Trena eta autoa

 

Barre egiten deutso auto gazte batek tren zaarrari, biak parean, bata trenbidetik eta bestea kamiñotik, aurrerantz doazelarik.

        — Zeure bidetik pozik zoazela diñozu? Zaarren kontuak! Bide bat artu ta ari jarraitu. Aspergarri egingo litzakit niri beti bide bardin batetik ibilli bearra. Bein emendik, bein andik, orain ona, gero ara.... bestelakoa da au, gora ta beera askatasunez ibiltzea.

        — Bai, egia da. Baiña bein bide bat, gero beste bat eta orrela ibiltzea ere arriskutsua da. Ez uste askatasun geiegi ere ona danik.

        — Ez da izango baiña, beti bide bardiña ere gogaikarria da.

        — Gogaikarria zuretzat izango da. Niretzat ez.

        — Jarraitu, ba, jarraitu zeure bidetik, pozik bazoaz. Nik ez dot nai orrelako biderik. Agur.

        Eta agur esanaz batean, urten egin dau autoak bidetik, eta barranku batera jausi da. Aitz punta bat jo, arte ipurdi bat jo, bilinbolaka ibiltaldia egin ondoren, arriarte baten geratu da, maillatu-maillatu eginda.

        Tren zaarra mendipeko tunelera sartu da, ta aurrera doa bere bidean.

        Beste auto bat ere jausi da barrankura. Gelditu egin da beste bat bide bazterrean. Garajera daroe, zauriturik, laugarren bat. Illerrira, bosgarrena.

        Urten dau tuneletik trenak eta, txaka-txaka txaka-txaka, aurrera doa bere bidean.

        Trinkilin-trankalan, aldoka-maldoka, topoz-topo, aurrera doaz auto gazteak ere tren zaarraren ondotik.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia