Ziarsolo Manuel «Abeletxe»

 

        Bilbon jaioa (1900).

        Kirikiñoren jarraitzaillea da Abeletxe eta erri-erriaren filosofia umoretsuagaz egosten ditu bere idazlanak.

        Aldizkarietan argitaratu ditu bere idazlanak, eta ezagunenak bere «Gazi-Gazak» doguz, astero-astero «Zeruko Argia» aldizkarian agertzen diran artikulu umoretsuak.

        Teatro-lanak bere ainbat egin ditu (ekitaldi batekoak geienak): «Jai-aurrekoa»; «Bermioko portuan»; «Sorgiñak Etxaburun»; «Jai arratsalde baten»; «Afal orduan»; «Artzaiñaren ametsa»; «Agur Donibane»; «Goiz otoia»; «Atsoa gaztetu bear dogu»; «Parisera gogo txarrez»; «Saku jantzia»; «Gabon gabonetan»; «Eztegu t'erdi»; «Bertsolari sariketa»; «Katalin errotako»; «Gogozar Berbizkunde goizean»; «Eguberri aizeak»; eta abar.

        Artu daiguzan, bada, Abeletxeren lora eder bi, bere jakituria ta bere umore ona ikusteko.

 

 

        Agur

 

        «Agur, luze aña labur».

        Esakun ori egin ebana ez zan izan motela.

        Izan be, AGUR, itzez laburra dozu; baiña izatez, esan-guraz, luzea, luzerik bada.

        Askok uste dabe, aldetzerakoan, joaterakoan, gaztelarren «adios» adierazteko dala bakarrik itz polit eta txukun ori. Ezta orlan. Agur esaterakoan, gero arte, biar arte, urrengo arte ta abar esaten dogu. Baiña agurra, aldetzerakoan ezezik, etortzerakoan be, arrera egiterakoan be, bardin-bardin erabiltzen da. Esaterako gaur, berton, Bermeon, norbaitek aspaldian ikusi eztauna ikustean, alaitasunez esan oi dautso: «Agur zeuri!». Erantzuna: «Agur zeuri be!», izaten da. «Bien venido» ta «Bien hallado» esatea lez. Beraz, agurrakin izaten da arrerea ta bardin aldekerea.

        Agur itz onekin adierazi daikeguz gaztelerazko oneik: «Saludo», «Ave», «Salve», «Adios», «Adorar», «Hola» ta abar; azkenik bakoa baita gure agurra; aundia, biotz ikuitgarria.

        Nork eztau ezagutzen kanta au: «Agur Jaunak; jaunak agur, agur t'erdi»?

        «Agur t'erdi» orren zabalerea, luzeerea, eztira errez neurtzekoak. Agurra luze bada «t'erdi» orren esangurea ezta laburra; amairik bakoa da. Gure artean, edozein jairen azkenean abestuten da, ta ez uste izan txarto erabilia danik, baiña kanta ori asikerarako egiña da... [1].

 

 

        Izkirimiri bat

 

        —I, Peilo. Leen D. Peperen olloak ire baratzean sartuta ikusten naioazan zorriketan eta bedar ta azorriak jaten egunero. Baiña aspaldion etxoadaz ikusten. Zelan uxatu dozak? Zer xistema asmau dok ori lortzeko?

        —Xistema erreza, mutil: Gau batez, bedar artean arrautza pilla gorde naioan. Urrengo goizez, D. Pepe ori gure baratzera begira jarri zanean, joan nintzoan bedar arte ortara ta banan-banan arrautzok kolkora jaso. Santo erremedio! Arrezkero eztok azaldu aren oillorik [2].

 

        [1] «Agur» aldizkaritik artua, Orrilla, 1970.

        [2] «Zeruko Argia», Uztailla, 1961, «Gazi-gazak».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bizkaiko euskal-idazleak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia