Bilbao Antonio
Morgan jaioa (1937).
Beste euskal-idazle askoren antzera, ainbat izenorde erabilli ditu gure olerkari onek bere: «Mintegi», «Atxondo», «Aurrekomendi», «Itxaskirru» eta «Morga».
Olerki liburu bat egin dau; baiña argitaratu barik dago oraindiño. Orain arte argitaratu ditun idazlanak aldizkarietan agertu dira.
Ona emen bere lora eder bat:
Irribarre ta lore
Maitea, ames daigun batera,
ikuste zoragarri bat ba jatorku
begien aurrera.
Ara, une batean,
bizitzak daukan ederra.
...Musker dago bazterra,
zugaitzak ler-bear.
Pozaren barria ugalduz
loreak apaingar.
...Lotskor eta bikain
kuruntzun-lorea:
birjin baten jantziaren
lotsea dirudi...
Ara non makatza:
ur garbien bitz zuria gorantza...
Sortegun den, maitea,
izate orok barnean daukan
indar ta zoramen...
Izadi oro baitago bestan:
gaur egubarri!
ale asko sorturen
laztan bizitzari.
Poztu bitez, maitea, zure begiak.
Ederra baitogu jauregiz,
izadi guztia eliz,
solas gaitezan maitemin!
...Larros botoek girri,
argi-bera larri,
ler adi lore,
eguzkide gar guri!
Ortzipean dator gurpil arrigarri
izadi mirariaren
sorkun eta arri.
Zugaitz orri barriak
irri, irri, irri,
zugaitz gainburuak
eguzkitan igeri...,
orri aizetuek kili-kili.
Atsegiña ba da goizeon ugari.
Txoriak ikas dabe ikas
ainbat zoragarri;
txindorra goizerik,
arat-onat jolas,
abes bizitzari.
(Lorak eta bedarra
sortzen sarri-sarri...)
Lillura zoramen bat
intxaurrondo loretan,
irribarrea dirudie
alako begi orietan...
Egazti-piztiak ba dakie
maitasuna zer dan:
kukua aristietan,
lantzarrean txirri-txirri...
(Bizidun oro sentitzen da
gaur olerkari...)
Arnas andi bat dago
alde guztietan...
Bizitza den, maitea,
bizi gura andi,
bedar, zugaitz, sasi,
solo, lantzar, lorea,
ta Izadiak Izadi.
Lantzar onen erdian kerizea,
keriz eder paregabea...
Edan bekie, maite, zure begiok,
keriz onen lillurea,
begira zaitudanean
zoratu daitezen neuriok...
Bestalderantz zu, solondoko sagasti,
lora-atsegiñetan
zu zara nagusi.
Aurrian naukazu,
zoramenaren arian,
zu gurtzera urtenda
arimea begian...
Sagasti zuri, sagasti geldi!
Altzo bete lora aidean.
Nork jarri ete orren lore
zure amantalean?
Sagasti zuri, sagasti geldi,
poz andi baten jauztiri,
milla txibirita alboetan
dagoz zure adi,
milla tximelet zure oiñetan...
Nor zaitugu, sagasti zuri,
ametsen erditze zoragarri,
ederraren berpizte?
Emazte gaia, nonbait, bitxiez jantzita
senargaiaren adi?
Nor zaitugu, sagasti lore?
Ezkontzara zatozan
Jaunaren mirabe,
ala Jaunartzera datorren
Zorionaren ume?
Nor zaitut Zu, Ederra,
uso zurien algara,
uriturren edurrite,
lora andi baten auste,
loraen eurite?
Geldi nai zaitut,
irribarre ta lore,
lora nai zaitut azkengabe,
gurtzen zaitut Eder-une... [1]
[1] «Euskera», 1962, 347-garren orrialdean.
© Mikel Zarate