Aberetasuna ta aberekeria

 

                    «Erdimiñaren miñez

                laiño baltz ernaria;

                irribarrez ondoan

                emagin eguzkia.

                Trumoi eta aizearen

                urruma urduria

                negarrez ikusirik

                euri jaioparria!

 

                    Negar-otsa dardarti

                aizearen altzoan;

                txalapartaren otsa

                euri tantak basoan.

                Errekatxo zuzenak

                usategi-lepoan,

                ta barruan uso bi

                «Marti-dantza» gozoan.

 

                    Barriz ere egin dau

                usamak arrautzea;

                eta abi zaarrean

                itxaropen besta.

                Ez katu, ez arratoi,

                osasun ta bakea,

                nork leukean betiko

                usoen aterpea!»

 

Mosu arin bat emon deutso usaitak usamari. Eta itz gozoz edertzen dau: «Kutuntxo, ederra zu, oso ederra zara! Mosu bat, zure aotxoaz mosu bat emoidazu!».

        Asarre dagoz senar-emazte bi etxe baten, asarre eta ixilik. Burruka dabilz beste bi beste etxe baten, burruka eta garrasika, auzo guztien pozarren. Betiko banandu dira beste senar-emazte bi beste etxe baten. Beste bi ere...

        Kurrunka dabilz uso maiteminduak. Usaitak estutu egiten dau besartean usama. Eta pozik, eztitan, au usaitaren egopetan. Eta itz gozoz edertzen dau usaita: «Ederra zara, kutuntxo, zu bai ederra! Bikaina benetan zu, ene maite, txit zoragarria!».

        Birao jaurtika dabilz gizon batzuk lantegi baten. Baita andra batzuk ere portu egal baten. Ondatu egin dau berba gordiñez gizon batek andra bat kale bazter baten. Ganorabako berbak entzuten dira beste nonbaiten ere.

        Arrotu egin jakoz usamari bere luma zuri garbi bigunak pozaren pozez. Eta usaitak loraz betetzen dau: «Nire maite, nire atsegin iturri! Zu bai ederra! Bai zu txairo polita! Lilluragarriak zure itzak! Ene usoa, ene ederra!».

        Ume galdu bat lurperatu dau emakume batek. Bere sabelean dau oraindiño beste batek, baiña prest lurperatzeko. Maitekeriak egiten dabilz gizonezko bi; besarka eta mosuka andrazko bi ere.

        Balet zoragarri bat egiten diardu orain usamak, egoak zabalik. Usaita zoraturik dago ari begira, eta kantari: «Ene ederño! Zatoz, negua joana bai da. Ez da geiago euririk. Atertu dau. Landa lorak agiri dira. Olerki aroa eldu da. Dagoaneko, gure alderdi oneetan usapalaren urruma entzuten da. Pikondoan aleak ernetzen doaz, eta maastiak loratan usain ederra zabaldu dabe. Ene ederño! Zatoz».

        Euren «lanera» doaz lau neska, minigona nabarmenez jantzirik. Txistuka asten dira mutil batzuk aiek ikusirik. Lizunkeriz beterik dagoan nobela bat irakurtzen dago beste mutil bat. Irudi lizunez beterik dagoan aldizkari bat ikusten beste bat.

        Usaitak laztandu egiten dau usama. Usamak laztandu egiten dau usaita. Maitaleak maitatua maitekiro maitatuz, usoak maiteminduen zeruko ateetan dagoz, zorabioturik, berezko berezkotasun zuzenaren lilluragarritasunean: «Ain dira ezti zure itzak, ain da polita zure mosua...! Zorabiotu egiten nozu, ostu egiten deustazu biotza begiratuaz batera. Zure maiteketak bai zirraragille!».

        Amabost urteko neska bat bortxatu dau ogeitamazortziko mutilzaar batek. Diruz erosi dau neska gazte polit bat aberats batek. Pastilla batzuk erosi ditu botika baten andra ezkondu batek bere «maitearengana» joateko. Neskazaar bat bere txakurraz maitemindu da. Neskatilla baten sabelean dagoan umetxoa iltzera doa atsozaar bat...

        Usoak maiteminduen zeruan dagoz: «Ni nire maitearentzat naz eta nire maitea niretzat. Eriotza baizen aaltsua da maitasuna».

        Gizonezkoak eta andrazkoak iguiñaren inpernuan dagoz.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia