Batzar nagusia

 
Apirilaren 26a. Komunikabideetako erakundeen eguna. Urteroko Batzar Nagusia. Basarte unibertsitate berrian. Hementxe daude telebistako, irratietako, egunkarietako, aldizkarietako ordezkariak.

        Nik ez dot ia inor ezagutzen. Izan ere, barria naz batzar honetan. Umorezko aldizkari bat sortu gura dot ta, hori dela ta, baimena eskatu, ta hemen nago.

        —Nor izan da hizlari hori? —galdetzen deutsat nire ondoan dagoen mojatxo bati.

        —Ez al dozu ezagutzen?

        —Ez, ba! Ni lehenengoz nator batzar honetara.

        —Ba hori jesuita izandako bat da, Orain aldizkariaren zuzendaria. Gure konbentuko nire moja lagun bategaz ezkonduta dago. Diputatua ere izango ote den laster, dinoe.

        —Ta haren ondoan dagoen bizartsua nor da? —Frantziskotar bat. Nafarroako Herri Irratiaren zuzendaria izandakoa. Orain egunkariren baten egiten duela lan uste dot. Geurean edo holakoren baten.

        —Eta gartsu abestuten dauen gazte taldetxo hori?

        —Abadegaiak dituzu. Telebistako Mundu berria programa antolatzen dabe. Bat, hori ezkerretik hasita lehenengo dagoena, komunisten ejekutibakoa dela entzun dot.

        —A! Bai, ba dakit nortzuk diren. Eta ondoan dauken andra horrek ere, oker ez banago, telebistan egiten dauela lan uste dot. Ez?

        —Jakina. Zorione Pertxeta dozu hori. Gipuzkoarra. Moja izandakoa hori ere, karmeldarra edo. Ta ba al dakizu nor den han mahaiburukoekin dagoen betaurreko balzduna?

        —Fraile antza dauka harek ere.

        —Ez, ez da frailea. Abadea da, kalonjea. Lapurdiko Erran egunkariaren zuzendaria. Ta bere ondoan dituen biak, bata, ezkerreko aldean dagoena, Zuberoako Sarri aldizkariaren sortzailea da, urte askotan abadegai izandakoa, ta bestea, eskoi aldean daukan andrea Arabako Gasteiz irratiako lokutore bat da, teresiana bat.

        —Bilboko Botxo egunkariaren zuzendaria da haren ondoan dagoena. Oraintxe konturatu naz nor den. Urte askotan neugaz batera monasterioan egondakoa da ta... Zu! Baina... hemen batera ta bestera zerbitzen ari diren kamareruak ez dira abade edo fraile edo holako zeozer izango, ezta?

        —Zortzi urte egin nituen nik ere konbentu barruan —gure ondotik irribarrezka doan kamareru batek.

        —Nire aita ta ama ez dagoz hemen? —kanpotik arineketan eta arnasoska sartu den mutikotxo batek.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia