Sarrera

 

Berrogei urteren bueltan eta berrogei egunean egin ditut ipuin antzeko berrogei alegi mozorrotu mingotsok; bizitzarik erdia (egia balitz!) egin ondoren egin ditut, alegilari ospetsuen antzera, alegilari ospetsua izan ez arren.

        Berrogei urtetik gora izan zituen, izan ere, munduko alegilaririk geienak, euren alegiak biribildu ebezenean, bizitzako liburua irakurri ta gero.

        «Zer ikusi, a ikasi», bizitza da libururik onena ikasteko ta irakasteko, gazteak iñoiz ere irakurri ezin izango daben liburu sakona ta azala, astuna ta ariña, negargarria ta pozgarria, illuna ta argia, guzurrezkoa ta egiazkoa. Bizitza bera, bizitzako libururik ikusgarriena ta ikasgarriena.

        Bizitzaren ondorena dira, ba, alegiak; zuzenbidearen gurariak sorturiko ondorena, literatura bidez azaldutako bizitzaren ondorena. Eta mingots samarrak izaten dira geienetan alegiak, garagardoaren antzera. Baiña, mingots samarrak izan arren, gustura artzen doguz, garagardoaren antzera.

        Karatulaz jantzirik agertu ditue, gaiñera, euren alegiak alegilaririk geienak. Eta abereak, lorak, griñak, ezizenak eta olakoak artu ditue mozorrotzat. Ain zuzen ere, leenagoko Aratusteetan jazoten zan legez, egirik aundienak karatulaz esaten dira, aurpegia estaltzean barrua obeto agertzen dalako. Beste alde batetik, egiaren gogortasuna ta mingostasuna arindu ta gozotu egiten dira irudi ta alegoriaren bitartez, ta irakurlea literatura ederraren lorategiratu egiten da, itz lauzko ta itz neurtuzko olerki munduratu.

        Bildurrak eraginda ere mozorrotzen dira batzutan alegiok, erromatarren alegilari ospetsua izan zan Fedrok egin ebazan antzera.

 

                «...servitus obnoxia

                Quia quae volebat non audebat dicere

                Affectus proprios in fabellas transtulit».

 

        Nire alegiok ere mingots samarrak dira, gaurko idazgiro mingotsa lakoak, eta aundientzako egiñak, ez umeentzako. Garagardoturik dagoz, zuzentasun gose-egarriak sortutako mingostasuna darioe, zorion-irritsak bizituriko mingostasuna, paradisu-amesak irudimenean aundiagotutakoa. Alegilari ospetsuenak baiño mingots samarragoak izango dira orrexegaitik, bearbada.

        Nire alegiok ere irudi-estalkiz jantzirik agertzen dira. Baiña alegilari ospetsuenak baiño arpegi-ordeko nabarmenagoak artu ditut batzutan, gaurko idazgiro nabarmenari dagokionez; beste batzutan, bardiñak.

        Irudi-izkuntzaz dotoretu nai izan ditut, egia adierazteko bide zuzen bat dala uste dodalako, bide zuzen zaar baztertua, erri-erriarena.

        Umeena, olerkariena ta zoroena bakarrik ez da irudi-izkuntza. Giza-izateari berari dagokiona da, izakien izatearen izatetasuna adierazteko ta ezagutzeko bide jator zoragarri bat, errazoibidea (izkuntza analitikoa) baiño aurregakoa, eta sakonagoa eta zabalagoa.

        Irudimenak sorturiko izkuntza da irudi-izkuntza ori. Eta osotasun batean eta betean ikusten da mundua irudimenaz, eta ideen bidez ikusi ezin dana ere ikusi egiten da. «Tener imaginación es ver el mundo en su totalidad, porque la misión y el poder de las imágenes es hacer ver todo cuanto permanece refractario al concepto. De aquí procede el que la desgracia y la ruina del hombre que "carece de imaginación" sea el hallarse cortado de la realidad profunda de la vida y de su propia alma».  (Mircea Eliade, Imágenes y símbolos, Madrid, 1955, 20. orr.).

        Irudi-izkuntza irudimenaren irudipena da, ba, eta sorgin-izkuntza dirudi. Irudimen jori ugaridunak oso ondo ulertuko dau ta sorginkiro lilluratuko da, ta edermindu ta poztu. Irudimen antzudun gizajo tristeak, ostera, ez dau ezer ulertuko eta «egia, egi, ogia, ogi, ardaua, ardau, bi ta bi, lau» esango dau, ta moralejarik ez dau sortuko bere irudimendan. Ain zuzen ere, kontu antzera, olerki antzera, itz lauz eta itz neurtuz, moralejarik gabe idatzi ditut alegiok, irudimendun irakurleak berak jarri dagizan nai dituanak.

        Alegiok egitean, utsune bat bete gura izan dot. Izan ere, utsik au, utsik ori, utsik a..., utsunea emen, utsunea or, utsunea an..., zenbat utsune gure literaturan! Alegi-utsunea bete nai izan dot nik.

        Egia esan, egon dira gure artean ere alegilari batzuk: «Mogel Juan Antonio, Mogel Bizenta, Iturriaga Agustin, Zabala Juan Mateo, Uriarte Juan Antonio, Arrese ta Beitia Felipe, «Lauaxeta»... Gitxi, eta beste erri batzuetako literaturetan agertzen direanen parean urriak, zoritxarrez.

        Geitu egin gura izan ditut, ba, euskal alegiok; bete pizka bat utsunea besteen antzera, besteen bidetik, gure izatez, gure izkeraz, gure irudiz, gure munduz..., bete utsune bat, munduko alegilaririk ospetsuenak jarraibidetzat arturik eta zerbait euskeratuz, zerbait sortuz, dana euskaldunduz.

        Leenaren bideak artu ta oraingo aurrera bideetatik geroko bideetara zuzentzeko asmotan egin ditut, euskeraren izketabideak, izketalegeak eta izketa gogoan ditudalarik.

        «Dagoanean dagoantxoa, ene enetxoa!» eta aurrera. Mingostasunez edo gozotasunez, aurrera jo bear dogu beti. Ekin eta jarrai, asmoz eta jakitez.

        «Asiak egiña dirudi, egiñak urregorri».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia