Utopiaren eragina

 

Guk ez genekien kakoa zer zen. Kakorik zegoenik ere ez.

        Behean, zemento gainean uzten genituen, tolesturik, gure kaiku gorri, berde ta zuriak.

        Bide bidean, jendearen hankapetan uzten genituen.

        Sorki zaharrak bezala zapaltzen zituen jendeak. Eta izurrez bete. Eta lohi lohi egin.

        Egun batean, kako bat margoztu zuen norbaitek orma zuri zuri batean. Gero kaiku bat kakoan zintzilik.

        Behetik jaso, ta gure kaikuak jarri genituen, orduan, orman pintaturiko kaikuaren gainean. Baina berehalaxe erori ziren zemento gainera.

        «Jakina: kako marraztuetan kaiku marraztuak bakarrik eskegi daitezke», pentsatu nuen. «Noski! Egin ditzagun kako horren antzeko harrizko, oholezko ta burdinazko kakoak!», pentsatu zuten nire lagunek.

        Kako asko egin genuen ta pozez geunden. Puskatu egin zizkiguten ta tristuraz geunden. Egin ta desegin, harriaro, burdinaro, zementoaro..., kakoa zer den ba dakigu orain. Ta berriak egiten ari gara gure kaikuak eskegiteko.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia