Muniategi Sabin
Gautegiz de Arteagan jaioa (1912).
Olerkari ona, sakona ta ugaria.
Amaika olerki eder argitaratu ditu azkenengo urteotan! «Olerki» aldizkarian geienak.
Bere idazlanik ederrenak oneixek doguz:
«Goi Aize». Bilbao, 1936.
«Ni ez». Unamunoren «El otro». Argitaratu barik.
«Bidean gora». Laister argitaratzekotan. Olerki txorta zoragarria.
Ona emen lora eder bi:
Nire ibillia da...
Nire ibillia da
eguneroko
bizi-bearraren
bidezko egite
ta, zalantza...
eguneroko
joanaren
joate
ta, norberazko
ikuste...
muin zarraren
berritzeko
gogo,
ta, ikara egundua...
egunik egunerako
joatearen
joatezko,
ameskizun
bein ta berriz
berritua [1].
Kalbarioa
Danok dakiguna da; bai, dakiguna...
gure bidegite ixil neketsuan
ezin dala, ezin dala itzik egin,
ezin dala ez destaiuz ezer esan.
Erria lozorroan,
lozorroan dakusgu;
erdiak eta geiago
lotan,
erdiak eta geiago...
ai! guk gutxiok ezin,
iñolaz ezin degu,
erdizka besterik
asko,
gauza asko esan.
Eta bidebera,
erroiak ta erroiak
ta ezten gaiztozko sugeak,
ezten zorrotzez;
gorrotozko aunitz etsai
ta piztiak zirika
albo ta saietzez...
O, au bai gauaren gautada illuna,
au bidegite kementsu ta aztuna!
Ai, bazenki bidegite onetan
zenbatzu arantza ta zenbatzu ostopo,
zenbatzu izerdi ta odol ta malko,
zenbatzu irain jasan bear diran,
eguneroko ekañaldi estuetan!
Bazenki gure odoi-tanto,
gure izerdi, malkoetatik,
zenbatzu lili ta larrosa lurrantsu,
bazenki zenbatzu lore sortzen diran!
Bazenki gau illunaren ondorengo
arginabar ta goiz argiak
zein egun jorantsu biurtzen diran!
Bazenki itxaro-egoak,
alegin bizi kutunetan
noraño sustartu, sakontzen,
noraño zabaltzen diran...!
Ai, ori bazenki, bazenki
bizi-emate ori zein ederra dan,
bide-lagun on bat ziñake,
bai, gure Kalbario maitean [2].
[1] «Bidean gora».
[2] «Bidean gora».
© Mikel Zarate