Eskoikale, Ezkerkale ta Erdikale

 

A ere bazan izatekoa: alkarregaz egon bear beti, alkarregaz ibilli bear beti, ta alkar ikusi ezin! Neu nausi edo musturrak ausi, adiskidetasuna gorrotoz jantzi.

        — Zorri il biztua baiño pizti txarragorik ez dago. Eta orixe baiño besterik ez da Eskoikale, arropuztu ori! Orixe: zorri il biztua, edo zorri il bizturen baten semea, edo lobea, edo illobea; bardin da. Orrexegaitik esaten dau beti orrek: gure asabak, gure ugazabak, gure abizenak, gure izkuntza zaarra, gure leenagoko leenagotasun zoragarri gogoangarria, gure... Aspergarri egiten jat orren jarduna, atzelarien jarduna. Ibilli ere atzera begira ibiltzen da ori, eta kontuz, astiro-astiro, labankadarik egin ez dagian, jausi ez daiten... Pikutara joan daitela bere jauntxokeria, andikeria, jakituria, arrokeria, bere usain gozoa! Ala ortik! Erdikale joan daitela orregaz, Erdikale urardotua, Erdikale bildurti zentzunduna, Erdikale ipurdimunlari jatorra..., kaka, orixe! Ala ortik biok aizea artzera! —esaten eban Ezkerkale ausartiak.

        — Azeak berea dau kirtena, kaleak ez dau izan bear urtena. Eta Ezkerkale urtenegia da, ausartiegia. Ez dau lotsarik ezertarako, zikin ganorabako orrek! Apurtu ta apurtu, aurrera ta aurrera..., ta zer? Ezer ere ez; etxe zaarra desegin ta barririk egin ez, txabolarik ere ez. Ezer ere ez; inguru guztiak naasteborrastetu ta baketan dagoanari baketan itxi ez. Alperkeriaren alperkeriak sortutako eziñegonaren eziñegona! Orixe baiño besterik ez da ori. Nora joango zara, ba, orrelakoekaz? Zoroetxeren batera edo presondegiren batera, araxe. Eta Erdikalegaz? Iñora ere ez gixajo orregaz. Dana dala, Ezkerkale zantar orregaz baiño naiago dot onegaz ibilli... —esaten eban Eskoikale jakitunak.

        — Adiskidea, nola zara? Zu bezala ni ere ala. Ertzera joan gura dabe Eskoikalek eta Erdikalek? Joan daitezala, baztarzaleok alakook! Neu ere geroago ta erdirago jarriko naz, ta kitu! Baiña ainbeste zirriparra zertarako? Zer uste dabe, ba? Ba aal dago erdiko bidea baiño bide seguruagorik? Biderdian gelditzea ala erdibidetik eltzea, zein ete da oba? Erdibidetik eltzea, jakiña. Etorriko dira, leentxoago edo gerotxoago, niganantz. Orixe bai. Eta adiskidetu nairik etorriko dira etorri ere. Ziur! Bestelan... —esaten eban Erdikale apalak.

        Eskoikale, Ezkerkale ta Erdikaleren alkar ikusi eziña zala ta etzala, kantu barregarriak kantatzen eutsezan orrei Kaleuriko beste amar kaleak, leiorik ate eta aterik leio.

 

                    «Iru, iru, iru

                eta lau amairu.

                Eskoikale,

                Ezkerkale,

                Erdikale,

                beti alkarregaz bizi

                ta ezin alkar ikusi.

 

                    Eskoikale aaldun

                beti bakezale

                bera dan arte

                jauntxo eta jabe.

 

                    Ezkerkale beartsu

                eziñegon utsa,

                buruan biotza

                eta aurrerakuntza.

 

                    Erdikale erdiko,

                ez jan eta ez lan,

                iñoren menpean

                bien bitartean».

 

        Kantu oneek entzuten ebezenean, mindu egiten ziran iru kale asarretuok. Baiña, alan eta guztiz ere, ez ziran adiskidetzen. Bai zera!

        Bein baten, udazkeneko jaiegun eder baten, eguzkia artzen egozan irurak alkarren ondoan, beti legez. Arlanduz, marmolez, pinoteaz eta eskudoz jantzirik egoan Eskoikale. Adrilluz, lurrez, karez eta grafitoz, Ezkerkale. Eta zementoz, plastikoz, dendaz eta anuntzioz Erdikale.

        Zaar samarra bai baiña, aundia ta indartsua zan Eskoikale, eta jakintsua. Gazte zapazto bizkor odoltsua Ezkerkale, eta ameslaria. Lodikote txaparro bat Erdikale, eta trebea.

        Antxe egozan, geldi ta mutu, noizean bein azpitik alkarri destaiñaz begiratuz. Alakoren baten, jakiña, Ezkerkale ausartiak eten eban ixiltasuna.

        — Zelan, Eskoikale ospetsu ori?

        — Zelan..., zer? —erantzun eutsan Eskoikalek gogo aundi barik.

        — Zelan zure gaixoa?

        — Nire gaixoa?

        — Gaixorik zagozala entzun dot.

        — Gaixorik ni? Ez nekian gaixorik nengoanik.

        — Bai, antza. Eta zureak laster egingo dauala entzun dot.

        — Entzun? Ala zeuk asmau?

        — Egia bada, bardin da.

        — Asi zara, barriz ere...

        — Asi ez, amaitu baiño.

        — Zagoz ixilik, mesedez.

        — Neu ixillik, gaiñera? Ez orixe. Usain gozo ta pitxi eder eta guzti ere, gaixorik zagozala esan deuste, eta...

        — Zeu bai zu, zeu gaixorik, zikin ori!

        — Garbitu nagizu, zikin gogaikarria naz ta. Sendotu nagizu argal txatxar bat naz ta. Osatu nagizu, guztialdun orrek!

        — Neu loituko nintzateke zu garbitzean...

        — Ori, ori! Bardintzerik ez dozu gura zuk, bakezale orrek! Ondo bizi danaren bake santu zoriontsua gura dozu zuk, bakea erlejiñoz, politikaz, kulturaz, izkuntzaz... Zer zaitut zu ere, bada? Neu lakoa, neu lakoa...

        — Zeu lakoa? Zertan?

        — Parkatu. Txarto esan dot. Ez naz zu lakoa. Zure azal fiña ondo jandakoaren azala da; zure esaldiak arrian idaztekoak dira; zure...

        — Ixildu zakidaz.

        — Besterik ezean, komunean bardin samarrak izango garala uste dot. Ezta?

        — Ganorabakoekaz dabillena...

        — Ganorabakotu. Badakit. Zuk zer diñozu, Erdikale?

        — Nik ezer ere ez. Ekin zeuek.

        Barriz ere, mututu egin ziran iru kaleok. Baiña eziñegonez egoan Eskoikale. Etzan errez urduritzen baiña.... Ezkerkaleren ekiñak atara egin eban bere senetik. Eta ezin luzaro ixilik egon. Ezin.

        — Noren lepotik bizi izan zara zu orain arte, ba, Ezkerkale? Neure lepotik. Norgaitik zagoz zu bizirik, ba? Norgaitik.

        — Zugaitik?

        — Bai. Ez legoke Ezkerkalerik Eskoikalerik gabe. Eta Erdikalerik ere ez.

        — Ederto! Egia da ori, baiña iruntzietara. Beste au ere egia da, baiña eratara. Entzun: Neugaitik, neugaitik zagoz zu, Eskoikale, bizirik; neure aalegiñekaitik, neure izerdiekaitik, neure aurrerapideekaitik. Neugaitik zara zu zareana. Ez legoke Eskoikalerik Ezkerkalerik gabe. Eta Erdikalerik ere ez.

        — Zuok baiño leenagokoak gara eskoikaletarrok.

        — Bai? Zergaitik? Ezkerkaleterrok bai bagarala zuok baiño askoz leenagokoak.

        — Nondik dakizu, ba?

        — Eta zeuk nondik dakizu, ba?

        — Badakidalako.

        — Zer?

        — Axe!

        — Zera dakizu zuk! Nik badakit ez dakidana, baiña ez dakizunik ere ez dakizu zuk.

        — Pikutara zoaz itz jokookaz.

        — Zoaz zeu.

        — Zeu, ni ez. Eta laster joan ere.

        — Zeu.

        — Zeu.

        Ixilik egoan, bien bitartean, Erdikale. Baiña bere lagunak eztabaidaka ikusirik, berotu egin zan a ere, azkenerako.

        — Baiña ainbeste eztabaida alperreko zertarako? Zuok biok norgaitik zagoze bizirik, ba? Neugaitik? Esan! Neugaitik, Erdikalegaitik —esan eutsen Erdikalek Eskoikale eta Ezkerkaleri.

        — Zugaitik? —itandu eutson arriturik eta urduri Eskoikalek.

        — Ez orixe —trankil Ezkerkalek.

        — Bai. Ara: Ni barik bat izango ziñateke zuok biok. Eskoikale edo Ezkerkale izango ziñateke, baiña bat bakarrik.

        — Ezkerkale ez —esan eban Eskoikalek.

        — Eskoikale ez —esan eban Ezkerkalek.

        — Parkatu. Barriro esango dot, ta ez asarretu. Begira: Ni barik bat izango ziñateke zuok...

        — Baiña ori ez —Eskoikalek.

        — Zu ere ez —Ezkerkalek.

        — Esaten noana esaten itxi egidazue, ba!

        — Aurrera —Ezkerkalek.

        — Bai —Eskoikalek.

        — Ba, esan dodanez, bat izango ziñateke zuok ni barik. Baiña ni barik ezin izan zuok zeuek. Ezin izan Eskoikale edo Erdikale, Kale baiño. Ikusi, ba, zelan bearrezkoa nozuen...

        — Bai baiña... —Eskoikalek.

        — Berba egiten itxi egiozu, ba! —Ezkerkalek.

        — Zertarako asarreturik egon? Irurok gara premiñazkoak bata bestearentzat. Zer dala ta, ba, alkar ikusi eziñik ibilli gu beti? Adiskidetu gaitezan. Eta eskoiratuz, ezkerreratuz, erdiratuz, edertu dagigun Kaleuri kalez, loraz eta abesti ederrez.

        — Konforme nago ni —esan eutson Ezkerkalek.

        — Ni ere bai —Eskoikalek.

        — Gora Erdikale! —esan eban orduan bizturik oiuka Ezkerkalek.

        — Gora! —erantzun eutson Eskoikalek.

        Txikitan ikasiriko abesti bat kantatzen asi zan berealaxe Erdikale.

 

                    «Bat eta bi ta iru,

                irurok ezberdin,

                lanean ari gara

                pozik elkarrekin».

 

        Eta Eskoikale, Ezkerkale ta Erdikale adiskidetu egin ziren. Eta pozaren pozez, billoiztu egin ziran irurak, eta biribilketa bat egiten asi... Baiña zorotzat artu zituezan («streaking» egitea ere galazota egoan, gaiñera), eta atxilotu ta zoroetxe batera sartu ebezan beingoan.

        Or dagoz orain nonbaiten erdi zoraturik.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia