Maite dut lehengo Euskalerria
Maite dut lehengo Euskalerria,
nigan bizirik dagoen Euskalerri zaharra.
Txotxolotasun zoro atsegintsuz maite dut,
bihotz ameslari baten taupaden bultzadaz.
Gaurkoa izan nahi dut baina,
maite dut lehengoa.
Zahar egin ote naiz igarri gabe...?
Mindurik nauka ezbaiaren ezten zorrotzak.
Benetako Euskalerri zaharra
ametsezko Euskalerri bihurtu ote zait...?
Mindurik nauka ezbaiaren ezten zorrotzak,
hiri kaletsu hontako zirriparra larrian.
Baina ezin naiz bizi hura gabe
ta premiazkoa dut neu izateko.
Ura ta arnasa bezala,
premiazkoa dut gaurko Euskalerria ezagutzeko,
gaurko mundu berria euskal eran berritzeko,
oraingo ahalegin ta aurrerapide neketsuetan
geroaren amets itxaropentsuz jokatzeko.
Aitona ta amona maite-maite izan nituen,
maite izan nuen haien zahartzaroko haurtzaroa,
ezagutu ahal izan nuen haien mundua
baserriko haize osasuntsuaren altzoan,
zintzotasunezko lan gogorraren izardiz, Jainkoaren itzalaren beldur santuz,
ipui ta alegi zoragarrien irriparrez,
euskara onaren iturriko murmur gozoz...,
eta maite dut lehengo Euskalerria,
nigan bizirik dagoen Euskalerri zaharra.
Txotxolotasun zoro atsegintsuz maite dut,
bihotz ameslari baten taupaden bultzadaz.
Gaurkoa izan nahi dut aina,
maite dut lehengoa...,
eta neurekin daramat,
ene barneko haurtxoaren
oroimenean itsatsirik,
neurekin doa,
kalerik-kale,
hiriko hizkuntzaren erditzean,
mila, bederatzirehun
ta hirurogei ta seigarren urteko
berbizte udaberritsuan. |
© Mikel Zarate