Alzola Nikolas
Izurtzan jaioa (1922). Lasailletarra (Eskola Kristiñauetakoa). Erlejiñozko izena: Anai Balendin Berriotxoa.
«Gaurkoz gutxi izango dira Euskalerrian bera lango langillerik kultura arazoetan. Ainbat aldizkaritan ainbat izenegaz agertzen dira bere emaitza onurakorrak. Bere idazkiok zein aldizkaritan agerrerazten dabezan baiño errezagoa ta obeagoa litzake zeintzuetan argitaratu ez daben aipatzea. Ez dot ezagutzen bere luma sartu ez daben aldizkaririk, naiz erderaz, edo naiz euskeraz. Izan be, iñork bai al daki zenbat izenorderen pean agertzen diran bere lan orreik?...
»Gure Nikolas Alzola Gerediaga, Anai Balendin Berriotxoa, N. de Cortazar, Bitaño, Markue, Ozerin-Jauregi, Altzarte, Dolometa, Oxiñondoko Txoria, V. del Parral edo danalakoa, ez da erreza izanez eta izenez mugatzea. Noizbait konturatu zan euskal kulturaren arloan asko egoala egiteko ta gutxi zirala egingo dabienak. Ta bera lezko gizon kezkatiak ezin leie arnasarik artu esparru estu batean. Arduraz eta leun aztertu ditu gure kondaira, bibliografia, literatura, biografia laburrak, erri-ipui ta abar, ta ez gutxitan gure artisten lan eta bizitzaretzaz. Olerkari saillean be aspalditik dabil, ta azkenengoz artu daben bidetik (ikusi 1966-ko "Egan"-en; Oar laburrak: "Kantuz eta itxaropenez" poema eztitsua) kimu barriak emongo deutsaz eusko-olerkaritzaren magalari» [1].
«Berbaz urri, baiña zer-esantsu. Anai Berriotxoa pintatzallea ta dibujogintzari emona be ba da; lumaz esaten dituan gauzak be, esango neuke nik, irudi baten azpian, kuadro baten azpian azalgarri ipinteko egiñak dirudiela. Ortik euren laburtasuna. Pintatzalle batek, margolari batek orixe egiten dau: ikuspegi andia dana oial baten txikitasunera ekarri. Gure idazle onek bardintsu egiten dau: barruko ikuspegiak, andi andika, laburturik emon, euskera errez gozatsu baten.
»Idazkereak, estiloak, norbaiten izakerea ta nortasuna agertu ta salatzen baditu, idazle onen idazkereak beronen arte andia, epea, egoarria agertzen dituela esango neuke. Bere berbai naiñondik darie bake-giroa» [2].
Orain arte, liburu bi argitaratu ditu:
«Cien autores vascos», San Sebastian, 1966.
«Atalak» (Erkiaga, San Martin eta Akesoloren itzaurre irukotx ederrarekin), Zarautz, 1967.
Azkenez, ona emen lora eder bi:
Udagoiena
Sartu gara Udagoienean.
Gorritxu dagoz mendiak. Asi dira jausten zugaitzen orriak, oritu ta gero.
Iñoz baiño ederragoak baserrietxeak, kare zuriekin dotoretuta.
Amaitu ziran gari-joteak.
Artoak eldu dira, eta agura zarren antzera buruak makurtuta, artoburuak.
Asi dira idaebagiteak.
Umeak be asi dira eskolara.
Kanpotarrak, joan dira uri-aundietara.
Emen gelditzen gara gu, gure eginbearrak betetan, ogia eta zerua irabazteko.
Ibarlako erreka ertzetik joan etorri bat egin dogu, arratsaldeko illuntzi inguruan.
Aiako aitz-tontorrak gorrizkatsu ikusten dira, Oiartzun aldetik.
Elaiak argi-indar arietan dagoz pillotuta, Ego aldera danak batera joateko.
Mutiko bat dator baserri batetik, otzaratxo bat bete sagarrekin.
Mutiko potoloa da.
Udagoienaren irudia dala egiten jata neri [3].
Kantuz eta itxaropenez
Neuk be eztakit nik zelan urten eban
arek kantu barri arek
nire ezpan mutuetan
Bertan-bera itxi eutsien
euren olgetiari
auzoko umiek be
nire kantu barria entzuteko
Eta makillia eskuan artuta
zutundu zan bere jesarlekutik
agura zarra be,
nire ingurura
etorteko
negar anpuluak ekazan begietan
eta irribarrea ezpanetan
barriro gaztetu egin ete-jakon ba biotza
nire kantu barria entzunda?
Nundik eta nora etorri ete-zan ba
nire ezpain mutuetara
a misteriozko kantu ez ezaguna? [4].
[1] San Martin Juan, «Atalak», itzaurre irukotxean.
[2] Akesolo Lino, «Atalak», itzaurre irukotxean.
[3] «Atalak», 68-garren orrialdean.
[4] «Oar laburrak: Kantuz eta itxaropenez», «Egan», 1966, 32-garren orrialdean.
© Mikel Zarate