Jauregi Gabriel

1895-1945

 

        Nor zan

        «Aldi gitxi barru, gure gaztediak erdera baiño euskera obeto irakurri, idatzi ta itz egingo jok...

        »Gazteak nai izatea baiño eztok bear; eta gaztediak gura jok:

                »Laster dator eguna;

                »sorkaldetik agiri da

                »argi gozo biguna;

                »bere aurrean bildurtuta

                »igesi doa illuna» [1].

        Amesak ames izaten dira beti, itxurazkoak izan arren. Eta Jauregi Gabrielen amesak bere, orixe, amesak dira. Baiña bizitzan zer-ikusi andiko zer edo zer egiteko, ostera, usteontsu ta ameslari samarra izan bear. Eta, orrexegaitik, gure Jauregi bere, usteontsua ta ameslari samarra izan ez balitz, ez eban ainbeste lan egingo Euskalerriaren alde.

        Karmeldarra izan zan gure euskal-idazle au.

        Aramaion jaio zan. Eta Bitoriako karmeldarren komentuan egin ebazan bere bizitzako urterik geienak, ango frailegeiai Fisika ta Kimika irakasten.

        Irakasle sakona, argia ta zeatza izango zan Aita Jauregi, bere idazlanak be sakonak, argiak eta zeatzak dira-ta.

        Lan asko egin eban euskal-kulturearen alde, bai argitaratu zituan liburuakaz, bai «Karmengo Argia» aldizkarian argitaratu ebazan artikulu mordoagaz.

        «Aramaio» erabilten eban izen-ordetzat.

        Zornotzan, Larrako komentuan, il zan.

 

        Idazlanak

        Aita Jauregiren idazlanik txalogarrienak eta goragarrienak liburu bi dira:

        «Pisia». Fisika irakasteko ta ikasteko, texto modura erabilteko liburua.

        «Kimia». Pisiaren antzerakoa. Kimika irakasteko ta ikasteko. Gaiñera, len aitatu dogunez, artikulu mordoa argitaratu ebazan «Karmengo Argia» aldizkarian: «Izarren goraberak»; «Iturriak»; «Oñaztarria»; «Erlea»; «Mentuak», «Erri-jakintza»; eta abar.

        Garbizale amorratua dogu Aita Jauregi. «Euskaldunei euskeraz idazteko gatxen etorten jakuna auxe dok: Gauza guztiak esateko itz zaarrik ez eukitea eta dagozan guztiak ez jakitea... Nik, esan bear joadazan gauzak esateko, itz barri asko asmau bear izan joadaz» [2].

        «Pisia» eta «Kimikn», batez bere, erderatiko jakintza-berba teknikuen ordez, «euskerazko» berba barri asko asmau ditu Aita Jauregik, aldi areko garbizalekeriak eraginda. Eta, jakiña, orrek asko illundu ta astundu dau bere euskera argi ta ederra. Penagarria, benetan!

        «Karmengo Argian» idatziriko artikuluetan ez da, orraitiño, orren garbizalea.

 

 

Lora eder batzuk

 

        Erlea:

 

        Erletegiak, or-emen or-emen, ugari dagoz.

        Erleak egiten daben ezti gozo-gozoa maite izaten dogu.

        Erleen bizitza, oiturak, ardurak, arerioak, gaixotasunak eta beste gauza asko ta asko erleetzaz dakadaz gaur.

        Erleuntz bakotxak irutariko erleak eukiten dauz: Erlamea (erregiña), erlemandoa ta erle-langillea.

        Erlamea (erregiña) bera bakarra izaten da, ta sabel-ipurdi luzea ta ego-rnotza. Erlemandoa aundia jatzu, ego luzeak daukoz eta guztiak eundakak izaten dira. Erle-langillea da txikerrena, ta ogetamar milla inguru daukoz erleuntz bakotxak.

        Langilleak eztena dauko; ezten au kakoduna da, ta, norbaiteri sartutakoan, ezin atara izaten dau, ta, bertanbera itxirik, il egiten da.

        Erlameak be eztena dauko; baiña ezta kakoduna ta, norbaiteri sartu arren, erraz ataraten dau. Erlameak (erregiñak) beste erlameen bateri bakarrik, bere eztena sartzen dautso.

        Erlemandoak eztenik eztau.

        Erlameak eta erlemandoak eztabe lanik egiten. Erlameak arrautzak ipinten dauz, eta bere arra erlemandoa da. Erlemando guztiak, udazkenean ilten dira ta udabarrian jaio.

        Erle-langilleak eztia egin eta erlemandoak agora jateko emoten dautsie. Erle-langilleak erlamearen zain bizi oi dira.

        Langillea nai erlamea, bost urte bizi dira.

        Erlameak arrautzak ipiñi ta ipiñi egiten dauz; beste zeregiñik eztauko. Erlemandoak jan eta jan. Langilleak, lanari sendo ebatu ta lanean zintzo ta aspertu barik jarraitzen dabe.

        Erle langille bakotxak, izentauriko zeregiña eukiten dau; erle-langille bakotxak bere egikizuna eukiten dau: Batzuk erlamearen (erregiñaren) ondoan, bera zainduz, dabiltz; beste batzuk, atezain; beste batzuk, eztia egiteko ura dakarre; beste batzuk, lorearen ateartean, barrukoai egotxoakin aizea emoten, zoli-zoli, ibilten dira; langille batzuk argizai-egilleak jatzuz.

        Lorearen auts billa doazan erleak, bitariko autsa badakarre, mota batekoa anka baten eta bestean bestetarikoa ekarten dabe.

        Ezti gozoa urdaillean ekarten dabe. Augaitik, urdail bi daukiez: Bata jatekoa egosi ta sabelera eroateko, bestea eztia ekarteko.

        Erleak euren ugazaba eztabe ezagututen. Erleen ugazabak zelan ibilli (au da, astiro, pirristada barik) ba daki, ta eztauz uxatuten, ta uxatu ezik, erleak eztabe ezertxu be egiten.

        Erlea erleuntz ondoan uxatu ezkero, berebiziko arin, asarratu egiten da, ta bere eztena sartzeko bizkor erabilten dau. Erleuntzatik urrin dabizenean, uxatu arren, bildurrez, lelotu egiten dira ta eztenik eztabe beingoan sartuko. Ondo janda dagozanean be eztenik eztabe sartzen.

        Orregaitik, ba, erlekumeak ondo janda gero egazka doazalako, eztabe, azkenetan baiño, eztena sartzen.

        Pekorotz erreagaz sortzen dan keak lelotu egiten dauz eta nora joan eztakiela jarri, ta lelotaldi onetan eztenik eztakie sartzen... [3].

 

        Esakerak:

 

        «Aixola buruan be ba egoan kastillo-torre bat».

        «Aguretxo batek, mutikoen lan txar au ikusi ebanean, samea luzaturik, asarrez, iñotsan bati: "Artzen baut artu, artutekoak artuko dozak, ba!"».

        «Laño baltzak orruaka asten diranean, oñaztarriak lañoetatik lurreraiño, sua ta garra darioela, jausten dira».

        «Iñor il barik ezereztu zan oñaztarria».

 

        [1] «Pisia», 10-garren orrialdean.

        [2] «Pisia», 10-garren orrialdean.

        [3] «Karmengo Argia». 1936, Bagilla, 186-garren orrialdean.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia