Otsalarren mozorroak

 

        «Zergatik ez egia argi ta garbi azaldu? Zer dela ta egia jeroglifiko bihurtu?». Egia guztiak «bi ta bi lau dira» bezalakoak balira, ez litzateke horrelakorik esango. Baina, lehen esan dugunez, egia biribila da ta biribilaren barnea azaltzea oso zaila izaten da sarri askotan ta mila buruhauste ta jirabira egin behar izaten ditu gizonak hortarako. Biribilaren barnea ezeze, azala bera bakarrik ikusi ta adierazteak ere nahiko zereginik ematen dio gizonari. Bere erara ikusi ta adierazten du, gainera, bakoitzak. Eta hortik sortu dira gure kultura ezberdinak.

        Egiaren biribila ikusteko ta adierazteko egin diren ahaleginetatik sorturiko bide bat dugu irudi hizkuntza (mozorroz, estalkiz, alegoriaz, konparazioz jositako hizkuntza), bide zuzen zahar baztertua, herri herriaren bidea, ipui, parabola, alegi, igarkizun ta errefrauetan ikusi dezakegunez. Umeena, poetena ta zoroena bakarrik ez da irudi hizkuntza. Giza-izateari berari dagokiona da, izakien izatearen izatetasuna adierazteko ta ezagutzeko bide jator zoragarri bat, arrazoibidea (hizkuntza analitikoa) baino aurreragokoa, eta sakonagoa eta zabalagoa. Eta osotasun batean eta betean ikusten da (ahal den neurriko osotasunez, jakina) mundua irudimenaz, eta ideien bidez ikusi ezin dena era ikusi egiten da. «Tener imaginación es ver el mundo en su totalidad, porque la misión y el poder de las imágenes es hacer ver todo cuanto permanece refractario al concepto. De aquí procede el que la desgracia o la ruina del hombre que "carece de imaginación" sea el hallarse cortado de la realidad profunda de la vida y de su propia alma». (Mircea Eliade, Imágenes y símbolos, Madrid, 1955, pág. 20).

        Irudi hizkuntza irudimenaren irudipena da, ba, eta sorgin hizkuntza dirudi. Haugatik, irudimen jori ugaridunak ondo ulertuko du ta sorginkiro liluratuko da, ta edermindu ta poztu. Irudimen antzudun gixaxo tristeak, ostera, ez du ezer ulertuko.

        Irudi hizkuntza egia sakonagotik ikusteko ta adierazteko dela esan dugu. Baina, egia esan, beldurrak eraginda ere erabili izan da.

 

                                «... servitus obnoxia

                Quia quae volebat non audebat dicere

                Affectus proprios in fabellas transtulit».

                                                                   (Fedro)

 

        Zenbat literatura-lan eder dugun mozorroz jantzirik! Eta zenbat egia biribil mozorropean! Ihauterietaz esaten zena datorkit burura: «Karatulaz jantzirik esaten dira egiarik handienak, aurpegia estaltzean barrua hobeto agertzen delako».

        Otsalar, aztertzera goazen olerkiaren egilearen izen hau berau ere, mozorro bat da, Otsalar-ek Juan San Martin bere barnean estali duelako. Baina goazen, lehenbizi, Otsalarren textua irakurtzera.

 

                Miraria

 

                «Izerdi odoldua,

                arnasa larria

                ta gose bizia

                ikusi dut

                beartsuaren kopetan...

 

                Ixi!

 

                Ugarian igariz,

                irriparrea

                ta urre dizdira

                ikusi dut

                ugazabaren jauregian...

 

                Ixi!

 

                Jaun eta jabe,

                ezpata zorrotzez,

                pake zaintzez,

                ikusi dut

                Cartaginesa zaldian...

 

                Ixi!

 

                Akelargo dantza

                uriko plazan?

                Lena gutxi bazan,

                ikusi dut...

                bedeinkatua itzalkipean...

 

                Ixi!

 

                Begiak dira mintzo...

 

                Ixi ta ixi! Ago ixilik!» [1].

 

        Zer ote dago olerki horren mozorropean?

        Lehenbizikoz irakurri nuenean, ez nuen olerki ona zenik uste, ez bait nuen ulertu, ta igarkizun bezalako zerbait iruditu zitzaidan. Hala ere, bigarrenez irakurtzera bultzatu ninduen zer edo zer miresgarri ohartu nuen. Ta, bigarrenez astiro-astiro irakurtzean, harriturik gelditu nintzen, euskal letretako poesia sozialaren udaberriko bizi, indar, adore, usai, kolore ta edertasuna ikusi ta sentitu nituelako bat-batean Otsalarren olerki mamitsu hortan, giharratsu hortan.

        Lehenengo poesia soziala Lauaxetak egin zuela uste dut: Langille eraildu bati [2]. Baina, harrez gero, beldurragatik edo, bertan behera utzirik egon zen uste askotan, Juan San Martin, Aresti, J. Azurmendi, Lete ta abar ausarti agertu arte.

        Piramide bat bezala egindako olerkia da Miraria. Eta lau ahapaldi ta lau gai ditu, lau gizarte maila adieraziz.

        Lehenbiziko mailan, piramidearen behe aldean, azpian, behartsuen, langileen, proletarioen talde haundia dago.

 

                «Izardi odoldua,

                arnasa larria

                ta gose bizia

                ikusi dut

                behartsuaren kopetan...».

 

        Talde zapaldu horren egoeraren salakuntza bat dugu hori, salakuntza gogor ta gordin bat. Lan eginez ta bere bekokiko izardiz irabazi behar du gizonak bere eguneroko ogia, baina ez izardi odolduz, giro desegokiko arnasa larriz ta gose biziz, zor zaio ta langileari bidezko duen soldata.

        Beste behin, Otsalarrek berak esaten zuenez, maitasun egarri da behartsu menperatua.

 

                «Beartsu fameliko

                maitasun egarri,

                Matxin, gizon umillak

                zidan irakatsi.

                Bere gain duelarik lanaren uztarri,

                zerua eskeindu,

                mundua ukatu.

                Matxinek zoritxarra

                ixil gordetzen du.

                Ala ere,

                maitasun egarri.

                Maite zuan ama,

                ukatu zien maitatzea;

                maite zuan argia,

                ukatu zien maitatzea.

                Ukatu ziena maitatzearren

                darama bekokian tristura.

                Ama gabe uztearren

                orain mutu da.

                Argia ez ikustearren

                begietan lurra.

                Ala ere,

                maitasun egarri.

                Larrimiñezko kondena onetan,

                beti,

                maitasun egarri.

                Lanaren menpean,

                ekin eta ekin,

                ari eta ari

                Matxinen durunda,

                beti:

                Danba, danba!

                Lanaren otsa,

                maillu beroa

                ta laguntza

                otza.

                Nork du beretzat oroitza?

                Langille beartsuaren nekeak,

                beti

                sari motza.

                Izakera latza...» [3].

 

        Aberatsak, ugazabak jartzen ditu Otsalarrek piramideko bigarren mailan, lehenengo mailakoen kontraposizio bezala, ezberdintasun harrigarri ta lotsagarria salatuz.

 

                «Ugarian igariz,

                irri parrea

                ta urre dizdira

                ikusi dut

                ugazabaren jauregian...».

 

        Eta behartsu ta ugazaben gainean, talde ezberdin bi horien egoera zaintzen, piramideko hirugarren mailan, Faraoiaren zerbitzari leial bezala, Anibalen soldadu indartsu ta adoretsu bezala, militarrak ditugu, ezpata ta kartaginesaren mozorropean. Beste literato askok egin izan duten antzera, Otsalarrek ere ez ditu zuzen salatzen militarrak, irudi bidez baizik.

 

                «Jaun eta jabe,

                ezpata zorrotzez,

                pake zaintzez,

                ikusi dut

                Cartaginesa zaldian...».

 

        Eta, azkenez, piramidearen goiko erpinean, Olinpoko Zeus bezala, Faraoia, «jaunen jaun bedeinkatua» itzalkipean, paliopean.

 

                «Akerlargo dantza

                uriko plazan?

                Lena gutxi bazan,

                ikusi dut...

                bedeinkatua itzalkipean..».

 

        Valle Inclán-en esperpento bat dirudi azken ahapaldi honek. Hain zuzen ere, satira garratz eta parregarriz, marioneten mundu bihurtzen du errealitatea Otsalarrek. «El esperpento, en cuanto a técnica, consiste en una curiosa operación de ambigüedad. Es cierto que nos entrega al mundo y a los hombres sistemáticamente deformados y se encarniza en desequilibrar y sacar de quicio —es decir, de sus normas— a las figuras clásicas, a los personajes trágicos. Pero ese trabajo de deformación ha de ir ajustado a una matemática perfecta. ¿Y qué puede significar eso sino una serie o cuerpo de módulos y reglas, con sus principios implícitos; esto es, un orden aplicado sobre el desorden? Esa matemática se propone, por misión estética un poco paradójica y no menos ardua, que el horror de deformar cause admiración por el arte maravilloso con que se realiza... El artista será un desilusionado del mundo y de sus prójimos, pero nunca el desesperado total, porque le queda una fe en las potencias del arte, la cual le empuja a la obra esperpéntica con todo su afán de escritor. Fe de la mejor ley, ya que se manifiesta en obra y en obras». (Pedro Salinas, Literatura española siglo XX, Madrid, 1970, pág. 99).

        Baina esanak esan, ez dakigu oraindino non gauden ta zein urtetan. Ala bai? 1964eko Pake-urtea-n gaude (Espainiako gerrate zibila bukatu zenetik hogei ta bost urte igaro dira), Madrilgo Orienteko plazan gaude, espainolek Frankori egiten dioten omenaldian. Eta olerkariak, bere begi ta belarriak, begiak batez ere, ernai dituelarik, bere herritarren eta bere barne muinetan gainezka daraman beldur ikararen dardara sentitzen du, ta mozorroz jantzirik, olerkia ere mozorroturik, miraritu egiten da ikusten duenaz (horregatik jarri dio Miraria titulutzat olerkiari), miraritu, nola egin daiteken horrelako omenaldi bat gizarte mailen ezberdintasunezko egoera bidegabea ikusita, miraritu, nola gizon bat Jainko bezala harturik, bedeinkatutzat harturik, itzalkipean, paliopean dagoen. «Lena gutxi bazan», dio olerkariak. «Lehen ikusi duguna ikusi ondoren, orain hau? Miraria benetan!», esango balu legez. Ta etsipenak eraginda, esperpento bat egiten du, omenaldia akelarre ganoragabeko bat bihurtuz, akelarre izena bera ere izen berezi eginez: «Akelar-go dantza». Baina «lena gutxi bazan» herriaren bihotzean beldur haundiagoa sartzen duen akelarrea, herria ixi! ta ixi! isilpean deadarka jartzen duena.

        Berri zabaltzaile baten antzera, ikusten duena aldarrikatzen ari da olerkaria. Eta behartsuen bidegabeko egoera larria aldarrikatzean, herriaren ixi! entzuten du. Hala ere, profeten gisara, olerkaria ez da isiltzen. Jauntxo aberatsen egoera lasaia ta militarren «pake zaintzea» salatzean ere berdin gertatzen da: «Ixi!, dio herriak, egia da hori baina, ezin daiteke esan; bestela...». Eta, azkenean, Frankori egindako omenaldia esperpentoki adieraztean, beste zerbait ere esan nahi du o!erkariak baina, isildu egiten du herriak ta olerkia apurtu egiten da, zatikatu, ito, herriko isilpeko oihu tartean.

 

                «Ixi!

                Begiak dira mintzo...

                Ixi ta ixi! Ago ixilik!»

 

        Gai aldetik duen ritmo hori indartu ta edertu egiten du, gainera, forma aldetik duen ritmoak.

        Lehenengo ta behin, anaforaz eta kontraposizioz josita dago, ikusten dut... Ixi! ahapaldi guztietan agertzen baita eta, azkenean, epifonema legez, Begiak dira mintzo... Ixi ta ixi! Ago ixilik!

        Rimak ere aparteko higidura ematen dio olerkiari. Amaiera berdina edo berdintsua dute alde batetik ahapaldi bakoitzeko bigarren eta irugarren lerroek: larria / bizia, parrea / dizdira; zorrotzez / zaintzez, eta plazan /bazan. Beste alde batetik, ahapaldi bakoitzeko amaierako lerroek rima berdintsua dute: kopetan / jauregian / zaldian / itzalkipean.

        Erdarazko «nadar en la abundancia»-ren itzulpena dirudi bigarren ahapaldiko lehenengo lerroak: «Ugarian igariz». Baina, hala ere, beste indar bat hartzen du euskaraz, aliterazioz josia delako. Lendabiziko ahapaldiko bigarren lerroan ere agertzen da aliterazio bat: «arnasa larria».

        Neurri aldetik ba ditu huts banakaren batzuk. Baina ez dut uste, hala ere, ritmoak indarrik galtzen duenik.

        Irakur ezazu orain, berriz, Otsalarren Miraria ta sakontasun ta edertasun berri bat aurkituko duzu mozorropean. Dudarik gabe.

 

        [1] Ikurrin, 1965. I-II Olerti-n, Bilbao, 1965, 37-38. orr.

        [2] Arrats-beran, Bilbao, 1935, 79, orr.

        [3] Bertso urratuak, 1965. III-IV Olerti-n, Bilbao. 1965, 11-12. orr. Lehenengo zatia bakarrik jarri dugu hemen.

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia