On eginaren pagua...

 

Otsaila. Elurrez mendiak. Otz.

        Gaixorik dago otsoaita. Ai! eta ai! ari da. Erbi izoztu batzuk ekarri zituan atzo otsoamak Berexiko supermerkatutik eta, zoritxarrez, ezur bat trabatu zitzaion otsoaitari zintzurrean. Eta ez atzera ez aurrera, antxe, saman du orain ere ezurra. Eginahalak egin zituzten berak, otsoamak eta otsokumeek ezur hori kentzeko baina, alperrik. Osagile entzutetsu baten zain dago orain, Bildots jaunaren zain. Ahoa zabalik, betagin sendo ta zorrotzak agirian ditu, eta aideportutu egin du haren mihina neguko eltxo epel batek.

        Otsoama du bere ondoan.

        Otsokumeak telebisioa ikusten daude. Hain zuzen ere, fulboleko partidu bat ematen dute: Artzeta-Zezentza. Koloreetan eman ere. Eta oso fulbolzaleak dira otsokumeok.

        —Zekor eta Zezenko baloiaz arineketan doazenak. Hau arineketa! Arzkumek bera bota du Zezenko... Min egin du, antza, honek. Aserretu bai egin da, behinik bein. Arzkumerenganantz doa Idiskorekin. Begira, ikusi..., jo egin du Arzkume. Arbitroak tarjeta gorria aterako du. Jakina...

        —Ba! Hainbesterainoko ez da izan —dio otsokume batek, ankapetan azka eginez.

        —Bai izan da! —erantzuten dio berehalaxe bere ondoan erdi etzunik duen otsoanaiak, ortz bitartean dituen aragi zatiak iruntsiz.

        —Ama! Ama! —esaten du otsoaitak estu ta larri.

        —Zer? Emen nago, zure ondotxoan. Min?

        —Bai. Ai! ez ahal da etorri osagilea oraindino? Ai!

        —Ez. Baina laister etorriko da.

        —Nor joan da haren bila, ba?

        —Elikoteru joan da. Zaude geldi-geldi..., ta isilik, kaltegarri bai zaizu itz egitea.

        Amaitu da fulboleko partiduaren lehenengo zatia.

 

                EGABERA!

                Gora behera,

                beti aurrera.

 

                EGABERA!

                Entzun, txoferrok,

                ikusi auto ederrok.

 

                Arin joan nahi duzue nonbaitera?

                Erosi, bada, arin gure EGABERA.

 

                EGABERA!

                Hauxe kotxea,

                oso merkea!

                Hauxe aukera:

                gure EGABERA!

 

        Eldu da Bildots jauna. Apal-apala dirudi. Estalirik ditu begiak betaurreko beltzez. Irriparrezka artu du otso familiak. Bigun-bigun eta eskerrikaskoka agurtu du otsoaitak, eta baijaunaka ta ezjaunaka jarraitzen du.

        —Gaizki daukazu ezur hori euki ere, gero!

        —Bai?

        —Benetan! Baina laister kenduko dizut.

        —Bai, jauna.

        —Lasai artu arnasa.

        —Bai, jauna.

        —Baina ez mogitu.

        —Ez, jauna.

        Serrot txikitxo bat atera du bere maletinetik Bildots jaunak. Eta kontuz-kontuz, rist-rast, rist-rast, rist-rast... ebaki egiten du erdi-erditik ezurra. Eta, halakoren baten, klask, zati bi egiten da.

        —Orain ederki, ez? —galdetzen dio orduan Bildots jaunak.

        —Aaaa...a! Hau atsedena! —erantzuten dio otsoaitak Jesus ta amen esan orduko ezur zati biak janez.

        —Gozo...?

        —Gose —arrausi luze izugarri bat eginez.

        —Zenbat da? —galdetzen dio otsoamak Bildots jaunari.

        —Zenbat... zer? —otsoaitak zutiturik.

        —Kontua... —otsoamak.

        —Kontua? Nolako kontua dakarkizu zuk orain? Zerena? Zer dela ta? Ez ahal da naiko ordaintzerik neuk beronen alde egin dudana egitea? —aserreturik otsoaitak.

        —Zer egin didazu, ba? —arriturik eta apalkiro Bildots jaunak, serrota maletinera sartzen duen bitartean.

        —Zer egin? Zaude pozik, egin dizudana kontatzeko moduan zaudelarik. «Zer egin» diozu? Zaude pozik, minik ez bai dizut egin. Gainera, il ahal izan zaitudan arren, ez zaitut il. Sari aundiagorik nola eman? Bizirik zaude nire agin zorrotz artean egon arren, bizirik. Zer nahi duzu, ba, zer? Zaude isilik aserretu ez nadin eta behar ez denen bat egin ez dezadan...

        —Barkatu.

        —Gabon!

        —Bai, gabon, danoi.

        —Ondo joan.

        Maletina artu, ta isilik eta ikaraturik, badoa bere etxerantz Bildots jauna.

        Kanpoan oso otz dago eta ilun.

        Deika ari zaio telebisioa Bildots jaunari. Baina bost axola dio ta ez dio jaramonik egiten, ta aurrera doa ostopoka.

        Oso ilun eta otz, ez du ezer ikusten. Baina aurrera doa, aurrera Bildots jauna, neguaren sabelean.

        Telebisioa ere aurrera.

        —...adarrik adar, saltuka ta kantuka, kardantxiloak. Erle ta pinpilinpauxak basolora koloretsuen artean balet liluragarri bat dantzatzen. Untzorriz jantzitako aretxen gerizpetan otso taldeek elkarrizketan eta GARAGARDO edaten. Kardantxiloen abesti ori-gorriak GARAGARDOren bitsetan igari.

 

                     Kakalardo

                beti mardo

                egunero

                edanez gero

                GARAGARDO!

 

        GARAGARDO! GARAGARDO! GARAGARDO! Hau egunaren argia! Hauxe udaberria! Hau eguzkiaren beroa! Hauxe zerbezaren gozoa! GARAGARDO! GARAGARDO! GARAGARDO!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipui antzeko" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia