Erle ta Miru

 

                    «Egaz doa Txori

                aize epeletan;

                egaz doa Arrain

                ur otz gardenetan.

                Aizearen altzoan

                ta uraren kolkoan,

                egaz doaz biak

                udako pozetan».

 

Egaz egin gura dau Erlek ere. Baiña Miru zaar ankerraren erpapetan dago, eta, egazka ta egazka ibilli arren ezin egazik egin, ezin ezelan ere.

        — Kendu zakidaz, mesedez, nire gaiñetik, Miru jauna. Ai! Mindu egiten nozu... Itxi egidazu egaz egiten...

        — Ez. Zure eztenkadak...

        — Zapaldu egiten nozu ta.

        — Egin bear. Zure eztenkadak...

        — Zapaldu egiten nozu ta.

        — Egin bear. Bestelan...

        — Zer?

        — Eztenkadea.

        — Ez, ez, ez, Miru jauna. Oker zagoz. Lorarik lora joan nai dot nik. Askatu nagizu, ba, mesedez, egaz egin dagidan, eztia egin dagidan, bizi naiten...

        — Ez.

        — Zergaitik baiña?

        — Ondo dakizu zuk zergaitik.

        — Geldi egon naz ni neure lekuan...

        — Geldi? leku onean geldi zu, gaizto ori!

        — Ai!

        Miru olgetariaren erpapetan dago Erle. Estu ta larri. Ta, alakoren baten, larriaren larriak eraginda, bere ezten zorrotza atara, ta erpapetik sartu deutso Miruri. Eta, jakiña, mindu egin da Miru, ta asarratu. Eta il egin dau Erle, il pikukadaka, ta iruntsi.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Ipuin antzeko alegi mingotsak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia