1979: Haurraren urtea

 

Magnetofoi berritsuz inguraturik dago haurra zementozko kaiolan, zeluloidezko eguzkia, itsasoa, loreak, abereak, txoriak... ikusten. Plastikozko andrakila bat du besartean. Txiklea ahoan.

        Gurasoen, maisuen, apaizen, medikuen, alkateen, kapatazen, katedratikoen, diputatuen, gobernadoreen, gotzainen, ministroen, lehendakarien bakarrizketa klitxetuaren trumoi hotsa entzuten du egunero, gauero, etxean, eskolan, elizan, kalean, haurtzaindegian.

        Txorien alaitasunez abestu nahi du haurrak. Abereak bezala jauzika ibili. Loreen usain eta koloreen lilura sentitu, eguzkiaren argitasun distiratsuan, itsaso urdin dantzariaren kulunkan, haizearen igurtzien askatasunean... Baina ezin.

        Haurtzaindegiko neskato txiro itsusi totelak irribarre gozoa egin dio bihotzaren negarretan.

        Haur gizajoa! Haur laztana! Tximino drogatua! Robotño kuttuna!

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia