—8—

 

                «Andra Maria:

                otzon hortz zaharra,

                t'ekatzan berria».

 

Gure Mari ikustea ez da gauza erraza izaten. Izan ere, nire ama orain dago hemen, gero han, behin Zuberon, behin Araban... Eta nork jakin horrela gure Mari non dagoen?

        Anitz bizileku ditu lurraren barneko eremuetan. Gipuzkoan bakarrik ditu hamazazpi. Ez ahal dakizu zeintzuk diren? Hona hemen: Garagarza, Kutzeberri, Atxorrotz, Gaiztozulo, Aketegi, Sugaarzulo, Aspildi, Ubei, Murumendi, Marizulo, Txindoki, Azarizulo, Olanoi, Otsabio, Laparko Leizazulo, ta Obantzun.

        Buruz dakitzit ikasiarazi egin zizkidalako haurtzaroan (ni kixmitu baino lehen) gure Mari-k. Bizkaiko bizilekuak hamasei dira: Gorbea, Oiz, Mugarra, Aizkorri, Aralar, Aiako Harria, Orimendi, Balzola, Supelaur, Atxali, Sarrimendi, Mariren Koba, Gabaro, Kanterazahar, Otoio, ta Damazulo.

        Arabakoak hiru baino ez dira: Kapildui, Okina, eta Zaldiaran.

        Nafarroan zazpi ditu: Odebe, Udabe, Beraingo Leze, Mugiro, Akelarre, ta Auza.

        Lapurdin bost: Arrobibeltz, Lezia, Fahardiko Harri, Marixilo, eta Mondarrain.

        Zuberoan ere beste bost: Lexarrigibele, Lezenobi, Beli, Azalegi, eta Otxilarre.

        Baxenabarren bat bakarrik du: Zelharburu.

        Zoragarrizko pinturaz apaindurik ditu bizilekurik ederrenak. Mamut, lehoi, hartz, otso, bisonte, basahuntz, zezen, zaldi, basurde, azeri ta holako piztien irudiak ageri dira pintura hoietan. Txoriak ere bai: arrano, txolarte, eper, belabeltz... Arrain batzuk, arbolaren bat, sareak eta giza-eskuak (giza-irudirik ez).

        Mozorroz jantzita ibiltzen da beti nire ama. Bere etxe barruetatik dabilenean abere ta piztien mozorroak erabiltzen ditu (aker, ahari, zaldi, bigai, suge, erensuge, putre...). Kanpora ateratzen denerako beste mozorro-jantzi batzuk ditu: zuhaitz, haize burrundara, laino zuri, ilargi, suzko igitai, emakume...

        Ez dakit noiz ezkondu edo elkarganatu ziren nire gurasoak, gure Maju ta gure Mari, izangoko ezerezean bai nengoen orduan. Dena dela, bananduta bizi izan ziren beti, ongi konpontzen ez zirelako edo; bueno, beti ez; ongi ere konpondu ziren noizbait, zazpi seme-alaba izan zituzten eta. Ostiraletan, arratseko ordubietan joaten omen zitzaion nire amari nire aita izan zena (Maju, Sugaar edo Sugoi, hiru izen hoiek bai zituen), eta, orduan, izugarrizko ekaitz eta erasoak izaten omen ziren.

        Jentilla da nire ama, eta, behinola, gu gaztetxoak ginelarik, gurdi batean lotu zuen aitak ama, ta, seme-alabekin batean, elizara eraman zuen bataiatzera. Baina elizara heldu ginenean, sutan jarri zen gure Mari, ta, lokarriak erreta, airean joan zen bere Murumendiko koba zulora, honela ziarduelarik:

 

                «Matias Muruko,

                zazpi seme

                mundurako;

                bat ere ez

                zerurako».

 

        Hala ere, seme-alabok orduantxe kixmitu gintuzten. Eta apaiz ere egin zen nire anaia bat.

 

 

Behin batean, Lazkanoko Senpere bailaratik zihoalarik gure apaiza, Mikelats (gure anaietariko bat, gaizto samarra) agertu zitzaion.

        —Gariak ederrak dagoz; baina ba ditut nik gari hoiek joko dituzten zaldi galantak —esan zion Mikelatsek.

        —Bai nik ere zaldi hoiek geldiaraziko dituzten galga idartsuak —erantzun zion apaizak.

        —Ikusiko dugu!

        —Ba, ikusiko duzu.

        Etxeratu zenean, urduri zegoen apaiz zintzoa, eta dei egin zion neskameari.

        —Tomasa!

        —Zer, jauna?

        —Murumendi gainetik hodeiren bat sortzen ikusten baduzu, abisatu berehala.

        —Bai, jauna.

        Eta halaxe gertatu zen. Murumendi aldetik sortu zen hodeia. Eta behingo batean, oinetako bat sakadiz zuelarik, konjuroa egin zion gure anaia apaizak. Baina alperrik, kaskabarra ta harria ez zen gelditzen eta.

        Orduan, bere oinetako bat kendu, eta baratzera jaurtiki zuen.

        —Sartu daitezala hor.

        Esan ta egin, apaizaren oinetakoan sartu zen harri guztia, ta lurralde hari ez zion kalterik egin.

 

 

Atarian eserita egon da gure Mari ikustalditxo bat egitera joan natzaionean, urregorrizko orrazi batekin ileak orrazten. Gero, ardatzean egin du, nire nobela honen ari mataza ahari baten adarretan arilkatuz, eta ardatz-ariak nola biribilkatu ta ezkutatzen diren niri erakutsiz.

        Atarrabi, nire anaia, ta Hodei ta Eate, nire amaren morroiak ere han egon dira.

        Zahar egin da gure Mari. Ez du lehenagoko adore, ahal ta indarrik. Ez dut uste luzarorako izango denik. Baina hiltzea eta hil arte bizi izatea nahi ta nai ezkoak diranez gero...

        —Zer moduz? —esan dit.

        —Ongi, ama. Eta hi?

        —Kili-kolo, baina bizi gaituk. Ba dakik, zahar egin gaituk eta..., gaurko gazteek ez diate nahi ni lako zaharrik.

        —Tira, tira!

        —Nola zegok Amaia?

        —Gaizki.

        —Gaizki? Zer, ba?

        —Aita hil zegon.

        —Baina...

        —Ez, ez. Ohean zegon, baina ez dinat uste umerik galduko duenik.

        —Noiz dik denpora?

        —Gaur zion berak.

        —Eta hik zer diok?

        —Gaur dela.

        —Ederki. Aspaldion ez diagu elkar ikusi ta, hator barrura zerbait hartzera ta kopletaldi bat egitera.

        —Baina...

        —Baina zer?

        —Arin joan beharra dinat.

        —Nora hoa, bada?

        —Hitz sinonimuen sariketara lehenengo; gero Gezalara; urrengo Botxoara...

        —Laister joango haiz.

        —Heuk nahi duna, ama.

        Harriturik gelditzen zara nire amari hika hitz egiten diolako? Ba, hika hitz egin behar zaio beti nire amari; haserretu egiten zait, osterantzean.

        Gezurrik ere ezin diot esan. Haserretu egingo litzadake orduan ere, ta zigortu egingo ninduke gainera. Behinola, hogei musker nituelarik, hamar nituela esan niolako, hamar kendu zizkidan «ezagaitik». Hogei ta hamar nituela esan banio ere, hamar musker kenduko zizkidan «baietzagaitik», ez nituenak ba nituela esateagaitik. Horregaitik esaten zidan niri, txikitan, maiz esan ere: «Ezari emana, ezak eraman».

        Sutan igeri, lurpera goaz ama ta ni.

        Koba zulora sartzean, izugarrizko zalapartak atera ditu gure Mari-k.

        Zahar egin dela baina...

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Haurgintza minetan" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia