Giro barri bat

 

        Larramenditarren giro ondoren, aranatarren giroa sortu zan. Eta aranatarren giro ondoren? Beste giro barri bat (Geroak ipiñi beio izena).

        «Garbitasuna bear genduan, garbitasuna baiño balio garaiagorik ezpalego bezela. Menderen mende aotan erabilliak gozoz eta zaporez bete zituen itzak baztertu eta arbuiatu genituen, orien lekuan —zerbait ipintzen genduanean— ez kolorerik ez usairik etzuten berrikeriak ipintzen genituela. Beste edozeiñek egiten zuena bere izkuntzan, egingo genduen guk ere gurean, baiña ez besteak bezela; guk ori berbera egin genezakean ankak mozturik, besoak loturik, baita burua txapelarekin batean zoko batean utzirik ere...» [1].

        Garbitasuna bear genduan, eta irugarren iturria, edo dana dalakoa, sortu zan: ametsezko iturri barria.

        Ur garbia, ur «utsa» emoten eban; baiña ur motela, indargea, edateko gauza etzana [2].

        Garbitasuna ona da; garbikeria ez. Izan bere, garbikeriak estutu, ito, kadendu egiten dau euskera eta ilteko arriskuan jarri.

        Arana ta aranatarren barriztate-gogoa ona zan. Ain zuzen bere, barriztau, osotu ta osotu egin bear da euskera, biziko bada. Baiña, «euskera gaixoak operazio asko dauzka egin bearrak, eta, guziak batean egin ezkero, il liteke» [3].

        Aranatarren giro itotik urteteko leenengo atea Altubek zabaldu eban, 1920-garren urtean Bilbon egin eban itzaldi bateaz. Irakurri daiguzan itzaldi eder orren zati batzuk:

        «Aundiak dira, bai, gaur, gure izkera maite onen bizitza gaixotu au osatzeko jarkiten diran eragozpenak. Euskaldunok gure biotzetan asmetan dogun beraganako suzko maitetasun aundiaren berotasun oso-osoa bear dau ez ilteko, Europako izkera zaarrena dogun gure euskera maite onek. Baiña gure maitetasun ori, ez bedi itsua izan; maitetasun itsuegia, sarri, maite dogun gauzearentzat, laguntasun ordez eragozpen izan oi da-ta, mesederen ordez kalte.

        »Maitekeri itsu orrek, euskerearen bizitza edo izatetasunaren goitik, beronen edertasuna, zelakotasuna, imini oi deusku sarri; eta zentzunbakokeri orrek, bide okerretik eroan ginaikez...

        »Maitetasun benetakoak, obe dogula dirausku, geure euskera au, ingelandatarren izkerea bezela erderatiko itzez burutik eta oiñetara josita, baiña osasun sendoz bizirik ikusi, latin izkerea bezela, eder eta txukun baiña ilda aurkitu baiño» [4].

        Baiña Altuberi ez jakon jaramon andirik egin. Eta aurrera jarraitu eben euren bidetik aranatarrak.

        1936-an, gerratea sortu zan. Eta euskera-lanak bertanbera itxi ziran.

        Gerratea amaitu ondoren, euskera egiteko ta idazteko bildur andi bat sortu zan euskaldunen biotzetan. Baiña, 1950-garren urte inguruan asita, barriro bere, geldiro-geldiro, euskerazko lanak agertzen asi ziran. Eta, arrezkero, ainbat eta ainbat idazlan argitaratu dira, bai aldizkarietan, bai liburuetan.

        Gaztedi barri bat agertu da.

 

                «Gazte gera, gazte,

                ta ez gaude konforme...».

 

        Literatura-giro barri bat sortu da; giro barri eta larri bat. Giro barri bat, garbikeriak garbitzen eta euskera batu bat egiten diardugulako; giro larri bat, euskaldunok geroago ta gitxiago garealako.

        Giro barri onetan, garbikeriak garbitzen diardugu, garbikeri-mitoa desegiten [5]. Izan bere, «lurreko loiez gatzatuak eta mamituak daude lurreko gauzak oro. Euskerak bere garbitasun artan iraun zezakean Paradisuko izkuntza zeiño; baiña Lur-paradisua utzi genduen ezkero —an nonbait, Phison, Gehon, Tigris eta Euphrates ibaien inguruan—, maiztu, zarpildu eta loitu bearrean arkitu da, dirua eta jazkiak bezelaxe. Orrela izango da aurrera ere, biziko baldin bada. Auta dezagun, bada, bein eta betiko zer nai dugun: euskera garbia ala bizia. Eztago beste aukerarik» [6].

        Desegin daigun, bai, garbikeri-mitoa. Baiña kontuz ibilli bearra dogu. Bizkortu nai badogu, leenak erakutsi beigu etorkizuna. Ez gaitezan ibilli beti ura pasauta gero presagiñan.

        Uts asko, oker-ibilte asko egin dira, zoritxarrez, oraiñarte. Ez gaitezan, bada, orain bere, alde batera larregi joan, lenagoko geiegikeriai beste geiekeri bat gaiñeratu ez deioegun. Euskera bizia, jatorra, darabilgulakoan, euskera ez dan edozelango naaste zikin bat, edozelango mordoillokeri bat erabilli geinke, eta ur garbiegia kaltegarri izan bajaku, ur loiegia bere kaltegarri izan litzakigu.

        Desegin daigun garbikeri-mitoa; baiña orren ordez mordoillokeri-mitoa sortu barik.

        Giro barri onetan, euskera batu bat egiten bere ba diardugu. Izan bere, «batasuna lortu gabeko izkuntza, beti motx, lotsagarri eta prestijio gabe gelditzen da. Eta ala gelditzen da, gaiñera, ez kanpokoen aurrean bakarrik, erritarren artean ere bai. Bateratua ez dagoen izkuntza, nekez sar diteke eskolan eta nekez irakats diteke. Batasuna egindako izkuntzekin, izkuntza zatikatuak ezin burruka dezake, oien ondoan ezin du bururik altxatu» [7].

        Bear-bearrezkoa dogu batasuna; premiñazkoa dogu euskera batu bat gure literaturan batez bere, nortasuna, indarra ta sendotasuna izan daian onek.

        Egin daigun, bada, euskera batu bat. Baiña kontuz ibilli bearra dogu onetan bere. Ba dakigu oraiñarte zer jazo dan: «Irurogeiren bat urte daramazkigu batasunera bidean, eta ba dirudi, fruituei bagagozkie, batasun ori uxatzen aritu gerala egiñaalean, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian, bai orain Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan. Euskalkiak naasi, bai, egin ditugu, Pasaiako ardogilleek kolore bateko edo besteko ixurkariak naasten omen dituzten eran; baiña naastea ezta batzea eta ezta beiñere izango. Ondorea: "euskeraren" legeak dakizkigulakoan, iñor gutxik dakizki gaur bere euskalkiaren legeak; are geiago, eztakigu geienek zein euskalkitan ari geran ere...» [8].

        Zuur jokatu bear dogu. Eta erriagaz eta erriarentzat; artifizialkeri ta indarkeri barik. Bestelan, batasuna egiten diardugulakoan, euskalki bat geiago edo «euskeranto» bat egiteko arriskuan gagoz. Eta leen bere naiko naaste dogularik, azkena izango litzake ori.

        Zentzunez jokatu daigun. Euskereagaz eta euskerearentzat. «Gu gara izkuntzari makurtu bear gatzaizkionak, ez izkuntza guri, gogoak ematen digunean eta gogoak ematen digun bezala» [9].

        Oraiñarteko bizkaiera batuan egin dot, orrexegaitik, liburu au. Eta sortubarri dagoan batasun giro bizi ta bero onen aurretiko idazlanak bakarrik aztertu dodaz.

        Egia esan, bizi diran idazleak liburu onetan sartzeko asmorik ez neban leenengotan. Baiña utsune orregaz liburua osotu barik geldituko zala-ta, urrengo datorren laburpen ori erantsi neutsan.

        Gure aldiko idazle batzuk aranatarren girokoak dira; baiña ildakoak eta bizi diranak banandutearren sartu dodaz gure aldiko idazleen artean.

 

        [1] Mitxelena Luis. «Asaba zaarren baratza». «Egan» XVII, 121-130.

        [2] Begira, adibidez, aita Arriandiagak euskeratutako Ebanjelioaren zati bat: «Zin-ziñez dirautzubet, —esan leutsen Josuk— eleutzuben Moisak emon ortzi-ogija; emon be, nire Atteak damotzube ortzi-ogi egija. Urtziren ogija dozube, ba, ortzittik jatsi eta gixadijari bizmena damotsana.

        »Jaunoi: inguk ogi ori beti —esan leutsaen.

        »Ni nerau nozube bizmen ogija: nigana letorkikedana gose ixango ezta; eta nitzaz ziñetsi daikena, egarri ixango ezta egundo —esan leutsen eurei Josuk—. Ikusi nozubela ta eztaustazue ziñesten, irautsi dautzubet. Atteak damoskedan guztija neugana datorkiket; eta neugana datorkikedana, eztot nik landara egotziko. Ortzittik, ba, enintxozuben jatsi ni neure gurea egitten, ni igorri nindubanarena egitten baño. Eta auxe dozube ni igorri ninduban Attearen oldia, ukañi leustaniko ezertxorik galdu eztagidala, eta bai azken-egunan ilpiztu dagikedala (Jn VI, 32-39)». («Goizparraik eta Beldubaik egiña». Itxaropena. 1959).

        [3] Orixe, «Urte guziko Meza-Bezperak». Itzaurrean.

        [4] «Altubetar Seber, euskaltzain berriak bere sarrerako egunean irakurritako itzaldia». «Euskera», 1920.

        [5] Ona emen gaurko kantu-letra bat:

                «Zergaitik zara zu

                mitozale baldresa,

                aldrebesa?

                Mitoa beti da

                ametsaren ametsa,

                ezereza.

                Euskera garbi ta ederra

                nai dozu, euskera utsa:

                "bakalduna" ta "txadona",

                "donoki" ta "arkatza".

                Garbi, garbi, beti garbi

                naiz ta aditu ez itza.

                Garbikeri mito motza,

                izkuntzen eriotza!

                Zergaitik zara zu...».

        [6] Mitxelena Luis. «Asaba zaarren baratza» Egan, XVII.

        [7] Villasante Luis, «Jakin», 31-32, 5-garren orrialdean.

        [8] Mitxelena Luis, «Asaba zaarren baratza».

        [9] Mitxelena Luis, «Asaba zaarren baratza».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia