On eginaren pagua

 

Zezeilla. Edurrez mendiak. Otz. Illun.

        Gaixorik dago otsoaita. Ai! eta ai! dabil.

        Erbi izoztu batzuk ekarri zituan atzo otsoamak Berexiko supermerkatutik eta, zoritxarrez, azur bat trabatu jakon otsoaitari saman. Eta, ez atzera ez aurrera, antxe, saman dauka orain ere azurra.

        Egiñalak egin ebezan berak, otsoamak et otsokumeak azur ori kentzeko baiña, alperrik.

        Osagille entzutetsu baten zain dago orain otsoaita, Bildots jaunaren zain. Aoa zabalik, betagin sendo ta zorrotzak agirian ditu, eta aideportutu egin dau aren miiña neguko eltxo epel batek. Otsoama dago bere ondoan.

        Otsokumeak telebisiñoa ikusten dagoz. Ain zuzen ere, fulboleko partidu bat emoten dabe: Artzeta-Zezentza. Koloreetan emon ere. Eta oso fulbolzaleak dira otsokumeok. Telebisiñoan sartuta daukez begiak, eta belarriak espikerraren aoan.

        — «Zekor eta Zezenko orain baloiaz. Au ariñeketa! Arzkumek bera bota dau Zezenko... Min egin dau, antza, onek. Asarretu bai egin da, beiñik bein. Arzkumerengana doa Idiskorekin... Begira, ikusi, telebisiño ikusleok..., jo egin dau Arzkume. Arbitroak tarjeta gorria atarako deutso. Jakiña...».

        — Ba! Ainbesteraiñokoa ez da izan —diño otsokume batek, ankapetan azka egiñez.

        — Bai izan da! —erantzuten deutso berealaxe bere ondoan erdi etzunda dagoan otsoanaiak, ortz bitartean dituan aragi zatiak iruntsiz.

        — Ama! Ama! —deika otsoaitak, estu ta larri.

        — Zer? Emen nago, zure ondotxoan. Min?

        — Bai. Ai! Ez aal da etorri osagillea oraindiño? Ai!

        — Ez. Baiña laster etorriko da.

        — Nor joan da aren billa, ba?

        — Elikoteru joan da. Zagoz geldi-geldi..., ta ixilik, berba egitea kaltegarri jatzu ta.

        Amaitu da fulboleko partiduaren leenengo zatia.

 

                    «EGABERA!

                Gora beera,

                beti aurrera.

                EGABERA!

                Entzun, txoferrok,

                ikusi auto ederrok.

 

                    Arin joan nai dozue nonbaitera?

                Erosi, bada, arin gure EGABERA.

 

                    EGABERA!

                Auxe kotxea,

                oso merkea!

                Auxe aukera:

                gure EGABERA!».

 

        Eldu da Bildots jauna. Apala dirudi. Estaldurik ditu begiak betaurreko baltzez.

        Irribarreka artu dau otso familiak. Bigun-bigun eta eskerrikaskoka agurtu dau otsoaitak, eta baijaunaka ta ezjaunaka dabilko orain.

        — Txarto daukazu azur ori euki ere, gero!

        — Bai, jauna.

        — Benetan! Baiña laister kenduko deutsut.

        — Bai, jauna.

        — Trankil artu arnasea.

        — Bai, jauna.

        — Baiña ez mogidu, mesedez.

        — Ez, jauna.

        Serrot txikitxo bat atara dau bere maletiñetik Bildots jaunak. Eta, kontuz-kontuz, rist-rast, rist-rast, rist-rast..., ebagi egiten deutso otsoaitari saman lotuta daukan azurra. Alakoren baten, klask, zati bi egiten da.

        — Orain ederto, ez? —esaten deutso orduan Bildots jaunak.

        — Aaaa...a! Au bai au deskantsua! Ordua izan da..., atseden pizka bat artzeko. Aaaa...a! —erantzuten deutso otsoaitak, Jesus ta amen esan orduko azur zati biak janez.

        — Gozo? —Bildots jaunak.

        — Gose —otsoaitak, arrausi luze bildurgarri bat egiñez.

        — Eskerrik asko, egin deuskuzun mesede aundi onegaitik. Baña olako mesede bat ezin daiteke ordaindu eskerrik asko esanda bakarrik. Esan eiguzu, ba, zenbat dan... —otsoamak Bildots jaunari.

        — Zenbat dan zer? —otsoaitak zutundurik.

        — Kontua —otsoamak samurtasunez.

        — Kontua? Zelako kontua dakarzu zuk orain, ostera? Zerena? Zer dala ta? Ez aal da naiko ordaintzerik neuk beronen alde egin dodana egitea? —asarreturik otsoaitak.

        — Zer egin deustazu, ba? —arriturik eta apalkiro Bildots jaunak, serrota maletiñera sartzen dauan bitartean.

        — Zer egin diñostazu gaiñera? Zer egin? Egon zaitez pozik eta ixilik, mesedez. Egon zaitez pozik, bai, egin deutsudana kontatzeko moduan zagozalarik. Izan ere, ez deutsut miñik egin, egiteko era izan arren. Il aal izan zaitudan arren, ez zaitut il, ez. Gitxi deritxazu orri? Sari aundiagorik zelan emon daiketsut, ba? Bizirik zagoz nire egin zorrotz artean egon arren, bizirik. Zer nai dozu, ba, zer? Zagoz ixilik asarretu ez naiten eta bear ez danen bat egin ez dagitzudan.

        — Parkatu —Bildots jaunak.

        — Gabon —otsoaitak.

        — Bai, gabon guztioi. Agur. Beste batera arte —Bildots jaunak.

        — Ondo joan —otsoamak.

        — Agur —otsokumeak.

        Maletiña artu, ta ixilik eta ikaraturik, badoa bere etxerantz Bildots jauna. Etorri ez da bakarrik etorri baiña, bakar bakarrik doa orain.

        Kanpoan oso otz dago eta illun.

        Deika dabilko telebisiñoa Bildots jaunari.

 

                «Udabarria da, bai, JANTZITEGI-n.

                Etorri ta udabarritu zaitez.

                JANTZITEGI, JANTZITEGI, JANTZITEGI».

 

        Baiña Bildots jaunak ez deutso jaramonik egiten, ta aurrera doa ostopoka, ez dau ezer ikusten eta; aurrera doa neguaren sabelean.

        Fulboleko partidua amaitu da ta, pelikula bat ikustera doaz otsokumeak. Otsoaita ta otsoama ere orain otsokumean ondoan dagoz, afaltzen, azur otsean.

        Telebisiñoko otsoak, ostera, bazkaltzen dagoz.

        «Badator, badator udabarri pozgarria... Adarrik adar, saltuka eta kantuka, kardantxilloak. Erle ta mitxeletak basolora koloretsuen artean balet lilluragarri bat dantzatzen. Untzorriz apainduriko aretxen gerizpetan bazkaltzen otso batzuk, eta TXIRODOL edaten. Kardantxilloen abesti ori-gorriak TXIRODOL-en itotzen dira; erle ta mitxeleten dantzak TXIRODOL-en ezkutatzen dira... TXIRODOL! TXIRODOL! TXIRODOL! Au egunaren argia! Auxe udabarria! Au eguzkiaren beroa! Auxe edariaren gozoa! TXIRODOL! TXIRODOL! TXIRODOL!».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia