Zaldibi
Illuntzeko argi illunetan begi beillegi biak bizturik, badoa Zaldibi. Badoa nonbaitera ariñeketan, itsu-mutsuka, zibuka, bozina otsean, ketan... Estu ta larri doa.
Goienkale, Eskoikale, Erdikale, Ezkerkale, Barrenkale..., bizkor doa Zaldibi kalerik kale. Ona eta ara, badoa nonora. Baiña nora?
Osasunmendiko aizezko karatula bat daroa aurpegian arnasa artzeko; aize garbizko karatula bat aize usteldu aretatik ibiltzeko. Galtzairuzko aterkin bat daroa eskuan, auts-euria da ta, mara-mara. Guatezko tapotz batzuk daroaz belarrietan, zaratearen zarateaz gortu ez daiten.
NAASTESA, KASKOLA, URPINGI, E.R.R.E.B.E.S.A., ITZONTZIO..., abiadan doa Zaldibi anuntziorik anuntzio. Norantz ete doa?
Euria ta kea dantzan dabilz aize ustelduaren altzoan, illunaren mozorroz jantzirik, «boite» izugarri aretan. Uriburuko argi koloretsuak ere dantzan dabilz, sorginkiro, diru-etxeetan, jan tokietan. dantza lekuetan, zineetan, dendetan...
GOZOTOKI, ARNOTXOKO, DROGAKABI, LORETEGI, EUSKERAITZEGITENDA..., tximista bezela doa Zaldibi dendarik-denda. Nora?
Zaldibi! Zaldibi! deitzen deutso adiskide batek.
Zaldibi! Zaldibi! deitzen deutso arerio batek.
Agur! Agur! erantzuten deutse Zaldibik.
Ez dau, izan ere, gelditzeko astirik, nasai egoteko gogorik, ezer gogoratzeko girorik, ezertarako...
Fiat, Seat, Ford, Simca, Ferrari.... prisaka doa Zaldibi berebil errekan igari.
Edonora, edozelan, edonoiz...? Joan doa Zaldibi, joan ta joan, ariñeketan, arrapaladan... Joan bai baiña.... nora?
Gelditu egin da. Gelditu? Bai, gelditu egin da norbait jo dau ta, aurrez-aurre jo ere.
Mercedes jo dau, arro-arro jantzirik eta usain gozoz inguraturik doan Mercedes ederra, orain geldi dagoan Mercedes.
Min egin deutso Zaldibik Mercedesi, min mosuetan. Eta asarretu egin jako a. Eztabaidaka dabilz biak orain, eta garrasika... Burruka asi dira, burruka gogorrean. Ango burdiña otsak ez dau azkenik! Laister azpiratuko dau Zaldibi Mercedesek. Zaar egin da egin ere Zaldibi eta indargetu...
Seat Txiki datorko laguntzera Zaldibi koitaduari. Eta Mercedes azpiratu dabe orain bien artean, eta erdi itsuturik itxi deutse ari begi bat... Baiña Tanke erraldoi itsusia agertu da, bere lagun Izkillugaz... Jakiña, astindu-astindu egingo ditue beingo baten Zaldibi ta Seat Txiki.
Irrintzi kirrinkari samingarriak egiten ditu Seat Txikik Tankeren ankapetan. Maillatu egin dau onek. Izkilluk ere ederrak emoten deutsoz. Il egingo dabe...
Irribarreka dago orain Mercedes burrukalarien ondoan, izardia sikatzen, begiko zauria osatzen. Nasai ta pozik dagoala dirudi.
Zaldibik igesari emon deutso, marmar purrustaka ta arnasoska. Kale arterik kale arte, karatularik gabe orain, an doa Zaldibi alda-maldaka, kulunkan, zalantzan, aurrera ta aurrera. Baiña nora?
Nork jakin nora doan...? Berak baleki...
© Mikel Zarate