Nafarruako erregiñan ipuin batzuk».

        Liburu orretan agertzen da Toribioren fedea, jakituria, izadi-zaletasuna, gatza.... Toribioren gogoa ta biotza.

        «Ondakiñak». Argitaratu barik.

        «Euskera», «Euzko-Gogoa», «Egan», «Olerti», «Eibar» eta beste aldizkari batzutan bere argitaratu ebazan idazlan batzuk. «Arratetiko bat» erabilten eban batzutan izenordetzat.

        Erderaz bere idatzi ebazan bost-sei Lburu [8].

        Azkue Eusebio ta Arrese Beitiaren antzera, erri-olerkari bat dogu Toribio. Eta Euskalerria ta euskaldunak (Eibar ta eibartarrak, batez bere) ezagutzeko berebizikoak dira aren liburuak.

        Euskera aldetik bere, Azkue ta Arrese Beitiaren girokoa dirudi. Erri-erriko euskera darabil (Eibarkoa), erritarkeri ta guzti; eta itzez, aditzez ta esakeraz oso aberatsa da. Eibarko euskera «mordoilloaren» kontra berba egiten dabenak ixiltzeko erakutsi ederra.

        «Ya verán mis buenos amigos de Eibar, que aunque no he dejado de hacer algún esfuerzo para ahorrar erderismos en el léxico habitual de lo que fue la Casa del Pueblo, los corrillos de la Plaza de Unzaga, las veladas de Lagun-artea y los cien mentideros de la villa en que se discutía lo divino y lo humano en el viejo habla que hubimos de nuestros padres, no he tratado de hacer agua destilada, un producto químicamente puro que no le va bien a la salud. El agua potable que sirve a la vida, es la que desciende de la montaña arrastrando consigo ciertos elementos minerales que arranca a las entrañas de la tierra al pasar por los distintos yacimientos de su recorrido, y que desde el punto de vista de la química le son extraños» [9].

 

 

Lora eder batzuk

 

        Gure klasikuen esakerak

 

        Ara zer pasatzen dan

        oingo gizonekin:

        Danok begi ederrak

        t'alkar ikusi ezin

                (Maltienpo)

 

        Gaurko mundu zar onek

        badau zer zuzendu;

        ba, beargiñan goseak

        alperrak gizendu.

                (Mitin baten esana)

 

        Lotsi' zenbat norberak

        gitxiago euki,

        ainbat geiago al emon

        asko daukanari.

                (Kaitano)

 

        Sekulan amaitzerik

        maiteen kontuak;

        esan, esan t'esanda,

        beti esatekoak.

                (Bartoloneko armalleak) [10]

 

 

        «Gure» zan Ego

 

        Gure Ego, noizbaiten ziñan ederra!

        Zenbat bidar zaitut bururatzen nik,

        neskatxa garbi bat bez'la, Bizkaitik

        barrez ziñanean zu Eibarrera!

 

        Jainkoak zitun letz ein, ala ziran

        mendi-basoetatik orduan zure urak;

        pozturik, barritu ibai inguruak

        Maltzaaruntz zeroiazun kale-jiran.

 

        Sort'iturrietan bezin zintzoak,

        barrez ta saltaka arri artean,

        lo, milla osiñetan eiñaz bidean,

        aukera izan zeixen zure arraintxoak.

 

        Gazterik orduan zuk zenbat lora

        eta zenbat toki eder alboetan,

        gutar illena izan zeiñ amesetan,

        eta etzinda, begiraturik gora!

 

        Txoriak kantari, zure auzoetako

        lagun, umeak atar'tzen abian;

        friztiren bat noizik bein igarian

        gizonon bildur, urrin nai zalako.

 

        Zer keriza-leku zoragarriak,

        bai luze etzinda bat an gura bazan

        edo irakurri nai zerbait loratzan,

        edo maitetsu alkartu gazteak.

 

        Martiñeta, soiñeko pintauakin,

        zan, ur-bazterretan arrainzari;

        bustanikarea, arririk-arri,

        jolas baten ainbeste jatekokin.

 

        Ez ezik zendun uretan arraiña:

        eskal, eskaldarro eta sargua;

        zidarrezko loiñak eta bargua;

        kangreju, aingira eta amorraiña.

 

        Loiñak, azpi-zuri, bris-bristadaka,

        eguerdiko ordu bero sargorian;

        gorde guran sarguak arri azpian,

        t'azalean, eskal-zeia millaka.

 

        Amorraiña, Arkatxpetik zan gora,

        bargua, Azitaingo zubitik bera;

        kangreju atzekorra, ur korrontera,

        aingirak nun-nai, ba eben gorde nora.

 

        Baiña nundira gaur ondasun arek?

        nun a zan ederra Naturaleza?

        Nun orduango gauzen loitu-eza,

        ardura ez badau be oin ortariko ezerk?

 

        Len franko zenduzen ur aberatsak,

        auzoak diran'tik asi ta egarritu,

        itur-buruetan detsuez artu,

        zure urtzu garbiak biurtzek'baltzak.

 

        Ta beste dirugin zazkar batzuk,

        naikoa ez zala lapurreta au,

        edozenbat ondar detsuez nastau,

        ustel usaiña ez deizun falta zuk.

 

        A, gure noizbaiten ibai garbia!

        Ikusirik zure ondamendi ori

        —ziñanetik zertara zaran etorri—

        neugan dot itzuli nere begia.

 

        Ba, neuk be, urteak ditudanetik

        geiago umetango garbitasun a!

        ufal aundi askoren larritasuna

        igaro da nere biotzan zubipetik!

 

        Baiña nere zorionari eskerrak,

        ufal guzti orrek, ez deste onaño,

        basoetako bustin gorria baiño,

        eta ez antsitutzen diran loikerak! [11]

 

 

        Esakerak

 

        «Zer dala barik bota ninduen kalera».

        «Aberatsak geiago guran bizi izaten dira».

        «Gure, ai, gauza guztiak,

                mundu arlote onetan,

                beti badaezpadakoak

                zori arin baten eskuetan».

        «Izatea daben gauza guztiak, aldean, nai ta ez, euren bai ta eza».

        «Trumoi dringi-drango zatarren batek ez deion urteko izardi guztia utseratu».

        «Silojismo uts otza».

        «Ego-aize epelak

                zeru garbia orrazten,

                ta dantzan bezela orbelak

                aize-bietara batzen».

 

        [1] «Ibiltarixanak», 138-garren orrialdean.

        [2] San Martin Juan, «Ibiltarixanak», itzaurrean.

        [3] Ibidem.

        [4] «Ibiltarixanak», 308-garren orrialdean.

        [5] Ibidem, 163-garren orrialdean.

        [6] Ibidem, 346-garren orrialdean.

        [7] San Martin Juan, «Euskera», 1963, 54-garren orrialdean.

        [8] Ikusi: «Ibiltarixanak», itzaurrea, eta «Escritores euskéricos», 73-garren orrialdean.

        [9] «Ibiltarixanak», 237-garren orrialdean.

        [10] Ibidem; 185-garren orrialdean.

        [11] «Ibiltarixanak», 143-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia