Lehenengo irribarrea

 

—Umorea galdu barik gero, txo!

        —Galdu? Nik ez dot sekula ere galtzen umorerik.

        —Ez?

        —Ez, gizona! Beti daukat nik umorea..., ona edo txarra. Umore ona eta txarra hutsune batetik sortzen dira gehienetan. Zerbaiten gabeziatik. Ezetik. Eta hutsuneaz baliatzen da horretarako, hutsuneaz jokatzen dau, hutsuneaz jostatzen dau. Hutsuneaz egiten ditu bere lanik ederrenak gizonak.

        Hutsunea bete nahirik hutsuneaz jatorki eta maisuki baliatuz egin ditu gizonak egin izan dituen gauzarik ederrenak. Hutsune hutsez zatarki baliatu izan denean, ostera, poztasuna tristura bihurtu izan dau, mesedegarria kaltegarri, gizontasuna gizonkeria. Eta hortik sortu izan dira guzurra, gorrotoa, askakeria, gogorkeria, garrazkeria, eta gainerako keria guztiak, gizona lehen baino hutsago, gizajoago eta errukarriago bilakatuz.

        Barre edo negar ere hutsuneagaitik egiten dau gizonak. Hutsunea bete nahirik. Norbait edo zerbait falta jakolako. Eta gizonak bakarrik egiten dau barre. Txakur batek, lora batek, harri batek ez dau barrerik egiten.

        Inork ere ez dau arrazoi handiagorik negar egiteko gizonak baino. Baina barre ere egiten dau. Eta berak bakarrik egiten dau barre. Norbaiten edo zerbaiten hutsuneagatik. Norbait txikia edo itsusia delako. Burusoila edo errena delako. Norbaiti trolebusean frakak edo jantzia apurtu jakozalako. Jantzia kotxe batek zipriztindu deutsolako...

        Gizonak bakarrik egiten dau barre. Zuk, nik, guk bakarrik egiten dogu. Eta «gehiegikeriazko hutsuneren bategaitik» ere barre egiten dogu. Norbaitek sudur luzea edo buru handia daukalako, sapazto bat delako. Eta hutsune hori gehituz, handiagotuz, gehiegikeriaz jantziz, hau da, hutsuneaz baliatuz egiten dogu barre. Esate baterako, bizimodu txarra emoten deutson andra sorgin bat hartu eban gizon batek edo bizimodu txarra emoten deutson gizon mozkorti bat hartu eban andra batek bere lagun bati esatean: «Bai. Ezkondu aurretik, nobiotan, "maite zaitut, poxpolin xamur goxo hori. Maite-maite, maiteño kuttuna, gozokirik goxoena. Jan egingo zindukedaz", esaten neutson, behin eta barriro, maiteminduen zorabioz. Baina, orain, ba dakizu, orduan egindakoaz damuturik, hauxe esaten dot neure artean: "Orduantxe jan egin banu jan sikeran..., nire bakea!"».

        Barre, irribarre edo barre algarak egitea berezkoa dau, ba, gizonak. Gimnasia osasungarria gogoarentzat eta gorputzarentzat!

        Barre eragitea ere berezkoa dau gizonak. Baina ez da hain erraza izaten (negar eragitea bai). Eta, nirera etorriz, letren bitartez, hitzezko karikaturaz barre eragitea nahiko zaila izaten da. Eta horrexegaitik ditugu barreragile onak hain gutxi.

        Nik ere barreragile on bat izan nahi neuke (geroak esango dau ba nazen ala ez). Barreragile on bat izan nahi neuke, baina bide barriak urratuz. Izan ere, orain arteko idazle barreragileek baserritarren pasadizu barregarriak bakarrik idatzi izan ditue gehien baten. Huritarrenik, kaletarrenik ez. Ta hutsune handi bat dago gure literaturan.

        Hutsune hori betetzeko asmoz, Euskal Herriko huribururik handiena aukeratu dot horretarako: Bilbo. Ta erdaldundurik dagoen gure Bilbo hau berreuskaldundurik ikusi dot gurari biziaren amets bultzadaz.

        Bilbo deseuskaldundua berreuskalduntzeko ahalegin kaxkar bat baino besterik ez da liburu hau edo koktel hau. Hain zuzen ere, bilbotarren jazoerak eta Bilbo inguruko baserritarren euskera jarri ditut, lehenengo ta behin, pitxer barri garbi baten. Gero, irabiatu egin ditut ta kaleko euskara ta erdara ttantta batzuk bota deutsadaz gainera nahasturari, baserri usain gehiegirik izan ez dagian; azukerea ere bai, gozo egon daiten, eta limoia, gozoegi egon ez daiten. Irabiatu egin ditut barriro ere ta pattarra bota deutsat gainera bero egon daiten, eta izotza, beroegi egon ez daiten. Eta, azkenik, irabiatu ondo-ondo dana, «Zuen onerako!» esan... ta neuk edan dot.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia