Gandiaga Bitoriano
Mendatan jaioa (1928). Frantzizkotarra.
Gai sakonak eta euskera ederra darabil beti euskal-olerkari onek. Gaurko olerkaririk onenetakoa dogu. «Nekez ager diteke Gandiagaren neurrikorik» (Mitxelena Luis).
Bere idazlanik ederrena «Elorri» liburua da. «Goratasun edo mailla ontako gauzarik eztala egundaiño egin gure izkuntzan esango nuke nik» (Aita Villasante).
Olerki asko argitaratu ditu «Olerti», «Aranzazu» eta «Egan» aldizkarietan bere.
Ikusi daiguzan, bada, bere lora eder batzuk:
Ez egidazu esan
Ez egidazu esan
biotzik ez dodanik,
zure maitasuna
alde batera itzirik,
komentu latz ontara
etorri nintzalako.
Biotz asko bear da
biotza ukatzeko [1].
Zein laister
Zein laister betetzen
garean ez-deusez.
Zein laister ustutzen
garean ain errez.
T'ez-baiez ta urduriz
ta aduz eta alaxez,
jorantsu zein laister,
beti be, ta ain berez.
Eziñen ateetan
betiko eskale,
gurari miñenak
ezin ditut bete.
Usteak zein ustel!...
Aizeteen mirabe,
ames bakoitza jat
lillura ta neke [2].
Zeurekin noa
Gizon begi-goritu,
gizon jagi-zale,
gizon griñen-katigu,
gizon miñez-bete...
Gizon...
Zeuk legez daukat
arima gartsu bat.
Zeu legez nekatzen naz
muga leun baterantz.
Gorputza, zur ta burdin.
Ariman indarra.
Bien artean, beti,
zerbait, kirri-karra.
Etzan izan koipea
jan gendun sagarra.
Lander doa itxasoan
gure ontzi sorra.
Gizon begi-goritu,
gizon urten-zale,
gizon bakez-gosetu,
gizon katez-bete...
Gizon...
Zeuk legez daukat
arima gartsu bat.
Zeuk legez, naikun biren
soka-tira daukat.
Gorputzak bere gusto
gaiztoak ba ditu.
Zeiñen sendo jakozan
ta zeiñen zoratu!
Begi gabe daroe,
arriskuz-arrisku,
engaiñuzko loturaz
biziro katigu.
Jaunak geure menpeko
egin eban lurra.
(Baiña ba dogu, nunbait,
zaiñetan mozkorra).
Gurari illun bateri
makurtuz bizkarra,
jabeak morroiari
zor ez deutsan zorra.
Arima, bere aldiz,
ernegu da bizi.
Ezin da beekoz ase
fiñagoa izaki.
Espiritu ta gorputz
biekin bat naz ni,
bien nai ezbardiñak
nabe gerra-toki.
Gizon, zeuk legez daukat
arima gartsu bat.
Zeuk legez, naikun biren
soka-tira daukat.
Betiko jardun baten
nekea daroat:
Ezagun nau gogaitak.
Etsipen lagun jat.
Zeuk legez esaten dot
neure zori miña,
negarrez erregutuz
poza ta atsegiña.
Atondu nai daroat
ai, naia ta eziña!
zalantza, aize, fedezko
barruko lorriña.
Adimenaren illun,
oroimenen ausle,
borondateko uger,
naikerien aize,
sentiduen engainu,
indarraren kalte,
ostutako sagarrak
zenbat bear deunge!
Atsegin baratzean
sagarrak kimetan.
Tentaziñoa orri
orlegi artean.
Ume nintzan goizean
gauzak argi ziran.
Begiotan illuna
gero azaldu zan.
Gizon begi-goritu,
gizon lertu-zale,
gizon griñen-katigu,
gizon miñez-bete...
Gizon...
Zeurekin noa
mugako porturantz,
gauzak argi dagozan
erri askaturantz [3].
Zein gozoa dan
Zure barririk ez neukanean
neure Jaun eta Jabea,
sarri pentsatu neban, zoroki,
zugandik ezkutatzea.
Baiña zugandik nor ezkutatu?
Orain ba dakit, Jainkoa!
zugandik iges niñoialarik,
zeugan nengoan osoa.
Ene, Jaungoiko neurri gabea,
urbil neurea ta urriña,
zein gozoa dan zugandik alde
al eziñaren eziña! [4]
[1] «Elorri», 179-garren orrialdean.
[2] «Olerti», 1967, 6-garren orrialdean.
[3] «Elorri», 157-garren orrialdean.
[4] «Elorri», 86-garren orrialdean.
© Mikel Zarate