Kutsadura kutsaduraren gainean

 

                «Pirrit, porrot, purrut, tirrit eta tarrat,

                kalibre desberdina baina jenero bat.

                Rau, rau, rau, rak eta plau, hau dok gurutzea:

                jaten dogun guztia haize bihurtzea!».

 
Ez. Pirrit ez. Atso zimelarena da hori ta. Eta neska bat zen.

        Porrot ere ez. Agure zimelarena da hori ta. Eta neska bat zen.

        Purrut ere ez zen izan, ba! Izan ere, mutikotxoarena da hori. Eta tirrit ere ez, neskatotxoarena da hori ta. Eta neska bat zen.

        Gazte edo sasoiko gizon indatsuen tarrat, rau, rak edo plau ere ez zen izan. Ez, ez; bai zera! Beste hots bat izan zen nire aurreko butakan egoen neska gaztearena.

        Hots barri bat izan zen zineko ilunetan eta isiletan nire aurreko neska gazte polit ederrak sorturikoa. Puuutz? Ez. Putz lasaia ez zen izan. Piiit? Ala puiiit? Ala piuuut? Ez dakit ziur. Globo baten barruan estu-estu dagoen putzak pitorroa kentzerakoan egiten dauen antzeko zerbait izan zen.

        Eztulka hasi zen berehalaxe nire aurreko neska gazte hori. Eztarriaz ere hots bardina sortu nahi eban. Hots bardina edo bardintsua baia, beharbada, baina usaina ez!

        Hots bardintsuak sortu, ta oraindino hobeto disimulatzeko, bila hasi zen, zeozeren bila butakan eta butaka azpian. Baina bere orpora apuntatu arren, nire sudurra jo eban eta, bere sorbaldan kontuz-kontuz ikutu ta hauxe esan neutsan: «Zu, neska! Zuk galdu dozuna hemen nire sudurrean dago, e!».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia