Bestelan ondo baina..., ez?
«Turroi biurturik
arri ta galipot,
tarteko bedarra
laztanki maite dot.
Berebil burpilla
gaiñetik zarrastan,
bideko bedarra
gitxik dabe laztan».
Zaar eginda dago bedar gaztea bide erdian, zaartuta eta sartuta arri artean. Baiña bizirik. Guztiz mindurik eta erdi oriturik dago. Baiña bizirik. Aieneka dabil aspaldion, aieneka geratu barik. Negar malko baltz bat dauka dingilizka dardar begi baten...
Berebil aundi bat datorko ondora, berebil indartsu ta osasuntsu bat, gazle ta mardo. Eta aaldunen irribarre nasai zabal bat egiten dau arek bedar gaixoarengana urreratzean.
Eguzkia ere irribarreka dago udabarriko zeru urdiñean, eta erluzetan dizdiz jartzen dau berebillaren lepo leuna.
Kaixo, bedar!
Agur, Auto Jauna!
Eguraldi zoragarria, e?
Bai, ederra benetan!
Ta...?
Ba...!
Zer, ba?
Ai!
Zer?
Min. Ai, ene!
Baiña...
Badakizu.
Jakin zer?
Ba..., gose naz; egarri naz..., eta janaririk ez, edaririk ez, dirurik ere ez, ta, gaiñera, ezin joan iñora, basamortu lakar onetan egon bear, bakar-bakarrik. Ai!
Baiña...
Ikusten nozunez, bakartade ikaragarri onetan bizi naz, bizi edo... Ementxe nago seniderik eta adiskiderik gabe; txoririk, erlerik, pinpilinpauxarik gabe... Arriak eta galipotak estutu egiten nabe, eta leortu. Jo abazuzak ere noizik bein. Zuok autook ere zapaldu egiten nozue zuen burpilpetan... Eta txilindroiak? Ai, alper-arri aundi bildurgarria, zapaltzaille izugarria! A etorri daitenean...
Bestelan ondo baiña..., ez?
Bai, Auto Jauna! Bestelan oso ondo...
«Bestelan oso ondo
bedar erdi illa.
Badoa, badoa,
bizkor, berebilla...
Bedar ori-berde,
bideko bedar on:
Bizi gurearen
bultzakada sakon!
Alegi zaarren
alegi, zu, bedar;
gure erri zaitut,
gure erri zaar.
Zuk emon deustazu
indar ta adore;
zugaitik biurtu
nire luma lore.
Lore nire luma,
biotzean samin;
arrizko bidea
lorez bete ezin».
© Mikel Zarate