Arrankariren biurritasuna

 

Egunsentia zan. Udako egunsentia.

        Basoaren andiko aldean, oso nagi egoan eguna, erdi lotan. Eta erdi lotan, basoko erreka baten ondoko illuna urratzen asi zan, astiro-astiro, gogo aundirik gabe, arrausika. Baiña oraindiño ez zan ezer ere ikusten uretan, ura bera ere ez.

        Azkenengo uluekaz isiltasuna eten eta aresti baten sartu zan gauontza. Saguzaar bat ere araxe sartu zan, zizt-zazt, egazkada oker eta bizkorrez.

        Errekako uraren murmur isil gozo batzuk entzun ziran. Sasiarteko bedarpetan egoan erbiak begi biak zabaldu zituan.

        Eguna erdi lotan egoan baiña, aizea bizkor ebillan, arantz eta onantz, gau lotiaren altzoan. Erreka egaletako bedar moltzoak iratzartu nairik ebillan. Bizkarrean joten ebazan, kontuz-kontuz, ikaraturik izartu ez eitezan.

        Loguratu egin zan gaua eta, isil-isilik, lotarantz joan zan.

        An, urriñean, kantatzen asi ziran txori goiztar batzuk. Errekarantz etorzan beste batzuk, arin etorri ere. Baiña aurrerantz joan ziran, baserri bateko soloetarantz.

        Txantxangorriaren kantu apalak eraginda, onen abia itxi ta erreka ertzerantz etorri zan kukua ere, ta bertan gelditu, leizar baten adarrean, egunaren zain.

        Baetorren etorri ere eguna, baetorren. Nagiak atara ta pozik eta ariñeketan etorren errekarantz, argiz eta berotasunez jantzirik. Axe zan benetan bat-bateko bizitasun eta apaindurizko ikuskizun arrigarria!

        Eguna etorriaz batean, barriz jaio zan izadia zoragarriro. Bizi-bizi agertu zan bizia.

        An, or eta emen, leku guztietan agertu ziran txoriak, euren abesti alaitsuz eguna ta izadia agurtuz. Garbi eta urdin ikusten zan zerua bere zabalaren zabaltasun zabalean, ango urriñeko mendi-oste batetik irribarrez eta kiñuka etorren eguzkiaren argitan. Muskerturik egoan lurra, berde-berde, zugaitzez eta bedarrez jantzita eta sakabanaturik egozan etxe zurien teillatu gorriz ederturik. Mendiak, pagadiak, arestiak, artadiak, piñudiak..., baserriak, erriak, uriak..., dana agertu zan ederkiro, Arkadia barri bat sortu izan balitz legez.

        Erreka ertzeko lorak ere milla kolorez apaindu ziran ta usain lilluragarriz bete eben inguru guztia. Aien ondoko ur gardena ispillutu egin zan, eta ispilluaren azpian..., ez, oraindiño ez zan agiri amurraiñik.

        Ain zuzen ere, erreka zuloko jauregian egozan oraindiño amurraiñak, ilunetan. Lo...? Ez. Laister agertu zan amurrain bat uraren argitara. Poliki-poliki etorren, alde guztietara begira. Baiña, dsast, jauregira sartu zan barriro, tximista biurturik. Zer ikusi ete eban? Zer edo zer izugarri, antza.

        Arizko sara bat egoan errekan, amurraiñen jauregiaren aurreko aldean, arrainkariren batek an jarritakoa amurraiñak atrapatzeko edo.

        Beste amurrain batek urten eban jauregitik, ortzadarraren koloreak dizdizka zitualarik. Geldirogeldiro urten eban eta sararantz joan zan bildurkilik, arnasea belarrietatik estu samar artuz. Nork jarri ete eban? Zertarako? Agin zorrotzak erakutsi ta aginkada bat emon eutson. Beste bat ere bai berealaxe. Baiña gogor egoan sara aundi zabal a, eta artegatu egin zan amurrain eder loloretsua. Aurt eta jaurt, egoei ta buztanari eragiñez, jauregira sartu zan arrapaladan, bunbuillo lorratz txiki bat itxirik. Baiña ez zan barruraiño sartu, antza, beste zortzigaz agertu zan eta, barriz ere, sartuaz batean.

        Alkarren atzetik etorzan amurraiñok, aundi bi ta zazpi txiki, aundiak aurretik eta txikiak atzetik, baiña aurretik joan gurarik, zoro-zoro.

        Usainka eta muzinka, jira eta bira, inguru-minguru, an ibilli ziran amurraiñok eta amurrainkumeok sarearen aurrean. Ekitaldia egin eben gero, zizt eta zatz, aginkadaka, sara gogorra urratu, eten, nondik edo andik apurtu nairik, uretan gora joateko.

        — Nik gorantz joan nai dot, gorantz joan nai dot —esan eban, erdi negarrez, amurrainkume batek.

        — Euli ta eltxo gozoak dagoz an, besteko aldean —esan eban gosez beste batek.

        — Badakit, badakit, enetxook! —erantzun eutsen amurrain-aitak, erdi asarreturik.

        Egiñalak egin arren, ezin izan eben ezer egin. An ibilli ziran geroago ere urtenbide bat aurkitu gurarik, non edo an urtenbideren bat egongo zalakotan. Baiña billa ibilli arren, ez eben urtenbiderik topau.

        Izan ere, oso gogorra zan sarea, edea lakoxea, eta ez eban zulorik, zulo aundirik. Zulo txikiak bai, asko, zulo txikiz josita egoan ta. Baiña ezin andik urten amurraiñak, amurrainkumeak ere ez, oneen gorputzak baiño askoz ere estuagoak bai ziran zuloak. Alan eta guztiz ere, ez ete eban sareak apropos egindako zuloren bat? Bai, baeban nonbaiten, sarearen besteko aldean ebillan saltuka amurrainkume bat eta.

        — Nondik joan zara orra? —galdetu eutson orduan deika amurrain-aitak.

        — Ortik, goragotik..., ortixe dago zulo bat... ortik ez, onagotik... Ortik, ortik, bai. Etorri.

        Baegoan egon ere beren-beregi egindako zulo bat, enbudoaren antzera egiñikoa, alderdi batean zabal eta bestean estu. Butrinoaren zuloa.

        Amurrain-aita ta amurrain-ama bildur izan ziran leenengotan andik sartzen. Baiña amurrainkume guztiak, saltu or ta saltu emen, besteko aldean euli ta eltxo jaten eta dantzari ebilzala ikusirik, eurak ere besteko aldera joan ziran, aiekaz batean uretan gora joateko.

        Ariñeketan igaro eben zulo nabarmen a, eta amurrainkumeenganantz joan ziran. Ta aien ondora elduaz batera dardar jarri zan amurrain-aita, beste sara bat ikusi ebalako aurreko aldean.

        — Zer? —itandu eutson amurrain-amak bere egoekaz aren bizkarra laztanduz.

        — Beste sara bat dago or.

        — Ene!

        — Urtenbidea zalakotan, sartubidea izan da ori, gu atrapatzeko sartubidea...

        — Bai?

        — Bai.

        — Zer? Zer dala ta zagoze or geldi-geldi? —esan eutsen Arrankarik, amurrainkumerik gazteenak.

        — Ezer ere ez —erantzun eutson amurrain-aitak otz eta motz.

        — Zerbait bai.

        — Ikusi beste sara ori.

        — Non?

        — Ez aal daukazu begirik?

        — Bai, bai, ikusten dot. Zertarako jarri dabe...?

        — Zertarako? Neuk baneki...!

        Urtenbide billa asi ziran barriro ere amurraiñok, urtenbide eta igesbide billa, ara eta ona, gora eta beera, ariñeketa bizkorrak egiñez sara zabalaren sabelean, geroago ta estuago ta larriago, gora ta gora joan nairik uretan.

        Alakoren baten, bat-batean gelditu ziran. Erreka ertzeko bedar artean egindako oin otsa entzun eben, kontuz-kontuz eta geldiro-geldiro etorzan arrainkari batzuk ataratzen eben oin ots motela, motela ere motela. Bai belarri zoliak amurraiñenak!

        Eurengana urreratu ziranean arrainkariak, itsumutsuka joan ziran amurrain guztiak jauregirantz... Baiña ezin billatu leengo zulorik.

        Arrapaladan sartu ziran orduan arrainkariak errekara, ta beingo baten jaso eben butrinoa amurrain txiplitxaplakariekaz. Eta erreka bazterreko bedar gaiñean itxi eben.

        Arnasarik artu ezinik egozan amurraiñak, dragoka, zotinka, buztanka...

        Butrinoa zabaldu, ta amurrain-aita ta amurrain-ama zorro batera bota zituezan arrainkariak, euren etxera eroateko edo.

        Amurrainkumeak ere eskuetan erabilli zituezan, zorrora botatzeko. Baiña ez ebezan ara bota. Oraindiño txikiegiak ziralako edo, saran bertan itxi ebe zan. Gero, aren zulo guztiak zarratu, ta errekara eroan zituezan barriz ere amurrainkumeak, erdi ilik.

        Laister biztu ziran uretan, ta gurasoen billa asi. Baiña, jakiña, ez eben gurasorik aurkitu. Urtenbiderik ere ez. Euliak, eltxoak, ogi birriñak eta abar, ostera, gura eben beste, arrainkariak botata, jan egiezan eta azi ta loditu eitezan.

        Eta egunak joan eta egunak etorri, antxe bizi izan ziran aurrerantzean amurrainkumeak, sara barruko amurrain zurtzak.

        Naiz eta zer jana ugari izan, leenengotan ez eben jaten ez eulirik, ez eltxorik, ez ogi birriñik, ez arrainkariak emondako ezer, bildurretan egozalako. Gero, ostera, joanak joan, bertakotu egin ziran eta bizi ere oso ondo. Arrainkarien lagun ere egin ziran azkenean... Baiña danak ez. Danak ez egozan pozik an, askakeriaren atsegiñetan.

        Ain zuzen ere, Arrankari ez egoan gustura, eta bizirik egoteko lain baiño besterik ez eban jaten, eta igesbide billa ibiltzen zan egun guztietan, ordu guztietan...

        — Baiña zergaitik ez dozu jaten, ba? —esaten eutsen besteak.

        — Nik ez dot emen bizitzerik gura.

        — Txarto bizi zara ala?

        — Bai.

        — Zer falta jatzu, ba?

        — Askatasuna.

        — Zera falta jatzu: kopla zaarrak! Emendik kanpora obeto bizi izango zarala uste dozu?

        — Ez dakit, baiña emen egoterik ez dot nai. Orixe.

        — Ta nora joateko asmoa dozu, ba?

        — Kanpora.

        — Kanpora...?

        — Bai, emendik kanpora.

        — Baiña zelan kanpora? Nondik?

        — Ez dakit, baiña nonondik bai, orixe bai.

        — Bai, zeretik!

        — Zeretik ez, saratik baiño.

        — Bai, zereko saratik!

        — Ikusiko dozue...

        — Ikusi? Ilten ikusiko zaitugu laister, orixe, ilten.

        — Ta zer?

        — Alperreko biurrikeria da zurea, Arrankari. Ez dozu ezer ere lortuko orrela. Alperreko biurrikeria...!

        — Edo biurritasuna.

        — Kokoloa ez zaitez izan.

        — Gero ikusiko dogu nor dan kokoloa ta nor ez dan.

        — Zoroa alakoa!

        — Eta zuok ez? Zuok zarie zoroak, zuok.

        — Gu? Zergaitik?

        — Iñoren menpean zagozelako, iltzeko loditzen.

        — Ta zu iltzeko argaltzen. Bardin da.

        — Ez da bardin. Ni ama izango naz laister eta emendik kanpora egingo ditut arrautzak. Zuok, ostera, arrautzarik ere ez dozue egingo.

        — Zer, ba?

        — Ikusiko dozue...

        — Ai, gure Arrankari! Beti ameslari ta abeslari.

        — Ta zuok...

        — Ementxe egin bearko dozuz arrautzak, nai ta nai ez, ementxe berton.

        — Ez orixe.

        — Bai orixe, leenago il ezik.

        — Ez, ez...

        — Bai, bai. Zelan bizi jan ezean?

        — Neuk jakingo dot zer egin.

        — Burugogor ori alako ori!

        — Buruariñok alakook!

        — Joten bazaitut jo...

        Alde egin eban Arrankarik bazter batera. Barre algaraka asi ziran, bien bitartean, beste amurraiñak.

        Erdi barautan bizi eziñik bizi arren, zotz bat legez argal-argal gelditu arren, ez eban atzerarik egin Arrankarik.

        Esan ta izan, ameslari ta abeslari ebillan eta ustetsu ta itxaropentsu, bakarrizketan.

        — Emendik aide egiterakoan..., bai, arrautza asko egingo ditut, arrautza asko, amurrainkume asko egingo ditut, arrautza asko, amurrainkume asko sortu daitezan. A izango da poza a! Amurrainkume barri asko, eta emeak. Emeak bear doguz, ain zuzen ere, emeak. Berreun ar egon arren, eme bat baiño egon ezik..., ume bat edo bi edo amabi, geienez. Baiña ar bat eta berreun eme egon ezkero, orduan bai, orduan milla edo bi milla edo amabi milla ume. Ugaritasun pozgarria! Emeak bear doguz, emeak, ume asko sortzeko. A izango da pozaren poza sara gabeko uretan! A bai a atsegiña! Ai! Au da larria! Erdimiñak ete dira? San Antonio!

        Baetorren etorri ere arrautzak egiteko sasoia. Baiña Arrankari sara barruan egoan oraindiño, geroago ta argalago ta indargetuago.

        Beste amurrainkumeak, ostera, amurrain biurtu ziran, eta geroago ta lodiago, aundiago, ederrago ta indartsuago egozan, ta aurretik erabiltzen eben Arrankari.

        Bein baten, beste egunsenti zoragarri baten, jatekorik gabe etorri ziran arrainkariak, eta zorro bat ekarren utsik. Eta jaso egin eben butrinoa, ta erreka bazterrera atara. Gero, amurraiñak artu ta zorrora bota zituezan, etxera eroateko. Sei amurrain eder. Ain zuzen ere, ez egoan an zazpigarrenik. Arrankari falta zan eta.

        Iges egin eban Arrankarik butrinoaren zulo batetik. Apurtu egin zalako? Ez. Butrinoaren zulo txikiak baiño txikiagoturik egoalako, argalaren argalaz.

        Arrainkariak butrinoa jaso ebenean, azala ta azurra baiño besterik ez zan bere gorputz estu luzea, aria orratzaren zulotik legez, sara-zulo batetik igaro, ta uretara saltu eban Arrankarik, sararik bako uretara.

        Batera eta bestera begiratu ta, egoei ta buztanari agudo eragiñez, bizkor joan zan uretan gora, aurrera ta aurrera, ameslari ta abeslari, arrautzak egitera.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia