Uhain berri etsipendua

 

Olerki berriaren

tristura

nire bihotzaren

mindura.

 

Nire lurra, nire anaiak,

ametsak nireak. Urteen zalapartan

orok galdu zuen

niretasunaren poza.

 

Jaungoiko guztiak ukatzen dituen

emakume bat naiz.

 

Aski dut gaurkotz letani latza;

bihotz mindurak eragindako

lelo garratza.

 

Itsas-ontzi aintzinako kobrearen metal zaharrak

ez du ene itxura tristearen tristura

eta plaia-hondar-hustuak udazkenean

ez du ene etsipenaren zapore garratza.

 

Ez aingeruk eta ez arranok

hemen ez du jadanik

egitekorik ezer.

 

Hil zaigu dena.

Eta poetak

uste

du

ezerk ez duela ezer balio.

 

Oi gure denbora hunen desolamentua!

 

... eta beste mila

kinka, hots,

poeten

makila

kaden

ta mingots.

Erdi minetan dagoen

munduaren

garraisiak

eta antziak.

Kontzientziaren

higiduraz

eta etsipenaren

kutsaduraz

sortuak.

Beranduko esistentzialismuaren

kantuak,

euskal izate zapalduaren

oramahaian,

estuaren

estuan,

oretuak;

euskalkerriaren

aurka

mailuka

landuak;

erlijiokeriaren

saminez

suminez

piztuak...

 

Gure olerki berria:

etsipenaren odol-goitika lamia.

 

Baina badute,

hala ere,

gure poetek,

luma amurratuaz

eta tinta garraztuaz

idazten

duten

profetek,

badute,

antza,

zerbaiten esperantza...,

idazten

jarraitzen

baitute.

 

Olerki berriaren

tristura

nire bihotzaren

mindura.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Higidura berdez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia