Utopia bat

 

        Liburu hau inprimategian zegoelarik, Mikel Zarateren heriotzaren berri zabaldu da Euskal Herriaren zehar.

        Azkenekoz, Txillardegik Donostiako Igeldoan bere nobela presentatu zuen egunez ikusi ginen elkar. Ez ginen oso lagunak, oso kontatuak dira elkar ikusiriko paradak, baina azken ikustaldian, idazle multzo abigarratu hartan denekin zuen hitzegin beharra, denei zien zerbait adierazi beharra; presa zuen Mikelek, agian bere sortearen susmoa zuen. Baserrian, bere jaiotetxean, erretiraturik zegoela esan zidan —stress delakoa edo bizitza murritz honen dardarizoa— eta lau eskueskribu argitaratu gabeak zituela, lau.

        Handik hiru egunetara artu nuen «Utopiaren...» eskueskribua.

        Atari gisa bere liburuari hitz bi jartzeko eskatu zidan. Prologoak eta gainerako ataka gaiztoko ihardun zaratatsuegiak alboratzeko promesa egina nuen nik, bide zihorregi batetan beingoz eta halako batek ostikatu ninuen eskeroz, baina Igeldoko arratsalde hartako gonbersazioaren gogorazioa datorkit honat, zor dizkiot hitz bi.

        Utopiaz, ihardun genuen beste solasen artean eta bere liburuaren tankeraz galdetzerakoan geure arteko Utopiazalerik, nonbratuena aipatu nion.

        —«Ze arraio! Hi ere Monzonen bideetan habiatu haiz!»

        —«Nik ez diat utopia konkreto batetaz idazten. Euskal Herriak utopiaz duen beharretaz baino».

        Eta Mikel Zaratek, eta Monzonek —biak beren erara— arrazoi balute? politikaren arlo mendekaitza utziaz gero, ikusmirara dedikatua naiz, eta handik honera ibilia naiz mitinetik-mitinera, eta Anoetako kantoiean hala entzun nion Monzoni honoko esaera hausart hau: «Euskadi, utopiaren lurra da, utopiaren seme gara gu!».

        Bueno, eta finean zer da, historiaren habiada? utopiaren egarria baino. Eta hogeitamar urterekin, zenbait Utopia gisa mihazkatu ondoren eszeptizismoren udaizkena iastatzen hasia naizen neronek, Mikel Zaratek adierazten zidan kezkak kilimatzen hasia nau berriro —berriro diot, zeren kristotik Lenninera honoko honek ugariak izan ditu, utopiazko premiak—.

        Kintanak Behin batean izeneko desutopia bat idatzi zuen. Amets gaiztoa zen hura, burlaz hartu zuen zenbaitek, asarre bizienaz gehienek, baina hura ere amets bat zen, amets gaizto eta gogangarria bat. Geroz Euskal letretan ez du beste inork Utopiaren bidea ibili eta orain —postumoki esan behar—. Zarate datorkigu utopiaren haizeaz oreatuta.

        —«Berrogei urte eta gero hau!». Postura bat da, eta nahiko fatalista dena esateko. «Berrogei urte eta orain ZER!» galdetu beharrean konstatazio triste batetan pausatzen da zenbait euskaldun. Beste zenbait berriz, utopiazale aitortzen da. Autapen bat da; arrixkutsua baina iraultzailea oso —oraindik iraultzaz diardugu... —Iraultza utopiaren atzaparraren puntan dago.

        Razionalistatzat geure burua jotzen dugunok —presuntzio bat, beste edozein bezain errespetagarria— ametsaren lur dudagarria kezkati ohinkadatu izan ohi dugu, baina ausarta behar da izan arrazoi hau ere historikoa, eta beraz ilusio bat dela jabetzeko.

        Milaka urte iraun duen Euskal Herri honek, zer nahi dela espero behar badu, ametsaren eskutik espero beharko du. Herri xipi bat gara, zapaldua. Erroak agirian ditugu; sustraiak intenperie latzanean, baina geure herriak badu arnas bat sakonetik, premiatik, iraun guratik datorkiona, eta arnas horren kategoriak ez dira agian arrazoinamentu otzarenak, bihotzkada ikaratuarenak baizik. Etorkizunarekiko hauzia, amets eta utopia bilakatzen ditugu, edo eta arrazoinik ez digute emanen, ez dugu ukanen. Mugak jarri behar dizkiogu Euskal Herriari, utopiaren muga ausartak. Borondatearen desmugak.

        Agian, Monzonek du historiaren zentzua. Agian.

        Honela atxeman dut M. Zarateren utopiaren haizea Donostian, mila bederatzireun eta hirorogeitahemeretzi garren urteko ABERRI EGUNEAN.

Luis Haranburu-Altuna

 

 

© Luis Haranburu Altuna

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia