Egiederko Alegi

 

Lagun asko bizi dira Egiederren. Lagun ezagun asko. Nork ez ezagutu Eleberri, Antzerki, Saio, Ipuin, Kontu, Sermoi...? Mundu guztiak ezagutzen ditu.

        Egiederren biotz ingurua txalet eta apartamentu ederrez loratuta dago, olerkiz eta prosaz, eskuz eta inprentaz egindako txalet eta apartamentu zoragarriz. Eta oneetan bizi dira Egiederko lagunik geienak. Danak ez.

        Alegi, Atsotitz eta Sermoi (Alegi ta Atsotitzen morroia) txabola baten bizi dira, autsak eta sitsak jandako txabola zaar baten, bazterturik eta erdi aaztuta.

        Eleberri, Saio ta Antzerki, Egiederko jauntxo aundikiak, Alegi ta Atsotitzen txabolara joan dira gaur goizean, eta andik alde egiteko agindu deutse aiei.

        — Egiedertik alde...? Baiña zer dala ta alde? Nortzuk zarie, ba, zuok besterik gabe gu Egiedertik kanpora botatzeko? —erantzun deutse Alegik.

        — Ori, ori! Kanpokoa etxera, etxekoa kanpora. Leengo zaarren esaerak, guztiak jazoerak. Leen alan, orain olan, gero ez jakin zelan —Atsotitzek.

        — Ez egin jaramonik nire aitari. Zaarra ere bada ta, erdi txotxoloturik dago... —Alegik.

        — Antxiña baten gaztea nintzan, orain egin naz agura, emazteak eta umeak ere ez nabe ikusi gura. Errementariaren etxean zotza burduntzi, arotzaren etxean, otzarea aurki. Dagoanean bonbon, ez dagoanean, egon. Daukanak dauko, ez daukanak, baleuko. Negua zaarren ilgarria, gazteen zaargarria. Bagendu ta balitz... Ez aal dakizue balizko olearen abestia? Entzun entzun:

 

                    «Baneu ta banintz,

                ezaren irrintz;

                bazendu ta baziña,

                ametsaren eziña;

                baleu ta balitz,

                mutuaren bi itz;

                bagendu ta bagiña,

                alperreko aalegiña,

                bazendue ta baziñie,

                egin-nai utsaren adiskide;

                balebe ta balira,

                besteen anaiak dira».

 

        — Aita! —Alegik.

        — Aita ta seme tabernan dagoz, ama ta alaba jokoan, areen etxean... —Atsotitzek.

        — Aita!! Zagoz isilik, ba, apur baten. Gero... —Alegik.

        — Gero..., otz ez dana, bero —Atsotitzek.

        — Isilik egoteko, ba, Jesus! —Alegik.

        — Jesus diñozu, Jesus? Berba ona da ez bada kunplimentuz. Jesus, Maria eta Jose, beti jan eta... —Atsotitzek.

        — Parkatu, Antzerki, Saio ta Eleberri. Olakoxe txotxolo aldikadak izaten ditu noizpeinka nire aitak eta —Alegik.

        — Txotxoloa ni? Baita zera ere! Ezertarako ere ez nazala gauza uste dozue ala? Au ere bada! Jakiña: zaarra, traste txarra... Bai, ta zer? Aizea ere zaarra da, ezertarako balio ez dauana, baiña bera barik bizi ezin. Eta aizea lakoa naz ni ere: ariña, biguna, gogorra, indartsua... Leena, oraiña ta geroa naz ni. Orixe, bai. Arritu egiten zaitue nire jakituriak? Ala zorabiatu? Entzun, bada: Erriaren jakintza, ebanjelio txiki, zuen iturri, Egiederren oiñarri..., orixe naz ni. Gazi, gaza, gozo; erreza, laburra, sakona, argia, rimaz eta ritmoz jantzia, buruz ikasia, ezpan-belarri erabillia..., bizitzako liburu pozgarria ta negargarria. Zer ikusi, a ikasi. Asko daki zaarrak, erakutsi bearrak... —Atsotitz.

        — Ez aal dozu entzun, Atsotitz, semeak esan deutsuna? Zagoz, ba, isilik, txotxolo gogaitu ori! —Saiok.

        — Ba..., alde egin bearko dozue, Alegi, albait ariñen, Egiedertik —Eleberrik.

        — Baiña zergaitik? —Alegik.

        — Lotsagarri ta kaltegarri baiño ez zareelako emen Egiederren —Eleberrik.

        — Zer egiten dozue, ba? Ezer ere ez. Eta ezer egin eztekotan, alperrik zagoze emen —Antzerkik.

        — Alperra beti gazte —Atsotitzek.

        — Egiederren, egia edertzeko bizi bear da, eta zuok ez dozue ez egirik ez ederrik sortzen. Ez —Eleberrik.

        — Sortu ez? —Alegik.

        — Egia? —Saiok.

        — Bai, egia — Alegik.

        — Egiak ez ditu bide bi —Saiok.

        — Egia... —-Alegik.

        — Egia, surraren ondoan begia. Egia askoren erregarria. Egia biribilla da, ta ezin batera osorik ikusi. Egia esateko ez daukat lotsarik; ez deust bete sekula guzurrak boltsarik —Atsotitzek.

        — Isilik zu, Atsotitz —Saiok.

        — Zer da egia zuentzat, ba? —Alegik.

        — Egi bat baiño geiago aal dagoz? —Antzerkik.

        — Ez, egia bat da beti. Ez egia da ori. Baiña alderdi asko ditu, alderdi asko, bai —Alegik.

        — Zera ditu! —Saiok.

        — Zereko zeraren zera zertu da zerean —Atsotitzek.

        — Ez aal dozue iñoiz entzun Budaren parabolea? Elefantearena eta itsuena? Ez? —Alegik.

        — Zelako parabolea? —Eleberrik.

        — Begira: Bein baten, jaiotzatik itsu ziran gizon batzuk artu ta elefante baten ondora eroan zituan errege batek. Eta elefante bat zala esan eutsen, aurrean ebena. Eta banan-banan arturik itsuok, elefantearen burura eroan eban leenengoa, tronpara bigarrena, bizkarrera irugarrena, anketara laugarrena, buztanera bosgarrena, ta abar. Zer zan a itandu eutsen gero itsuoi... —Alegik.

        — Itsuak ikusgura, errenak ibilgura, gorrak entzungura —Atsotitzek.

        — Elefantea zala erantzun eben bat-batean danak. «Baiña zelangoa da?», galdetu eutsen barriro ere erregeak. Eta orduan galdara aundi baten parekoa zala erantzun eban buruan egoanak... —Alegik.

        — Txapela buruan ta ibilli munduan —Atsotitzek.

        — Gomazko tubo lodi bat lakoa zala esan eban tronpearen gaiñean egoanak... —Alegik.

        — Txirikitin txonea, Durangon tronpea, Elorrion buzkantza, Ermuan sedea; Ermuan seda barri, mutillok dantzari, neskak konbidetako libre maspasea. Amak emon baleutso etxeko lotsea, ez ebala galduko urrezko boltsea —Atsotitzek.

        — Sala baten antzeko zala esan eutson erregeari elefantearen bizkar gaiñean egoanak. Tantai batzuk lakoa, anketan egoanak; iñarra bat zirudiala esan eban buztanari ikutu eutsonak; eta abar. Eta orduan... —Alegik.

        — Ordua doanean doa mundua —Atsotitzek.

        — Isilik! Jarraitu —Saiok.

        — Ba, auxe esan eutsen orduan erregeak itsuoi: «Ederto! Baiña esan orain ia zelan izan daiteken batera galdara aundi baten parekoa, gomazko tubo lodi baten antzekoa, sala bat lakoa, tantai batzuk lakoa, ta abar. Zelan ainbeste gauza ezbardin gauza bati buruz?». Eta eztabaidaka asi ziran itsuok, bakotxak bereari gogor eutsiz... —Alegik.

        — Bakotxak berea eta bakotxari berea —Atsotitzek.

        — Ulertu dozue? —Alegik.

        — Bai. Ta zer? —Antzerkik.

        — Ba guk ere geure egia ikusten eta erakusten dogula. Orixe —Alegik.

        Sermoi, Alegi ta Atsotitzeneko morroia, agertu da. Luzez eta baltzez jantzirik dago, betaurreko zaar batzuk sur puntan noiz jausiko ditualarik. Bera ere zaar egin da.

        — Zuek erakusten dozuen egia ta «bapez», bardin. Esatea ere... —Saiok.

        — Bakotxak berea —Atsotitzek.

        — «In ore istorum non est sinceritas». Non da zintzotasuna? Non gure asaba zaarren zuzentasuna? Non...? Vade restro, Satana! O, zein dan...! —Sermoik.

        — Isilik zu ere, mesedez, Sermoi... Gure egiak ezertarako ere balio ez badau, zuok diñozuenez, zuok erakusten dozuen egia ere nondik artu dozue, ba? Nondik? Geugandik —Alegik.

        — Zuongandik? —Saiok.

        — Ona emen berton Bilbo! —Antzerkik.

        — Bilbao, an ere dongeak birao —Atsotitzek.

        — Geuk sortu genduan Egieder —Alegik.

        — Zoratu egin zara zu ere ala? —Saiok.

        — Kirtenkeriak esaten ibilli barik, zoaze, bai, ta kitu —Eleberrik.

        — Jakiña —Antzerkik.

        — Baiña zer uste dozue zuok, bada? Ezerezetik sortuak zareela...? Berez? Geure odola dozue zuek ere —Alegik.

        — Baita zera ere! Naiko koplarik da —Saiok.

        — Nire aita ta ni ona etorri giñeanean, ez egoan Egiederrik. Geuk emon geutsan asierea, geuk —Alegik.

        — Amaiera ere laister —-Saiok.

        — Kanpora emendik! —Antzerkik.

        — Ameriketako indioei emon deutsen antzera, erreserbatxo bat emoiguzue guri ere, besterik ezean, mesedez —Alegik.

        — Ez dira faltako landerrak zure lurraldean. Agindu au emoten deutsut, ba: «Zabaldu zure eskua zure lurreko lander eta beartsuentzat». Txiroa zapaltzen dauanak, aren egillea iraintzen dau. Txiroaz erruki danak, ostera... Bai, ai! «Beatus qui cogitat de egeno et paupere: die malo salvavit eum Dominus». Baiña madarikatua... —Sermoik.

        — Etxe barri bat egin ezkero... —Alegik.

        — Ez —Saiok.

        — Ez orixe —Antzerkik.

        — Ez —Eleberrik.

        Eztabaidaka ekitaldia egin ondoren, Saiok, Antzerkik eta Eleberrik kanpora jaurte ditue, errukirik gabe, Alegi, Atsotitz eta Sermoi. Eta kanpotik ibilli dira, ara ta ona, nora joan ezean.

        Neure etxera etorri dira azkenean. Bai, oraintxe leentxoago etorri jataz, eta pozik artu ditut, eta alkarrizketa luze bat egin dogu, urdaiazpikoa ta intxaurrak janez eta ardao baltz indartsua edanez, bien bitartean. Gero, kantu zaar batzuk abestu doguz eta, jakiña, kanturik kantura, tragua barrura.

 

                    «Oso arlote bizi gara

                ezin osaturik;

                zenbat aldiz eguerdian

                oraindik baraurik!

                Gaur bai...».

 

        Lo dago orain Atsotitz, eta liburu zaar bat irakurtzen Sermoi. Berba ta berba dabilt Alegi, ta ni isil-isilik entzuten eta entzuten eta idazten eta idazten.

        Gaueko amabiak dira baiña, oso pozik nago Alegiri entzuten, eta logurarik ere ez dot.

        — Aurrera, Alegi, jarraitu. Amaitu esaten ibilli zaiatazana...

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia