Tximino ta Tximina

 

— «NORTASUN! NORTASUN! NORTASUN! Uriburuko dendarik aundiena, ederrena, onena. NORTASUN! NORTASUN! NORTASUN! Ez zaitez numerutu, makiñatu, baloitu... Izan zaitez zeu, nortasundun zeu. Zatoz, erdu, etorri NORTASUN dendara...».

        Oraintxe sartu dira Tximino eta Tximina NORTASUN dendara, nortasunez jazteko.

        — «Ule luzea, bizar luzea, nortasunaren ezaugarri. Baiña garbitu, orraztu, dotoretu, leenengo ta bein, burua. Non...? NORTASUNen, NORTASUNeko apain-gelan».

        Bere ule luze ta bizar luzeagaz, apain-gelara sartu da Tximino.

        — «Milla koloretako ulea, milla koloretako begiak, nortasunaren ezaugarriak. Ule gorria, zuria, beillegia, berdea..., edozein koloretako ulea NORTASUNen, NORTASUNeko apain-gelan».

        Bere ule labur eta betule laburrekaz, apain-gelara sartu da Tximina ere.

        — «Zaindu begiak, ibilli antijuak. Antiju gorriak, berdeak, baltzak, urdiñak, aundiak, txikiak, danetarikoak..., NORTASUNeko BETAURREKOTEGIn. Ikusi, sartu BETAURREKOTEGIra».

        Tximinok eta Tximinak antijuak erosi ditue. Kristal berdezko txiki batzuk erosi ditu Tximinok, eta kristal gorrizko aundi nabarmen batzuk Tximinak.

        — «Nora zoaz arkondara zaar orregaz? Nora marinera zaar orregaz? Gaur ez da orrelakorik eroaten. Iñork ere ez dau eroaten. Gaur nikiak eroaten dira. Jantzi, ba, arin modara, gaurko modara. Ikusi NORTASUNeko niki-denda. Nikiak, nikiak, nikiak, gaurko nikiak, nortasunezko nikiak NORTASUNen».

        Niki gorri bat artu dau Tximinok, beillegi bat Tximinak. «Gu gara gu» ipintzen dau papar aldean Tximinoren nikiak, eta «Superneska» Tximinarenak.

        —  «Ez aal dozu ikusi oraindiño NORTASUNeko PRAKATEGI? Ez? Zertan zagoz, ba? Zatoz eta ikusi neurri guztietako prakak, era guztietako prakak, nortasundunak eroaten dituen prakak. Zure zain dago PRAKATEGI, zure alde dago PRAKATEGI, zure onerako dago PRAKATEGI, zure arduraz NORTASUNeko PRAKATEGI».

        Praka zabal kolorga batzuk jantzi ditu Tximinok, praka estu marroi batzuk Tximinak.

        — «Abarketarik eta abarkarik ez dau jazten iñork gaur. Zergaitik, ba, zuk? NORTASUNeko OSKITEGIan egon ez zaralako, oiñetakoak emoten daben nortasuna zer dan ez dakizulako. Baiña nora joan gaur nortasun barik? Iñora ere ez. Nortasunduna, ostera, edozein lekutara. Nortasundu zaitez, ba, NORTASUNeko OSKITEGIn».

        Takoi aundidun zapata batzuk erosi ditu Tximinok, takoi txikidun bota luze batzuk Tximinak.

        — «Niki utsean ez zaitez joan iñora badaezpadan. Jantzi kanguro arin bat, jantzi trenka bero bat, jantzi..., baiña non? KANGUROTEGIn, TRENKATEGIn..., NORTASUNen».

        Tabardo bat artu dau Tximinak, eta anorak bat Tximinak. Baltza batak, berdea besteak.

        — «Jantzietarako kolonia, uleetarako txanpua, eskuetarako leungarria. oiñetarako autsa, besapeetarako usain gozoa..., zuk bear dozun guztia, eta geiago, NORTASUNen. Etorri, ikusi. NORTASUN! NORTASUN! NORTASUN!».

        Aldaturik, barriturik, gaurkoturik... urten dabe kalera Tximinok eta Tximinak, eta or dabilz jende arterik jende arte...

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia