Alperrik da zarpil makilatua...
«Lan
ta
lan,
ten
da
ten,
min
ta
min,
jo
ta
jo,
su
ta
su...!
Lan
ta
lan,
goizetan
lez
gauetan,
gerretan
eta
baketan,
lurpeetan,
kaleetan,
etxeetan,
kaietan,
uretan,
suetan,
urteen
urteetan,
gizaldien
bestean!
Bilbo!
Lanean irasi,
lanean azi,
lanean bizi
ta
lanean berezi
zarean
Bilbo!
Nik ez dakit zuri kantuz
zelan ekin.
Nik ba dakit zuri oiuz
zelan egin:
Bilbo,
Bilbo!
txinbo
ta
urbilgo
lanari tinko,
ekiñez zintzo
etzara ilgo!
Bil, bil, Bilbo,
lanaren Bilbo,
betiko Bilbo!!!»
Gure olerkari Zubikaraik azaldu deuskunez,
bertso mailukari adierazkorrez azaldu ere, lantegi handi bat dogu Bilbo.
Erlauntza bat dela esango nuke nik. Erle langilez beterik dagoen erlauntza urduri bat. Baina, erlauntzetan egoten diren antzera, Hainbat erlamando dago Bilbon ere, batean bestean. Eta geroago ta gehiago dira inoren lepotik bizi ohi diren erlamando alper nagiak. Bai, nire adiskide batek esaten dauenez, «hamaika bizi da hemen ere inoren kontura mila kontuz!».
Zabalburun bizi den... Parkatu. Noizean behin Zabalburuko anaiaren etxean lo agiten dauen Zarpil da lanik egin gabe bizi danetariko bat.
Lanik egin gabe? Nahiko lanik izaten dot nik lanik egin gabe bizi izateko. Zer, ba? Erreza dela uste dozu ala? Jakina lagun onak euki behar dira horretarako.
Mutilzaharra dogu Zarpil. Hirurogeiren bat urte izango ditu. Argal samarra da. Inor egotekotan haxe dago benetan «linean».
Eginahalak egin zituen bere etxekoartekoek eta lagunek pizka bat zuzendu eitean baina, alperrik. Gure esaera zahar batek dinonez «alperrik da Mari makilatua berez ez bada bedeinkatua».
Kalerik kale eta tabernarik taberna eskean ibiltzen da. Eta inon direnak entzun behar izaten ditu.
Kale garbitzen edo..., ez dago lanik hortik ala?
Lana bai. Ugari egon ere.
Ta zergaitik zara hain ganorabakoa, ba? Egizu lan, eta...
Ni lako alper ganorabakoa mantenitzeko lan? Merezi dauela uste dozu?
Gosez edo egarriz egoten da eskean dabilenean. Eta aurpegi tristez, holantxe ateratzen dauelako dirurik gehien.
Ondo jantzita egon den gizon lodikote batengana joan da eskean, diru bila, gaur arratsaldean.
Egun bi daroadaz ezer jan barik eta diru apur bat behar dot. Mesedez eskatzen deutsut.
Jan barik zagozala dinozu? Ez dakit, ba. Ez dozu itxura txarrik.
Zuk hobea dozu.
Hobea? Nahi nuke nik zure «linea»...
Baina zuk zer uste dozu, ba? Zeuk jan ta ni loditu...?
Dirurik ez deutsut emongo baina, zatoz neugaz horra taberna horretara ta bokadillo bat erosiko deutsut.
Ez, ez. Horixe ez.
Zer, ba?
Pezeta batzuk eskuratzeko zazpi bokadillo jan behar izan ditudalako gaur arratsaldean. Ez, ez. Eskerrik asko. Bokadillorik ez.
Zarpilen ateraldi barregarria, egiazko erantzuna entzunik, bost hogerleko emon deutsoz honi gizon ezezagun bihozberak. Ta, agur egitean, hauxe esan deutso irribarrez Zarpileri:
Zerbait edanda bokadilloak busti dagizuzan.
© Mikel Zarate