Hitzaurrea

 

        Mungia ondoko herritxo batean izan zen, Laukarizen, 1953.eko uztailaren 25ean, arratsaldeko zazpiretan, gutxi gora-behera. Erromerian dantzan ari ziren neska-mutilei begira nengoen, munatxo batean eseririk. Nire bizikleta zaharra ere hantxe zegoen munatxoaren kontran erdi etzanda.

        Halakoren batean, gizon bat urreratu zitzaidan ta irriparre gozo samur bat egin zidan.

        —Kaiko, mutil! Arratsaldeon!

        —«Arrastion»!

        —Zer egiten dozu, ba?

        —«Erromerieri begire nau».

        —Nongoa zara?

        —«Hemetik urrekoa: Lezamakoa».

        —Kontxo! Herri polita Lezama.

        —«Ezetuten dozu ala»?

        —Bai. Sarritan izan naz Lezaman. Euskera bere ederto egiten da han.

        —«Bai...? Eztaipa; erderakazo asko sartuten duz guk eta txarto eiten du euskera».

        —Txarto? Bai zera! Irakurten eta idazten badakizu?

        —Zer...?

        —Leiduten eta eskribiduten ete dakizun...

        —Bai.

        —Euskeraz bai?

        —A! Ez. «Erderaz bai, baie euskeraz eztait».

        —Euskalduna izan eta ez dakizu zeure berbetea leiduten eta idazten? Ikasi egin behar zeunke. Ez dozu uste lotsagarria dala guri euskaldunoi jazotzen jakuna? Geure-geurea dogun hizkuntza, berbetea, baztertu, ahaztu, hondatu..., ta Euskalerria erdal herri bihurtu. Ez da egia ala? Zu gaztea zara eta...

        Eta beste gauza asko esan zidan Eutiki Zuluetak, ordura arte inoiz entzun ez nuen gauza jakingarri asko. Eta pentsamentu berriak ausnartzen joan nintzen etxerantz bizikletan.

        Elkarrizketa ta ausnartze haien ondorio izan dira ordutik hona euskeraz egin ditudan lanak, lan nekagarriak. Hain zuzen ere, nekagarria izaten da nahi ta nahi ezko erdal ikasketak egin ondoren euskarazko liburu bat irakurtzea ta ulertzea, ondo ulertzea batez ere.

        Eskuetan hartu nuen euskarazko lehenengo liburua Txomin Agirreren Kresala izan zen. Astun, gogor, ulergaitz egin zitzaidan. Ba nekian jakin euskaraz, nire herriko euskaraz; baina hitz, aditz eta esakera asko ez nituen konprenitzen, eta gaia ilundu, aria galdu, nekagarri ta aspergarri egiten zitzaidan Kresala zoragarria irakurtzea. Hala ere, behinolako elkarrizketaren bultzadaz eraberrituriko gogoa adoretsu nuen ta Mendizabalen hiztegia erosi, hitz ezezagunen esanahia nobelako orrialde bakoitzaren barrenean jarri, ekin eta ekin, aurrerapide handiak egin nituen berehala, irakurgai hura pozgarri ta bultzagarri izaterainoko aurrerapideak.

        Irakurri ta irakurri, ez dakit zenbat liburu irakurri izan dudan Kresala behin eta berriz astiro-astiro irakurri ta gero. Asko. Eta gaur ezin naiz bizi euskal libururik irakurri gabe, atsegin, atseden eta bizi-poz ditudalako.

        Egia esan, mindurik ibili naiz sarri askotan gure literaturaren egoera larria ikusirik. Hona hemen, mindura horren ezaugarri bezala, behinola egin nuen olerki bat:

 

                Euskal literaturaren harrokeria

 

                Etxe ederrak dituzte,

                etxe ederrak

                nire auzokoek...,

                ta zenbat lorategi

                ta zuhaitz nabarmen!

                Zenbat kotxe,

                zenbat ondasun,

                zenbat jende!

                Zenbat aberats

                ditudan hemen,

                mutilzahartu zaidan

                txabolari parrez...

                Eta mindu

                egin naute

                aberats harroek,

                ta harrotu egin naiz

                ni ere

                ezinaren ezinez:

                «Pobrearen egoera

                zuena baino hobe!

                Nik ez dut inoren

                ta ezeren

                beldurrik,

                ez.

                Niri ez didate

                ohostuko ezer.

                Ezin niri

                lapurretarik

                egin.

                Hale!!!»

 

        Hala ta guztiz ere, erdaldun jakitunek, hau da, erdaldun jeboek (euskara ta euskal kultura ezagutzen ez duena baita jebo guretzat, euskaldunontzat), horiek mindu naute gure literaturaren egoera larriak baino gehiago. Ez noa, hainbeste bidar aipatu direnez gero, Unamunok esandakorik aipatzera. Ezta oraintsu Suárez jaunak esandakoa ere, jakitun gaudelako guztiok. Baina adibidez zerbait jartzeko, ezezagunagoak direnez gero, Ortega y Gasset-ek esandako astakeriak jarriko ditut hemen. Hara zer esan zuen: «Ser vasco es, sin más, una renuncia nativa a la expresión verbal. El misterioso pueblo vascongado posee un idioma elemental que apenas sirve para nombrar las cosas materiales, y es por completo inepto para expresar la fluencia fugitiva de la vida interior». (José Ortega y Gasset, Obras completas, tomo II, El espectador (1916-1934), 2.a ed., Revista de Occidente, Madrid, 1950, pág. 269).

        Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Iratzeder, Gandiaga, Juan Mari Lekuona, Mirande, Joxe ta Xabier Azurmendi, Lete... ta beste euskal poeta asko etorri zitzaizkidan gogora berehalaxe zati hori lehenbizikoz irakurri nuenean. Hilda zegoen ordurako Ortega. Bizirik egon balitz ere, ez nion ezer erantzungo, ez zidan ezer ulertuko ta, bere erdal Olinpoko gaztelu ahaltsutik. Erantzunaren ordez, Ortegaren liburua hertsi ta paseatzen nenbilen leku hartan bertan olerki bat egin nion kaminoaren erdian zegoen belartxo bati.

 

                «Turroi bihurturik

                harri ta galipot,

                tarteko belarra

                laztanki maite dot.

 

                Berebil burpila

                gainetik zarraztan,

                bideko belarra

                gutxik dute laztan.

 

                Belar hori-berde,

                bideko belar on,

                bizi nahiaren

                bultzakada sakon,

 

                arbuiatuaren

                antz-irudi mingar:

                Gure herri zaitut,

                gure herri zahar!

 

                Zuk eman didazu

                indar ta adore,

                zugatik bihurtu

                nire luma lore.

 

                Lore nire luma,

                bihotzean samin,

                harrizko bidea

                lorez bete ezin».

 

        Hala ere, nahiz eta sarri askotan mindurik ibili, maite nuen gure euskara ta beronen espresio-bideak, espainolarenak baino estuagoak izan arren. Nire inguruetan erdal gorroto ta erdal hotsa ugaritu arren ere, maite nuen gure euskara. Eta hauxe esaten nion nire buruari: «Txotxoloa halakoa!». Ez dakit nik nola ta zergatik baina, txotxolotu egin nintzen euskara ta Euskalerriaz.

        Guztiz maite den emazte bat bezala izan nuen nik aldi hartan euskara. Ez da jakitekoa norainoko maitezoratu dezaken bat hizkuntza batek! Ni egin ninduen behintzat. Eta zorabio horren liluraz, lorez jazten nuen egunoro euskara, iraun-mina duenaren lorez.

 

                «Europako lehen

                hizkuntzen senide,

                Aitorren semeen

                ulerbide!

 

                Bizirik irauten

                duzu oraindino,

                nire bihotzaren

                pozeraino.

 

                Nire mihinaren

                betiko emazte,

                udara zaharren

                lore gazte,

 

                nire minaren min,

                ene ederño maite:

                gurean gurekin

                egon zaite!»

 

        Beste batzuk ere nire pozez poztu gurarik, liburu bat idaztea pentsatu nuen, irakurtzen irakasteko liburu bat. Hainbeste urtetan irakasle gabeko ikaslea izan ondoren, irakasle izan nahi nuen, irakurtzean ikusi, bildu, aztertu ta moldatu nituen literatura edertasun gozagarri batzuk erakutsi ta eman zuei, irakurle ta irakasle jakintsu, ederzale ta trebeak izan zintezten zuek ere. Baina ni ez nintzela inor hortarako ta beldurtu egin nintzen. Eta bertan behera utzi nuen dena. Ez luzaro, J. Intxaustik bultzatu bait ninduen:

        «Gizonak edonon idoro dezake edertasuna, ta ikaslea euskaraz ikustera bultzatzen ez badugu, edertasun horiek denak, izaki guziak, euskararen etsai bilakatuko dira, honela erdara izango baitu edertasunak jariobide. Ez ditzagun laga besomotz euskal gogoak, eder senaz moztu ta irendurik. Bide honetan lanik ez egite hutsa euskaldungoari saldukeria bat egitea da». [1]

        «Estetika ahazten duenak ez dezake inolatan humanismu egiazkorik egin, ezta edukazio jatorrik eman ere, ezta euskaltasun zuzenik sortu ere». [2]

        «Batxilleratu guzirako testuak behar ditugu eta bilduma egokiak eta komentario-liburuak eta hiztegiak eta dena..., baina hori guzia egin lezaiguketenak erakarri egin behar ditugu gurera, lanerako behar duten giro ona eskeiniaz. A!, ta geu, geure aldetik, ikasten eta egiten, irakasten eta eragiten hasten baldin bagara, geure eginbeharrak betetzen ikasten baldin badugu, ez goaz bide gaiztoenetik. Eta zorioneko gu, egin dugun lanarentzat kritikari zorrotza aurkitzen badugu: grisa ez baita zuri, ezta beltz ere». [3]

        «Ederra atzeman duenarentzat bortitza da barnean gorde nahi izatea. Gure mutilen arimak eder zoramenetan blai jar ditzagun, idazle bihur ditezen». [4]

        Sakonkiro, zehatz eta argi esan nahi nituzke esatekoak, edozein izakik bereak dituen egiaren eta ederraren biribilean ibili ondoren. Ez nuke erdarazko kopla parregarri hura asmatu zuenaren antzera hitz egiterik nahi.

 

                «Allá arriba no sé donde

                dicen que hay no sé qué santo

                que rezando no sé qué

                se consigue no sé cuanto».

 

        Ba dakit arras zaila dena nire lana. Bain zuzen ere, egia biribila da ta ezin, inola ere, bat-batean ikusi ta aztertu; jira-biraka ibili behar beti. Baina, dena dela, «abiatu egin behar dugu handik edo hemendik, inorako baldin bagara, lehenbizi edo lehenbizikoaren urrengo zer datorren erabaki arte egonean egon gabe. Onena, beraz, lanean hastea genduke zirt edo zart, nork bere deiari erantzunaz, gehiegizko buruausteetan ibili gabe nola izan behar lukean ezarria balioen zerrenda zehatzak». (L. Mitxelena, Mitxelenaren idazlan hautatuak, Bilbao, 1972, 284.orr.).

        Eta, Ortegak esandakoa arantza zorrotz mingarri bat bezala barne muinetan dudalarik, hemen doakizue liburu hau Detxepareren kontrapasa egia biribil bihurtu nahiez.

 

                «Euskara,

                jalgi hadi mundura!

 

                Lengoajetan ohi hintzan

                estimatze gutitan;

                orai aldiz hik behar duk

                ohorea orotan.

 

                Euskara,

                habil mundu guzira!

 

                Bertzeak oro izan dira

                bere goien gradora;

                orain hura iganen da

                bertze ororen gainera.

 

                Euskara!

 

                Baskoak orok preziatzen,

                euskara ez jakin arren;

                orok ikasiren dute

                orai zer den euskara».

 

        [1] Joseba Intxausti, Euskera batxiller-mutillentzat, Euskera-n, VIII-IX, 1963-64, Bilbao, 1965, 412. orr.

        [2] Ibidem, 411. orr.

        [3] Ibidem, 436. orr.

        [4] Ibidem, 431. orr.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia