Garro Benardo «Otxolua»

1891-1960

 

        Nor zan

        Ona emen beste idazle jator bat: Garro Benardo, «Otxolua», euskera barru-barrutik ezagutzen eban idazle trebea.

        Mundakan jaio zan. Eta eskoleari itxi ondoren, Komerzio karrerea egin eban Bilbon.

        Gero, emeretzi urtegaz, Arjentinara joan zan eta antxe bizi izan zan zazpi urtean. Euskaldun asko ta alde askotakoak ezagutu zituan an, eta, jakiña, bere euskera aberastu egin eban, «bere» euskera «gure» euskera biurtu jakon.

        Bere jaioterrira etorri zan barriro, 1927-garren urtean. Eta ezkondu, ta Mundakan eta Bilbon, bein banan, bizi izan zan arrezkero.

        Gizon ona ta alaia izan zan eta euskalzale fiña. Berak esaten ebanez, txikitatik izan zan euskalzalea, ta euskerazko meza-liburuak, bertso-papelak, asterokoak eta abar, oso atsegingarri izaten jakozan. «Batez bere, Añibarroren "Esku-liburua" izan ekidan irakurgai eta irakaslerik atsegiñena» [1].

        Euskalzaletasunak eraginda, ikasi ta ikasi, asko ta ondo ikasi eban, ta euskal-idazlerik jatorrenetarikoa biurtu zan.

        Goazan, bada, gure idazle bikain eta apain onen idazlanak aztertzera.

 

        Idazlanak

        Ainbat idazlan egin ebazan Otxoluak, eta «Euzkadi» asterokoan argitaratu ziran geienak. Eta itzulpenak dira geientsuak. Baiña zelango itzulpenak! Ona emen Otxoluaren aparteko zer bat, zera: Euskeratu barik, euskaldundu egiten ditu beste izkuntza batzutako idazlanak.

        Euskeratzalle ona izatea ez da gauza erreza. «Uste dan baiño gatxago ta neketsuago da euskerazko biurketak egiteko arazoa. Esan daiela, bestela, jostunak, gurasoen soiñekoakaz seme-alabentzakoak egitea zeinbat neketsuagoa eztaben izaten, dendarik arako eun-miesa oialakaz egitea baiño. Alosak arduraz artu, adabakiak kontuz ezarri, azpildurak zee zee egin, eta aletxe zaarrak jasean estalduarren, soiñeko zaar barriraztua guzur-agiñak eta odei euritsuak baiño bere errezago ezaututen dau begi lausoak eztaukazanak. Liburu euskeratuak, barriak izan arren, beti dauke zaar-antza; baserriko aize artean sortu ta jaio ta aziak izanarren, erdal-uri usaiña etxake joaten. Ezarri bekio oni arazoaren gaiztasuna ta edozein egongo da atzerea biurketan asteko» [2].

        Euskeratzalle ona izatea ez da gauza erreza. Baiña Otxolua euskeratzalle ona be ona izan genduan, euskeratuten bakarrik barik euskaldunduten ekialako.

        Zoritxarrez, sortzailleak baiño euskeratzalleak ugariago izan dira gurean, eta, gaiñera, batzuk euskeratzalle txarrak izan dira, euskaldundu barik euskeratu bakarrik egin dabezalako erderazko idazlanak. Berbarako, erderazko «cuánto nos reimos aquel día» euskeratzeko onelan egin geinke: «Zenbat barre egin genduan egun aretan!» Baiña obeto egongo litzake onelan euskeratzea: «Barretan egin genduan egun aretan!» Auxe da, izan bere, euskaldunduaz euskeratzea.

        Orretan maisua dogu Otxolua. Ikusi, adibidez, zelan euskeratzen dituan erderazko errefran ezagun batzuk:

        «Entzun, ikusi ta ixi, baketan nai badozu bizi».

        «Eztago gorrik gorragorik, entzun gura eztauana langorik».

        «Ulertzalle onari, itz gitxi».

        Otxoluaren idazlanik onenak oneixek dira:

        «Bertolda eta Bertoldin (Bertoldaren maltzurkeri zurrak eta Bertoldinen txaldankeri barregarriak)». Giulio Cesare Della Croce italiarrak amazazpigarren gizaldiaren asieran egindako liburu barregarri ta famau baten itzulpena da.

        «Biar Donianera».

        «Euskalerriko Abere eta Piztiak». Inglesetik eta erderatik eratuta.

        «Abere ipuiñak» eta «Abere dontsuak». Inglesetik euskeratuta.

        Lapurdierazko Barbierren «Ixtorio-Mixtorio» bizkaieratu eban. Olerki ta kantu-letrak bere ainbat egin ebazan.

        Eta, azkenez, Gomáren erderazko «Evangelios concordados» bizkaieratu eban. Baiña argitaratu barik gelditu zan.

        Euskeratzalle ona dogu Otxolua, benetan. Esan dogu len. Baiña joskeran, aditzean eta esakeretan bere, esakeretan, batez bere, maisua dogu. Zenbat eta zenbat esakera eder dituan, eta zelango jatortasuna darioen! Euskereari berari bakarrik dagokiozan esakera errikoi-errikoiak darabilz:

        «Jagi adi ortik eta idegi egidak atea, bein edo bein idegiko badok idegi».

        «Neuk entzun dautsadan-dautsadana diñotsut nik».

        «Barrerik egin barik zeugaz orraitiño».

        «Ako zaparradea atara dabena andra zoro ergelok, eta ezeri eztala, atan be».

        Aditzaren zearreko fleziñoak erabilten bere ondo daki.

        Baiña Otxoluak bere ba ditu akatsak: Garbikeria ta erritarkeria. Alde batetik, Aranak edo berak asmauriko ainbat itz darabilz; esate baterako, «bakalduna» ta «bakanderea», «erregea» ta «erregiñea» erabilli bearrean. Bestetik, erri-erriak agomiñen erabilten dauan modura idazten dau; esate baterako, «ixan, dozube, matte», izan, dozue ta maite erabilli bearrean. Bera bere konturatu zan, gerorantza, uts egin ebana. Eta esaten eban, barriro idatziko baleu beste era batera idatziko leukeala.

 

 

Lora eder batzuk

 

 

        Bertoldaren zurtasuna:

 

        —Zein da izan leitekean gauzarik lasterka ariñena?

        —Oldozmena.

        —Zein da ardaorik onena?

        —Iñoren etxean edaten dana.

        —Zein da iñoiz beteten eztan itxasoa?

        —Gizon zekenaren diruzalekeria.

        —Gazteagan izan leitekean gauzarik itxusiena zer da?

        —Esanekoa ez izatea.

        —Salerosleak euki legian gauzarik itxusiena zer da?

        —Guzurra.

        —Zein da etxean izan leitekean surik andiena?

        —Otseñen min gaiztoa.

        —Nor da daitekeanik ergelena?

        —Bere burua jakintsuenatzat daukana.

        —Zeintzuk dira osatu eziñeko gatxak?

        —Ergelkeria, biziena ta zorrak.

        —Nor da amari miiña erretan dautson arako semea?

        —Kandelearen babilla.

        —Zelan egingo zeunke galbaian ura ekarteko txiztillik ixuri barik?

        —Leitu artean itxaron egingo neuke, ta izotz egiñik ekarriko neuzketzu gero [3].

 

 

        —Zein da egunik luzeena?

        —Jan barik egon bear izaten dana.

        —Buruko uleak zergaitik zurituten dira bizarra baiño len?

        —Bizarra baiño leenago jaiorikoak diralako izaten.

        —Itsuak eurak be ezagutzen daben bedarra zein da?

        —Azuna [4].

 

 

        Bertoldinen txaldankeriak:

 

        Markolbek semea ain amorraturik eta itxura ain gogorretan etorten ikustean, ba diñotso:

        —Zer jazo jak, ene Bertoldin, orren asarre etorteko?

        —Urmaeleko ugarasioak eragin deuste amorru.

        —Zergaitik, baiña? Iraiñik edo egin daue ala?

        —Eurak jakingo dabe zer egin dausten; bai ondo be.

        —Lotan egonda edo, karrakadaka iratzartu ete aue, ba?

        —Ori baiño txarrago egin deuste.

        —Oskiak lokatzez zikindu?

        —Milla bidar txarrago.

        —Zer egin al izan daue, ba? Esan, bein edo bein.

        —Ez al dausku guri bakaldunak kutxatilla bete dukat emon?

        —Bai; eta zer?

        —Areik pizti madarikatuak etxataz asi, ba, lau baiño geiagorik eztauskula guri emon! Nik, barriz, artu esku bete dukat eta, zapa, jaurti dautsedaz eurak zenbatu dagiezan fia, ta oindiño eurak «lau'kat errukarri» ta «lau'kat errukarri», zoliago, ara bere. Jaurten dautset, orduan, beste eskukada bat, eta gero beste bat, eta, azkenean, diru guzti guztiak, eta alan ta be eurak oindiño abarrots andiagoz; «Lau dukat errukarri, lau dukat errukarri». Azken-azkenean, ugarasio demoniñook ain setatsu ta burugogor ikustean, amorruz beterik artu kutxatillea bera ta, draunba, jaurti dautset urmael erdi-erdira. Eurak zenbatu dagiezala, orain, banan-banan, eta ikusi dagiela zenbat diran bakaldunak guri emoniko dukatak. Etxamon; zenbatuta gero, kutxatilla barruan diruak sartzea baiño eztauke ta leorrera edo karelera atera. Orduan joango najake ni kutxatillearen billa eta diruak barruan dituzala ekarriko dot atzera etxera. Zer diñostazu, ama? Ezteritxazu ondo ala, arei piztiai guzurra iruntsi erazoteko egin dodanari?

        —Oi, ene errukarria! —egin eban oiu Markolbek—. Ene Markolbe zorigogorrekoa! Au bai dala iñok siñistu be ez egitekoa! Baiña zoro, ergel, tentel, zentzunbako, burubako, alako orrek, ori egingo euan egin? Etxakiat zek geldi erazoten jeustaan be, atzamar tartean, berperton, eu ei iratoteko! [3].

 

 

        Esakerak:

 

        «A zan izatekoa!».

        «Luze eretxita be ba nago dagoaneko».

        «Zer emazte ta emazte ondo!».

        «Ak egingo deustaz niri txerak eta labankeriak! Barretan egingo dau, barriz!».

        «Berau da au mosolorik asko, ta ez txikia be, gero!».

        «Oartu egikezu euliak izan oi daben jokerea; kanpora jaurti arren, atzera etorri dakie egiten».

        «Tira, kendu egidazu begien aurretik asto atsitu ori ta zeu be nora edo ara aldendu zakidaz».

        «Amesetan be etxatan eguno olako deabrukeririk bururatuko».

        «Aren arrantzak, aren alarauak, aren diadarrak, amaseikoak emon bearrean lepoa makillaka birrindu bear eutsela ikusieran!».

        «Aitearen! An sartzerik otu be egitea bakandereari!».

        «Laster izango da emen andra ori, oiñez dator etorri, baiña arin dabil ibilli-ta...».

        «Bertoldinen poza a ikustean!».

 

        [1] Villasante, «Historia de la Literatura vasca», 119-garren orrialdean.

        [2] Azkue R.M. «Ipuiñak», 207-garren orrialdean.

        [3] «Bertolda eta Bertoldin», 12-garren orrialdean.

        [4] Idem, 41-garrenean.

        [5] «Bertolda eta Bertoldin», 134-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia