Euskal literaturaren utopian

 

Kaiolan dagoen txoriño bat da gure literatura.

        Ken hadi nire ondotik, ezkortasun madarikatua!

        Gure Herria bezala, bere izate osoan bera izan nahirik kaiolan dagoen txori destxoritua da gure literatura.

        Beste txori askoren antzera, askatasunezko haize gozotan bizi nahi luke kantari, txoririk ederrena izan, udaberriro kabia epeletan txori kume berriak sortu... Baina kaiolan dagoen kurloi bat da.

        Ken hadi nire ondotik, ezkortasun zital madarikatu hori!

        Urretxindor, kanario edo kardantxilo izan nahi lukeen kurloi zabarra da gure literatura, mudaldi bakoitzean gaztetzen eta berritzen den kurloi zahar betikoa... Betikoa? Behin eta berriz bere hautsetatik pizten den fenixa? Betiko fenixa?

        Suntsi hadi, ezkortasun zital higuingarri madarikatu hori!

        Etxepareren egunsentiko utopian sortu zen gure literatura.

 

                Aintzinako mende hilen ezina

                ezerezaren huts hotzean ilun,

                odolgorri baten iraupen grina

                Eiheralarreko herrian itun.

 

                Iraupen grinaren ahalegina

                etorriaren bultz berrian haurdun,

                leben emaitzaren dei irrintzina

                egunsentiko poz argitan txukun.

 

                Dei irrintzinaren muin ozendura

                eztizko ziztadaz zazpi haizetan,

                sormenaren barne eragindura

 

                erdiminez hegats urdurietan,

                eta munduz mundu dantzan plazetan

                gure Euskal Herriko literatura.

 

        Lizardiren udaberriko utopian birjaio zen gure euskal fenix ttipia, fenix harrigarri ta zoragarria. Sabel emankorraren erdimin kantuz birjaio zen, kale hizkuntzaren gurari biziz, maiteminduen etorri, lore ta ametsez,

 

                «Ez adi beldur, nere Maiteder;

                baserriz landa nai aunat ager-

                arazi, bazterrik bazter,

                arroki; ezpaitun ezer

                lurbiran ederrik i bezain eder!»

 

        Hau kantuaren lilura eroa utopiaren balet xarmangarrian! Oroitzapenezko lorategiak unibertsitatera narama utopiaren zoroan. Eta

 

                Unibertsitate zaharreko zemento erdaldundua

                arrakalatu egin da gazteria berriaren garraisiz

                kutsadura grisaren barne eztanda irakinean.

 

                Lur zapalduaren hasperen gorria,

                lehenaren izerdiz bustiriko lurraren hasperen itoa,

                baserritarren lotsa ta beldurrez isilduriko lurraren hasperen mutua,

                lur euskaldun emankorraren hasperen hila...,

                harrigarriro berpiztu da

                arrakalen arnasaz

                zemento gogor lakarra leher nahirik.

 

                Unibertsitate berriko lur euskaldundua

                udaberriko bizi ta edertasunez

                nire ametsaren itxaropenezko atseginetan.

 

        Hau horditasunaren zorabioa baikortasunaren zurrunbiloan! Baikortasunak narama geroaren ikuskizun hegadan. Hau eginaren eginaren ezustezko bozkarioaren gainezkadura! Hau etorriaren iturria! Baikortasunak narama ameslari ta abeslari.

 

                Neguko mende huts hotzen iraun gogo kaiolatua

                printz larrizko hasperenez zetzan ilunaren irakiduran...

 

                Unibertsitateko eguzki utopikoaren ahalegin zoliak

                urratu egin du kurloi zaharraren udaberriko plazenta,

                ta lehenaren txinta zabar itoaren negar izoztua

                txorrotxio alaiz lehertu da egunsentiaren sukarrean,

                ta erdal unibertsitateen harridura nabarmenez

                laino gorri, zuri ta berdetan doa dantzari

                euskal urretxindor fenixtuaren kantu koloretsua

                geroaren geroa oraingo oparotasunez betikotuz.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Utopiaren fantasian" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia