Txomin Agirreren literatura-teknika batzuk

 

        Emakumeen jarduna

        «Emakumeak, biziko badira, jarduna nai ta nai ezkoa dabe.

        Orregaitik billatu oi ditugu beti autuan, edozein aldetan ta edozer akiakulagaz.

        Iturrian, buruko edarriaren zabunak ezin zaindurik eta sudur aurretik bera ta bekokian zear, ituxuraren irudira, ur tanto lodiak datorkoezala; erosketako enparantzan, etxerako bear diran elikaturak erosita gero, otzara zamatua, besoak eten arteraiño, ezin jasorik dindilizka daukela; nasa gaiñean, euren umeai bularra emonaz, edo kalearen erdian zabal-zabal, bidezko guztiai bide-aritik ibiltea galerazoten dagozala; errekan, elizpean, etxe aurrean, leioetan; goizean, arratsaldean edo gauaz, asti apur bat dauken tarte danetan; bik edo lauk, ixilik edo deadarka, deadarka sarri, itz egin bear dabe edozetara ta edonon, noiznai ta edozergaitik.

        Norbait iñora joan bada, beste norbait errira etorri bada, urlia erriko gizona edo emakumea erbestean ikusi badabe, galanta badago, gaixorik badabil, eztul txarra badauka, alborengoa badau; auzoan jaiotzea, ezkontzea edo eriotzea gertau delako, jaiobarria aitaren edo amaren itxurakoa dalako, orko edo ango neskatilleak ezkonsari ona daroalako, gorpuari olango edo alango iljantzia ipiñi deutselako; goiko ta beko bizilagunakaitik, txalopa jaubeagaitik, erakusleakaitik, osagilleagaitik, udaletxeko agintariakaitik, txankame, txotxapaindu, buztanikara, diruzale, andinaiko, koipelustre, ekin beti ta eragin mingain zorrotzari.

        Jakingo leukee barri edo albiste bat lurpean gordeta egongo balitz be, ta uskeria izan daroe naikoa luzaroko jardun gogotsuetan egoteko» [1].

 

        Irakurriaz batera konturatzen gara Txomin Agirre ta Txomin Agirreren euskara ta Euskalerria ez direla gaurkoak. Zahar kutsu bat du alde guztietatik. Hain zuzen ere, beste aldi bateko idazlea dugu, eta aldian aldikoa.

 

        Kostunbristen erako kuadru bat

        Lehenengo ta bat, kostunbrista bat dugu Agirre.

        Erromantizismu bizi irudimentsu nahaspilaren ondorengo giroa errealismua izan zen. Eta lehengo mendearen erdialdian hasi (Agirre jaio aurretxoan) eta mende honen hasierara arte (Agirre hil egunetara arte) iraun zuen. Gaingiroz begiraturik, giro hortako idazleen ezaugarririk agirienak hauexek dira: 1. Erromantikuen irudimen lanak alde batera utzi ta errealitatea arakatu ta pintatu; 2. Ipuiak eta lehenagoko historia alde batera utzi ta ohitura-kuadruak egin; 3. Moral kutsu bat ezarri idazlanei.

        Giro hortan espainolez idatzi zutenen artean, hor ditugu Fernán Caballero, Pereda, Galdós, Pardo Bazán, Clarín, Coloma, Palacio Valdés, Trueba... Eta euskaraz idatzi zutenen artean Soroa, Etxeita, Agirre, Urruzuno, Kirikiño, Azkue...

        Errealismu giroko kostunbristen artean zegoen, ba, Agirre. «Agirreren iru idazlan nagusiak (Auñemendiko Lorea, Kresala ta Garoa-k) erderazko iru liburu dakarskuez gogora: Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII eta Peredaren Sotileza eta Peñas arriba. Baliteke erderazko liburu oneik bereak asmateko bidea emotea Agirreri. Baina, dana dala orrek ez dau ezer esan nai gure Agirreren nobela orrein jatortasunaren kontra» [2].

        Arrantzaleen eta baserritarren ohiturak pintatuz, kuadru bete ta koloretsu batzuk egiteko aitzakia bat bezala direla esan genezake Agirreren nobelak. Bizitzako gertaera ta gorabeherak, gizonen eta emakumeen egitada onak eta txarrak, negargarriak eta parregarriak (moral pintzelada batez beti), paisajeak..., zineko kamara batez hartuta bezala agertzen dira. Hain zuzen ere, kamara bizi bat da Agirre: «Ara emen nire Kresala. Ikusi egizue gura dozuenok. Bertan agertuko diran gizon ta emakumeak eztira neure irudimenak asmatu dituanak; oso itsua ezpanago ta amesetan ezpanabil, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez. Euren alkarren asteko jarduna be guztiz da egiazkoa, gatzgarau andiak kenduko deutsedaz baiña» [3].

        Hemen, hor eta han, emakume askoren jarduna auteman, ta gero hortaz irakurri duena gogoratu ta ikusi duena bildu ta denak korapilotu ondoren, mehaztu, moldatu ta bersortu egiten ditu bere irudimenean, pelikula bateko direktoreak bere sintekin egiten duen antzera. Eta, bere denborako kostunbristek egiten zuten arabera, herri xea, behartsua, pintatzen du, batez ere bere kuadruetan, ironia ta hiperbole samurrez.

 

        Hutsune gabeko kuadruak

        Hutsuneak beharrezkoak ditugu arte-lan batean. Eta Oteiza eskultorearen arte-lanetako ezaugarririk nabarmenena hutsunea da.

 

                «Ezin zitekean

                hutsune hori baino

                ezer handiagorik

                kabitu harrian.

 

                Hutsune hori da

                Jurdi eskultore

                handiak utzi digun

                irudi handiena,

                eta nabarmenena» [4].

 

        Agirrek, ordea, hutsunerik gabe egin ditu bere kuadruak, pilakatu, metatu egiten dituelako kolore ta irudiak kuadru osoan. Egia esan, badu bere indarra ta esanahia gehiegikeriak ere, gauza bat era askotara esanez gero, hobeto adierazten delako; baina betekeria astungarri bihurtu liteke literatura aldetik, nahiz ta hiztegi, esakera ta expresio-bide aldetik hagitz aberasgarri izan.

 

        «Ernaiak ziran Joanesen belarriak. Oso egiña zegoan Joanes mendi-oiartzun guztietara. Milla eldiz bai entzun zituan, bakartasunaren erdian jarrita zegoala, urrutiko trumoiaren orrua, ekaitz aizearen durundie, artzaiaren deadar luzea, egurgillearen aizkorakada neurtua, basaurdearen arnasotsa, otsoaren alaraua, azeriaren zaunka, beorren irrintzia, mozoloaren oiua, basauntz bildurtiaren zalaparta, abere arranen dulun-duluna, ardien bee negartia, suge zarraren txistua, belien garraxi latza, sosoaren txortxorra, txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna, eltxo gogaikarrien zunburruntxoa...» [5].

 

        «—...Zuk eztozu ezagutu nire emaztea?

        —Ez, jauna.

        —Katalin eritxon; babalorea baiño ederragoa zan gaztetan, berakatz atala baiño piñagoa beti, ta iturriko ur garbia baiño garbiagoa... Seme bat izan genduan: Serapin. Eztozu ezagutu nire semea?

        —Ez, jauna.

        —Ez egoan errian ta inguruetan beste bat bera langorik. Mutil sendokote baltzeran begi argiduna, trinketa baiño indartsuagoa, aitza baiño gogorragoa, erramuetan ezagutu dodazan mutillik azkarrena, igarian izurdeak baiño ariñagoa, tanboliña bera baiño alaiagoa, ogi bedeinkatua baiño obea, lagun ona ta seme bat beste semeak eztirean antzekoa. Maite neban!» [6].

 

        Emakumeen jarduna-k ere ba du horrelako detaile pilakatze bat. Baina, laister ikusiko dugunez, beste estruktura ta ritmo bat du eta ez zaigu horren astun egiten.

 

        Ikasketen azterrenak

        Agirre apaiza izan zen, eta aldi hartako seminarioetan ikasten ziren ikasgaiek estruktura berezi bat zuten: Ikasgai bakoitzak tesis bat zuen lehenbizi, hau da, azalkizun bat, adierazkizun bat. Esate baterako: «Aginpidea berezko eskubide bat da». Ondoren argumentazioa zetorren, hau da, tesis horren aurka emandako iritziak, Biblian ta Guraso Santuetan agertzen diren argibideak, mila datoz hornituriko arrazoibideak eta abar, tesisa egiztatzeko. Eta, azkenez, konklusio bezala, korolario bat, labur-labur.

        Eskolastikuen ikasketa horren arrastoak behin baino sarriagotan ikus daitezke Agirreren liburuetan. Emakumeen jarduna ere gisa hortara egina dela esan genezake. Hain zuzen ere, lehenbiziko lerroan dugu tesisa: «Emakumeek, biziko badira, jarduna nai ta nai ezkoa dabe». Tesis hori egiztatzeko «argazki» mordoa jartzen du gero, iturrian, enparantzan, nasan, kalean, arrekan, elizpean, goizean, arratsaldean, gauez... ateratakoak. Ta, azkenez, konklusio hiperboletsu parregarri bat jartzen du: «Jakingo leukee barri edo albista bat lurpean gordeta egongo balitz be, ta uskeria izan daroe naikoa luzaroko jardun gogotsuetan egoteko». Gehiegikcriaz jositako amaiera argitsu parregarriak atsegin ditu Agirrek.

        Bere nobelen kapituluen hasieratan ikusten dira, batez ere, azterren horiek: Kresala-ko XIV, XVII ta XVIII. kapitulu hasieratan; Garoa-ko XVI ta XVIII. kapitulu hasieratan, eta abar. Irakurri dezagun, adibidez, Kresala-n, III. kapituluaren hasieran agertzen den zati bat. Emakumeen jarduna-ren antzera borobildurik jartzen du Agirrek eta textu hontan ere tesisa, argumentazioa ta konklusioa berdintsu daude.

 

        Ezizenak

        «Ezizen geiegi ipinten dotala uste badau irakurleak, jakin daiala lenengotik Arranondon eztagoala ezizenik eztaukan etxadi bat bakarra.

        Andiak eta txikiak, aberatsak ete landerrak, guztiak daukee aurentxua.

        Jatorriz erritarrak diran etxadiak, ezizen ori antxiñetatik daroe, ta etxadiko danak ezizen bategaz ezagutuak izaten dira. Aitari Talotxu esaten badeutsee, semea Talotxuren semea da, andrea Talotxuren andrea, alabea Talotxuren alabea; geiago bearrik eztago. Iñoiz, bateo arrian abadeak ipiñiriko izena ondo esaten bajako norbaiti, gurasoen ezizena izango da izengoitia. Talotxuren semeari ezarritako izena Joane bada, Joane Talotxu esango jako.

        Kanpoko errietatik Arranondora datorren etxadiak an dauka bere izengaiztoa ogetalau ordu barru, ta eztau geiago beragandik kenduko. Zeiñek ipiñi deutsa? Iñok eztau ori garbiro jakiten. Edo mutiko batek etorbarriaren semeari ikastetxean, edo arrantzale batek senarrari elizpean, edo emakume batek emazteari enparantzan. Zergaitik? Edozer gauzagaitik: Edo lodi eder guria edo argal mezatarra dalako, apaindua edo prakazarduna, azkarra edo baratxa, argitsua edo argibagea, olango edo alango irabazbidekoa, orko edo ango baserri edo uritik etorritakoa. Mutiltxoari deitu badeutsee lenengo Prakazar, etxadiko buruari Prakazarren aita esango jako; andreari esan badeutsee Moñoker, Moñokerren senarra. Lenengo ezizena ezarri jakonak emoten deutsa gero etxadi guztiari.

        Arranondokoen belarriak ain dagoz onetara egiñak eze, batzuk, euren benetako izena zelan dan be eztakie; norbait ezagutu dot bere aitarena gogoratu eziñik; aitaitarena gitxik jakiten dau.

        Ba dakit albistari-zabaltzallea ibilli dala iñoiz eskutitz bat zeiñentzakoa zan ezin argitaraturik. Sr D. Julián Iragorri eukan estalkian, ta Julián Iragorri zein zen ezekian iñok. Atso-agure guztiai itandu jakeen, ta atso-agureak etzala, esan eben, erritarra izango. Azkenean, apaiz nagusiari ezkerrak, agertu zan eskutitzaren jabea. Zein izango ta Saguzarra deituten jakon gizontxu bat zan.

        —Orixe be bada ipuiña —esan ei eban orduan Artoberok—, Saguzarrari Don Julián asmau ei deutsee.

        Eztedilla, bada, iñor miraritu izen gaizto asko ipinten ditudalako: "izen gaizto guztiak, Arranondon, egiazko bakarrak dira"».

 

        Estrukturaren paralelismuak eta ritmoa

        Lehenbizikoz irakurtzean, Agirrek berez eta errez, igarri gabe, josi duela esan dezakegu Emakumeen jarduna. Baina irakur dezagun berriz...

        Paralelismuz egindako estruktura du. Hasierako zatiak eta amaierakoak, alde batetik, ta textuaren gorputza osatzen duten zati luze biak, bestetik, berdintsuak ditugu estrukturaz. Bigarren zati luzean bertan ere, gainera, beste paralelismu batzuk daude.

        Har ditzagun hasiera ta amaiera. Paraleloki jarri ditu Agirrek, ta bateratsu josi daitezke. Begira: Berri batek, notizia batek sortzen du jarduna, ta emakumeek «jarduna nai ta nai ezkoa» dutenez gero «jakingo leukee barri edo albiste bat lurpean gordeta egongo balitz be». Ta «uskeria izan dabe naikoa luzaroko jardun gogotsuetan egoteko». «Orregaitik billatu oi ditugu beti autuan, edozein aldetan ta edozer akiakulagaz».

        «Edozein aldetan ta edozer akiakulagaz...». Horra hor urrengo paralelismu bien funtsa, «edozein» ta «edozer» horiek paralelismuz adieraztea baino besterik ez baitira textuaren gorputza osatzen duten zati luze biak, hau da, emakumeen jarduna non, noiz nola, ta zergatik izaten den azaltzea.

        Har dezagun lehenengo zati luzea: Esaldi luze mordoska bat dugu lehenbizi, proposizio nagusi ta menperatuz josia, eta esaldi labur mordoska bat urrengo. Korapilatzekoak edo kopulatibuak dira esaldiok, baina lotura hizkirik gabe daude.

        Har dezagun, orain, bigarren zati luzea eta konparatu dezagun lehenengoaz. Berehalaxe ikusten da berdintasun bat, berehalaxe konturatzen da bat paraleloki josiak daudena.

        Bigarren zati luzea bera ere paralelismu bikoitzez, hirukoitzez eta laukoitzez josirik dago. Hain zuzen ere, paralelismu bikoitz bat dago lehenengo ta behin lehenengo lau esaldi ta bigarren lau esaldien artean, paralelismu bikoitza ta laukoitza elkarturik: 1) «Norbait iñora joan bada,» (I), «beste norbait errira etorri bada,» (II), «urlia erriko gizona (erbestean ikusi badabe)», (III), «edo emakumea erbestean ikusi badabe,» (IV), 2) «galanta badago,» (I), «gaixorik badabil,» (II), «eztul txarra badauka,» (III), «alborengoa badau,» (IV). Urrengo esaldiak paralelismu bikoitzez ta hirukoitzez konposatuak dira: 1) «auzoan jaiotzea (gertau dalako),» (I), «ezkontzea (gertau dalako),» (II), «edo eriotzea gertau dalako,» (III), 2) «jaiobarria aitaren edo amaren itxurakoa dalako,» (I), «orko edo ango neskatilleak ezkonsari ona daroalako,» (II), «gorpuari olango edo alango iljantzia ipiñi deutseelako,» (III).

        Behin baino sarriagotan agertzen dira Agirreren textuetan horrelako estrukturak, paraleloki josiak. Hona hemen, konparabidez, beste bat.

 

        «Amarik eztan etxadia etxadi loi ta baldarra izan oi da; andrerik eztaukan erria lili ta ezti gabeko erri beltz latz ta garratza; emakumerik eztagoan Eliza, arren gutxiko eliza otz, ixil ta iluna. Ara zergaitik Jaungoikoak eta gizonak egin duten emakumea etxadietako erregin, errien alaitasun ta elizetako aingeru gozo. Asko, txit asko, zor diote etxe, uri ta Eliza doneak. A, zenbat aldiz gozatu duan gure biotzaren samiña ama kutunaren itzak! A, zenbat aldiz andrazkoen txaloak sorterriagaitik lanean jarraitzera dentatu gaituzten! A, zenbat aldiz, ordurik larrienetan, emakume jaioak atera duten beren arpegi ederra Jaungoikoaren alde, gizonak baiño milla bidar beroago, gogotsuago, ausarditsuago! Aitor dezagun: buru oneko ta biotz garbiko danean, emakumea bezelakorik eztago. Bakoitzari berea» [7].

 

        Paralelismuz jositako estruktura horrek aparteko ritmo bat ematen dio Emakumeen jardunari. Baina ez dago, ez, hortan textu horrek duen ritmoaren higidura ardatza. Ritmo berezi horren bultzada sakona esaldi luzeak eta laburrak ematen diote, esaldi luzeen eta laburren alternantziak, aldaketa bikoitzak eta asindetonen mozketak. Astiro-arin (lehenengo zati luzea) eta astiro-arin (bigarren zati luzea) da textu horren ritmoaren higidura sakona; baina astirotasuna ere azkartu egiten du asindetonen etengabeko mozketak eta arineketa arrapalada bihurtu. Emakume berritsuen elkarrizketaren ritmoa duela esan genezake.

        Astiro-astiro hasten da: «Iturrian, buruko edarrearen zabunak ezin zaindurik eta sudur aurretik bera ta bekokian zear, ituxuraren irudira, ur tanto lodiak datorkoezala; erosketako enparantzan, etxerako bear diran elikaturak erosita gero, otzara zamatua, besoak etan arteraiño, ezin jasorik dindilizka daukela».

        Geroago ta bizkorrago ekiten dio: «nasa gaiñean, euren umeai bularra emonaz, edo kalearen erdian zabal-zabal, bidezko guztiai bide-aritik ibiltea galerazoten dagozala».

        Hitz bakarka ta hitz multzoka, arineketan, arrapaladan, jarraitzen du: «errekan, elizpean, etxe aurrean, leioetan; goizean, arratsaldean edo gauaz, asti apur bat dauken tarte danetan; bik edo lauk, ixilik edo deadarka, deadarka sarri, itz egin bear dabe edozetara ta edonon, noiznai ta edozergaitik».

        Berriz ere, astirotu egiten da: «Norbait iñora joan bada, beste norbait errira etorri bada, urlia erriko gizona edo emakumea erbestean ikusi badabe, galanta badago, gaixorik badabil, eztul txarra ba dauka, alborengoa badau; auzoan jaiotzea, ezkontzea edo eriotzea gertau dalako, jaiobarria aitaren edo amaren itxurakoa dalako, orko edo ango neskatilleak ezkonsari ona daroalako, gorpuari olango edo alango iljantzia ipiñi deutselako».

        Geroago ta bizkorrago ekiten dio, berriz ere: «goiko ta beko bizilagunakaitik, txalopa jaubeagaitik, erakusleakaitik, osagilleagaitik, udaletxeko agintariakaitik». Ikusi nola zati hontan ere singularraren eta pluraleren alternantzia darabilen.

        Eta, azkenez, hitz bakarka, arineketan, arrapaladan bukatzen du, elkarrizketa bera, bizi-bizi, ahokaldi iraingarri ta parregarriz narrazioan sartuz: «txankame, txotxapaindu, buztanikara, diruzale, andinaiko, koipelustre».

 

        Joskera

 

        «Euskaltzaindiak besterik edo zehatzagorik eman artean, beraz, on luke irakurle ikasi-nahiak Altuberen Erderismos liburura jotzea. Urteen buruan zenbait puntutan egileak berak "biguindua", Altuberen liburua dugu gaur berton ere euskal joskerari buruz inoiz argitara den osoena eta seguruena» [8].

 

        Joskerari buruz Altubek jarri zuen lehenengo legea hauxe da:

 

        «1.° LEGEA. Euskeraz, galdetze itzek eta erantzute itzek syntaxis berdiña dute, onela:

                —NOR da?

                —AITA da.

        Lege au, nik dakidanez, Azkuek agertu zuen leenik, eta esanbearrik ez, erdal-joskeraz kontrakoa degu.

        Lege orren ondorengo bezela balio aundiko beste au degu euskeraz: bi, iru, lau ta geiago itzeko esakunetan inportantzirik geieneko itza argi ta bereziki markatzen degula; ontarako, itz ori (galdetze-itz ura bezelaxe) berbo-itzaren aurrean jartzea aski degu, olaxe:

                "IPUI-LIBURUA kendu dit geur aitak".

                "Ipui-liburua AITAK kendu dit gaur".

                "GAUR kendu dit aitak ipui-liburua".

                "(Atzo zuk eman zenidan) ipui-liburua KENDU egin dit gaur aitak".

        Olako itz bereziz markatuari "elemento inquirido" derizkio, egoki-egoki, Azkuek bere Euskal-Izkindean» [9].

 

        Baliteke, aldi batekoak zirenez gero, Agirre ere Altubez kutsaturik egotea, edo Azkuez bederen, Kresala 1901. urtean argitaratu baitzen lehenbizikoz eta Erderismos 1929an. Dena dela, ondo ere ondo betetzen du Agirrek eta oso naturalki Altubek jarritako lege hori: «biziko badira, jarduna nai ta nai ezkoa dabe»; «orregaitik billatu oi ditugu»; «ezin zaindurik»; «ur tanto lodiak datorkoezala»; «etxerako behar diran»..., eta abar. Irakur ezazu ta aztertu osorik ta berehalaxe ikusiko duzu Altubek esandakoaren egiztapena.

        Herriko hizketa landuak ematen dio, azken baten, naturaltasuna Agirreren idazkerari, ta horixe izan dela uste dut bere meriturik handienetariko bat: herriko hizketa bizi koloretsua literatura mailan jartzea. «Erriaren berbetea, erriko hizketearen arimea zein ederto jaso ta beretakotu daben Txomin Agirrek!» [10].

 

        [1] Domingo Agirre, Kresala, 4.° ed., Oñate (Guipúzkoa), 139. orr.

        [2] Mikel Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, Bilbao, 1970, 128. orr.

        [3] Domingo Agirre, Kresala, Oñate (Guipúzkoa), 4.º ed., 1967, 11. orr.

        [4] B. Gandiaga, Hiru gizon bakarka, Bilbao, 1974, 158. orr.

        [5] Domingo de Aguirre, Garoa, 4.º ed., Oñate (Guipúzkoa), 20. orr.

        [6] Txomin Agirre, Ondarrak, Bilbao, 1964, 174. orr.

        [7] Domingo Agirre, V. Mogelen Ipui onak liburuaren Itzaurrean, Donostia, 1963.

        [8] Larresoro, Euskara batua zertan den, Oinati, 1974, 101. orr.

        [9] S. de Altube, (Sobre sintaxis vasca) Literatur-euskera, EUSKERA-ren separata, Bilbao, 1956, 4. orr. Ikus Erderismos 6. orrialdetik hasi ta aurrera.

        [10] Luis Villasante, Kresala-ren itzaurrean, 4. agerraldian, Oñate (Guipúzcoa), 1967, pág. 5.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia