Arratoiboda

 

Katarrek urtero ilten ditu arratoi bat edo bi. Pentsutegiko feriatik ekarten ditu.

        Amaika arratoiboda pozgarri egiña da Katar bere etxekoarteko ta adiskideekaz!

        Ondo gizenduriko arratoi bat il dau aurten ere, eta katu asko batu ziran arratoibodan.

        Pernil ederrak atara eutsozan arratoiari, jana egin aurretik astiro-astiro a txikitzean. Oso ederrak. Iñoizkorik ederrenak. Pozarren egoan Katar. Baita bere etxekoak eta adiskideak ere. Eta egotekoa zan. Arratoiboda egin, eta urrengo egunean, leenengo ondo-ondo pipergorritu ondoren, eskatzean eskegita ipiñi zituan pernillok Katarrek. Eta aiei begira egon zan gero, luzaro eta bitsetan. Eta egunak joan eta egunak etorri, ketu, sikatu eta ondu egin ziran pernillak.

        Egun baten, giarra zatitxo bana kendu eutsen Katarrek kontuz-kontuz, zelan egozan ikusteko. Eta laister jateko modura egozala esan eutsen bere etxe koei. Baiña, a zoritxarraren zoritxarra, ostu egin eutsezan pernillok urrengo egun baten, ostu. Baiña nork? Iñork ere ez ekian.

        Toto alkatearengana ere joan zan Katar, erdi negarrez, zer jazo jakon esatera. Laister jakingo ebala nor izan zan esan eutson arek. Baiña gaur arte.

        Guztiz gogailduta, biotz jausita dago orain Katar.

        Katamixer etorri jako oraintxe bertan erpatitz bategaz. Eta axe irakurten dago. Bere adiskideak baialdu deutse. Arratoipernil-jan bat egitera joateko konbite da.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia