Neskatila zuhurra

 
Neskatila polit eta eder bat doa kalean zehar, bere politasuna ta edertasuna ezin gorderik, ta mutilen begiak bizkorturik.

        Mutil irribarretsu bat doakio bere atzetik.

        Georago ta arinago ta gorriago neskatila.

        Berba ta berba mutila, lorak bota ta lorak bota.

        Neskatila isil-isilik, geroago ta estuago.

        —Politak eta ederrak ikusi ditut sarri. Baina zu lakorik inoiz ere ez. Zergaitik zoaz horren isilik, ba? Eta hain arin zer dela ta? Jan egingo zaitudala uste dozu ala? Egia esan, zuk gura izan ezkero, jan ere egingo zindukedaz..., piruleta bat jaten den modura. Baina... ez deustazu ezertxo ere erantzuten, pinpirin hegazkari horrek? Mutua zara ala, larrosatxoen antzera? Mutua izanda ere pozik egingo neuke berba nik zugaz. Eta aurrez-aurre berba egiten lotsa bazara, telefonoz egingo dogu. Ba deritxazu?

        —Ondo dago...

        —A! Ez zara mutua, e! Zure etxeko telefonoaren numeroa esaidazu, ba, mesedez.

        —Telefonoetako listinean dozu.

        —Baina zure izen-abizenak jakin behar ditut horretarako.

        —Ba listinean bertan daukazuz.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Bilbo irribarrez" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia