Lauaxetaren iturburuak

 

        Ezerezetik ez du gizonak ezer sortzen.

        Eskultore on batek harri bat hartzen duenean, harri on bat aukeratzen du ta, eskultore famatuen teknika ta jokabideak gogoan dituelarik, bere nortasuna ta orijinaltasuna ezartzen dio harriari, ta eskultura miragarri bat egiten du.

        Maitemindurik dagoen mutil batek «maite zaitut» esaten dionean bere neska kutunari, betiko maitasun-adierazle berdina darabil ahotan. Baina bere nortasunean berriren berri sorturiko orijinaltasun bat ematen dio.

        Garcilaso de la Vegak egindako olerkiak aztertu ondoren, mila iturburutik harturiko gaiak, esakerak, expresio-bideak..., ikusi dituzte azterlariek. Hala ere, ez dio inork orijinaltasunik ukatu Garcilasori, ta espainolez idatzi duten olerkarien artean gorengo mailan jarri dute.

        Izan ere, Azurmendiren Bihar olerkia aztertzerakoan ikusi dugunez, nonbaiten harturiko harri ona lantzean datza eskultore baten orijinaltasuna, maiteminduak beti esakera ezagunari ezartzen dion nortasunean, «beretasunean», iturburuetatik hartutako gaiak bere gisara, bereziki, besteak ez bezala, idazleak moldatzean.

        «Por lo común, la originalidad se malentiende en nuestra época como simple infracción de lo tradicional o se busca donde no es, es decir, en el simple material de la obra de arte o en su mero andamiaje: el asunto tradicional, la armazón convencional. Trabajar dentro de una tradición dada y adoptar sus artificios es perfectamente compatible con la capacidad emocional y el valor artístico. Los verdaderos problemas críticos de esta clase de estudios se plantean cuando llegamos a la fase de sopesar y comparar, de hacer ver cómo un artista utiliza las conquistas del otro; cuando observamos la capacidad de transformación. La fijación del puesto exacto de cada obra en una tradición es la primera tarea de la historia literaria». (R. Wellek y A. Warren, Teoría literaria, 4.º ed., Madrid, 1969, pág. 310).

        Lauaxetak ere iturburu askotatik hartu ditu bere gaiak eta expresio formak, asko irakurritakoa baita. Baina punterengo idazleen antzera, beregandu, euskaldundu eta eraberritu egiten ditu, «inorena» izandakoa «berea» dela esaterainoko maisutasunez.

        Lauaxetak berak ere aitortzen digu hori, bere lehenengo liburuaren azken aldeko ohar batean: «Or-an entzun eta ikasi dodazan gogai batzuk, neure biotzaren barnetik euzkeralduta, agertu dodaz» [1].

        Harriturik gelditu nintzen Lauaxetaren iturburu bat lehenengoz aurkitu nuenean. Meléndez Valdés-en odak irakurtzen nengoen, ta, halakoren batean, 28 garrena irakurtzean, Lauaxetaren Zelaian olerkiaren iturburua zela konturatu nintzen. Eta hartu Lauaxetarena ere, ta konparatuz irakurri nituen biak.

 

                De Dorila

 

                «Al prado fue por flores

                La muchacha Dorila,

                Alegre como el Mayo,

                Como las Gracias linda.

 

                Tornó llorando a casa,

                Turbada y pensativa,

                Mal trenzado el cabello

                Y la color perdida.

 

                Pregúntanla qué tiene,

                Y ella llora afligida.

                Háblanla, no responde;

                Ríñenla, no replica.

 

                Pues ¿qué mal será el suyo?

                Las señales indican

                Que cuando fue por flores

                perdió la que tenía» [2].

 

 

                Zelaian

 

                «Lora billa neskea

                larrarantza doa.

                Bera loretan lore,

                lore gorengoa.

                   Ene maitea,

                zelaiko galpidea!

                Larratik itun dator,

                itun, bai, neskea.

 

                Miñez dozu barrena,

                negarrez biotza.

                Biotz barruan dozu

                arantza zorrotza.

                   Ene gaixoa,

                illun dozu gogoa!

                Zeure matrail-lorea

                zimelduaz doa.

 

                Lore billa neskea

                larrarantza doa.

                Lore billa joatean

                galdu dau gogoa.

                   Ene maitea,

                zelaiko galpidea!

                Loretan lore zanak

                galdu dau berea» [3].

 

        Dudarik gabe, Meléndez Valdés-en olerkia izan da Lauaxetaren iturburua. Baina, Meléndez Valdés-enari meriturik kendu gabe ta orijinaltasuna ta edertasuna goratuz, zelako aldaketa miragarria egin dion Lauaxetak!

        Gaia hartu ta kendu egin dizkio, lehenbizi, erdal mitologiaren kutsua duen guztia; neskatilaren itxura, negarra ta isiltasuna ta bere inguruan dituenen galderak ta hasarrea ere bai. Gero, Meléndez Valdés-en gai soila hartu, ta berriren berri moldatzen du olerkia Lauaxetak, lirikotasun samur, laztan ta pertsonalago batera barneratuz, bera ere neskatxaren nahigabeaz nahigabetuz.

        Neskatxa ta olerkaria, biak dira protagonista Lauaxetaren Zelaian, ta ezbeharraren ondorengo elkarrizketa bat dirudi honen olerkiak. Horretarako, Meléndez Valdés-en hirugarren pertsonetako aditz hotzik ez darabil gehienetan Lauaxetak, bigarren pertsonetakoa baizik.

        Loretasuna ere gehiagotan aipatzen du (Meléndez Valdés-ek hiru aldiz, bederatzi aldiz Lauaxetak), metafora bidez lore bihurtzeraino neskatxa, kontraste handiago bat sortzeko azkenean.

 

                «Bera loretan lore,

                lore gorengoa».

 

                «Loretan lore zanak

                galdu dau berea».

 

        Loretasuna galtzearen oinazea ere hobeki adierazten du, nik uste, Lauaxetak, zehaztasun batzuk ezarri ta aliterazioz, tz ta rr-ren hotsak multzokatuz.

 

                «Miñez dozu barrena,

                negarrez biotza.

                Biotz barruan dozu

                arantza zorrotza».

 

        Olerkiaren ritmo aldetik ere, zortziko txikiarena eman dio Lauaxetak. Baina zortziko txiki etenduratsuarena. Hain zuzen ere, bere protagonismoa adieraziz, bai neurri aldetik eta bai rima aldetik, aldatu egiten du zortziko txikia, anafora bezala zoragarriro darabilen pareado berezi bat ezarriz erdikaldean.

 

                   «Ene maitea,

                zelaiko galpidea».

 

                   «Ene gaixoa,

                illun dozu gogoa».

 

                   «Ene maitea,

                zelaiko galpidea».

 

        Meléndez Valdés-en marmola hartu, ta eskultura eder bat egin du Lauaxetak.

        Eta, Lauaxetaren iturburuak ikusteko, sarrera bezala esandakook arin-arinka esan ondoren, goazen bere Udabarriko autorkuntza aztertzera.

 

                Udabarriko autorkuntza

 

                «Din-dan, balendan,

                elizako atetan

                gizon bat dilindan.

 

                —Zer egin dozu pekatu,

                pagoen lagun bakarra?

                —Ote-lore bat triskatu

                eta samindu dot larra.

 

                —Ori eztotu pekatu.

                Mendi-usaiñez eskuak

                ezin daikezuz orbandu.

                Zabalik dozuz zeruak!

 

                Din-dan, balendan,

                elizako atetan

                gizon bat dilindan.

 

                —Zer egin dozu pekatu,

                ixarren izpi zalia?

                —Ao gorri bat laztandu,

                axe jatan, ba, maitea.

 

                —Ori eztotu pekatu.

                Neskuts-usaiñez ezpanak

                ezin daikezuz orbandu.

                Zabalik dozuz zeruak!

 

                Din-dan, balendan,

                elizako atetan

                gizon bat dilindan.

 

                —Zer egin dozu pekatu,

                piztien etsai ankerra?

                —Ene emaztetxua urkatu,

                ordia zan, ba, ta alperra.

 

                —Ori eztotu pekatu.

                Odol gorriaz eskuak

                ezin daikezuz orbandu.

                Zabalik dozuz zeruak!

 

                Din-dan, balendan,

                elizako atetan

                gizon bat dilindan.

 

                —Zer egin dozu pekatu,

                zelai ezeko anka-arin?

                —Apez-ardoa bukatu,

                axe bai jatan atsegin.

 

                —Ori da, ori pekatu!

                Parka-eza dan obenak

                gogoa dautzu orbandu.

                Eroan zagiz txerrenak!

 

                Din-dan, balendan,

                elizako atetan

                gizon bat dilindan» [4].

 

        Azter ditzagun, lehenbizi, iturburuak.

        Lehenengo ta behin, Lauaxetaren denborako herri ohitura bat dugu urtean behin aitortzea edo, herriak berak esaten zuenez «nagolorerik nagolorera aitortzea», «Pazkozkoa egitea». Horrexegatik jarri du Lauaxetak izenburutzat Udabarriko autorkuntza.

        Bigarren, herriko haur kanta zahar bat aukeratu du Lauaxetak bere olerkiaren oinharritzat.

 

                «Din dan balendan, elizako atetan

                gizon bat dilindan.

                —Zer egin du?

                —Bekatu, emaztea urkatu.

                —Hori ezta Bekatu.

                —Xakurra zanpatu.

                —Hori da hori bekatu» [5].

 

                «Din-don...

                —Nor il don?

                —Peru zapataria.

                —Zer egin du pekatu?

                —Aldeko txakurra urkatu.

                —Ori ezton pekatu.

                —Ostiralean koipatzu.

                —Ori don pekatu» [6].

 

        Hirugarren iturburua Biblia da, Lauaxetak ongi ezagutzen duen Biblia. Hain zuzen ere, epai bat legez moldatu du olerkia, ta azken auziari buruzko parabolen itxura du [7], ta esaldi berdintsuak ere bai: «Hartu zaitez zure Jaunaren pozetan», «Etorri zaitezte, nire Aitaren bedeinkatuok!: Hartu ezazue munduaren hasieratik zuentzat atondutako Erreinua», «Alde nigandik madarikatuok!, deabruarentzat eta haren aingeruentzat gertuta dagoen betiko sutara». Bibliako textu hauek eta Lauaxetaren «Zabalik dozuz zeruak!» eta «Eroan zagiz txerrenak» antzekoak dira. Eta Apostoluen Eginetan agertzen den «Zabalik ikusten ditut zeruak» eta Lauaxetaren «Zabalik dozuz zeruak!» antzekoagoak.

        Iturburuotan edan ondoren idatzi zuen Lauaxetak Udabarriko autorkuntza. Baina zertarako? Zein izan ote zen bere helburua? Horra hor koska.

        Arrats-beran Lauaxetak berak espainolera itzuli zuenean, ohar bat jarri zion aurrekaldean. Eta hauxe dio ohar hortan: «El secreto de la poesía se oculta en la gracia de la forma, en la pulcritud del bien decir».

        Herriko kanta zahar bat edertzeko bakarrik egin ote zuen, ba, olerki hori? Ez dut uste. Herriko kanta zahar batean oinharriturik, pekatuaren neurria ta astuntasuna bere ikuspegitik erabakitzen duela bakoitzak adierazteko? Izan ere, «ostiralean koipatzu» edo «apez-ardoa bukatu» pekatu handiak izan daitezke apaiz batentzat. Baina ez; ez dut uste horietarako ere egingo zuenik olerki hori Lauaxetak. Zertarako orduan?

        Beste iturburu batera joko nuke nik, Frantziako La Fontaine alegilari ospatsuaren idazlanetara. «Espaiñar olerkariak albora utzi barik, Frantziakoak eder, atsegin zitzaizkion batez ere». (S. Onaindia, Euskal Literatura (IV), Bilbao, 1976, 152. orr).

        La Fontaine idazleak idatziriko alegi batean, Les animaux malades de la peste alegian, hauxe irakurtzen dugu: «Behin batean, izugarrizko izurrite batek hondamendira zeramazkian animalia guztiak. Gaixorik zeuden gehienak eta parra-parra hiltzen ziren. Eta egoera estu ta larri hura zela ta, dei egin zien Leoi jaunak ta hauxe esan: «Nire lagun maiteok: Zerutik datorkigun zigorra dugu izurrite hau, eta, honelako ordu larrietan beti egin izan den bezala, opari bat eskaini behar dugu. Lehenbizi, bada, agirian aitortu ditzagun bakoitzak banan-banan gure pekatuak eta, gero pekaturik handienak egin dituena, errudun legez, oparitzat eskainiko dugu. Neu hasiko naiz... Ba, hara, ba dakizue nolakoa naizen ni, ta zuetariko asko hil ditut nik gosea kentzeko; goserik gabe ere bai, sarritan: behiak, ardiak, basahuntzak..., eta hauek zaintzen egoten ziren artzainak ere bai. Pekatari haundi bat naiz eta prest nago, ba, zuen osasunagatik hil behar bada hiltzeko; baina beste batzuen pekatuak ere entzun nahi nituzke hil aurretik». Berehalaxe erantzun zion Leoi jaunari epaile bezala egiten zuen Azeriak: «Onegia zaitugu gure jaun eta jabe hori, onegia besteentzat eta gogorregia zeure buruarentzat. Nik ez dut pekaturik ikusten zuregan. Ardi ta ardien antzeko abere ergelak hiltzea mesedegarri dugu, ta gure etsai amorratuak diren artzainak hiltzea ere bai. Hori ez da pekatu, gure errege on hori». Azeriaren erantzuna entzun ondoren, hango txalo hotsak ez zuen azkenik izan. Besteen lepotik bizi diren aragizale guztiak ere aitortu zituzten, gero, beren pekatuak, izugarrizko pekatuak; baina santu txikitxo batzuk balira bezala, errugabeak legez izan ziren epaituak. Astoari ere heldu zitzaion bere txanda: «Ba, nik, egia esateko, ez dut pekatu handirik egin baina, behin, hauxe egin nuen: fraile batzuen konbentuko belardiaren ondoan nengoen. Gose nintzen. Belar guri pizka bat jateko era ona nuen. Eta, ez dakit nik zein deabruk zirikaturik, ahokada bi edo hiru hartu nituen...». Ez zioten bukatzen utzi astoari. «Errudun da! Errudun da! Izugarrizko pekatua egin du! Parka ezina den krimena egin du! Urkatu egin behar da!». Ta, esan ta egin, hil egin zuten astoa ta oparitzat eskaini. Zure aberastasun edo pobretasunaren arauera, zure ahal izatearen edo ez izatearen arauera, bihotzaren iritziak zuri edo beltz bihurtuko zaituzte» [8].

        Konparatu ditzagun, orain, alegi hori ta Lauaxetaren olerkia. Aitorkuntzak eta sententziak agertzen dira bietan, eta berdintsuak. Animaliarik ez du aipatzen Lauaxetak, baina «pagoen lagun bakarra», «ixarren izpi zalia», «piztien etsai ankerra» ta «zelai ezeko anka-arin» horiek animalien izatearen ezaugarriak adierazten dituzten bokatiboak dira. Ba liteke «piztien etsai ankerra» artzaiei dagokien bokatibo bat izatea.

 

                        «Et quant au berger, l'on peut dire

                        Qu'il était digne de tous maux,

                Etant de ces gens-là qui, sur les animaux,

                        Se font un chimérique empire».

 

        Abere ahaltsuen («puissances») pekatu handiak txikitzat, ezereztzat hartzen dira La Fontainen alegian («Est-ce un péché? Non, no!»). Otalorea triskatzea ta larra samintzea, birjintasuna hondatzea ta emaztea hiltzea (pekatu handien irudi ote?) ezereztzat epaitzen dira Lauaxetaren olerkian ere: «Ori eztozu pekatu». Behartsuaren pekatu txikia, ezereza, ordea, pekatu handitzat, izugarritzat agertzen da bietan: Bi edo hiru ahokada belar fraileei («moines») ohostutzea ta apaizaren ardo apurra edatea «ori da, ori, pekatua!». Ironia mingotsez ernarituriko paradoja! Eta, jakina, errugabea hil, urkatu («un cas pendable»), errugabea den «gizon bat dilindan», eskegita. Gure herriak esaten duenez: «Leoikume ta otsokume, asto hila jatean adiskide».

        Handik eta hemendik aukeratu ditu gaiak Lauaxetak ta alegi gisako olerki bat moldatu du, orain bere-berea den olerki mamitsu bat. Antzerki txiki bat dirudi, elkarrizketa ta koru ta guzti. Aitzinadaniko greziatarren teatroetan entzuten ziren koru-kanta bat bezalakoa da «Din-dan, balendan, elizako atetan gizon bat dilindan» olerkiaren inguruan eta barruan.

        Lehen esanda daukagunez, epai bat dela ere esan genezake.

 

                «—Zer egin dozu pekatu...?

                —-Ote-lore bat triskatu.

                —Zer egin dozu pekatu...?

                —Ao gorri bat laztandu.

                —Zer egin dozu pekatu...?

                —Ene emaztetxua urkatu.

                —Zer egin dozu pekatu...?

                —Apez-ardoa bukatu».

 

        Galdera ta erantzuna, galdera ta arantzuna..., epai bat epaipetu askorekin, epai bat azken epai-erabaki ta guzti.

 

                —«Ori eztozu pekatu.

                Zabalik dozuz zeruak!

                —Ori eztozu pekatu.

                Zabalik dozuz zeruak!

                —Ori eztozu pekatu.

                Zabalik dozuz zeruak!

                —Ori da, ori, pekatu.

                Eroan zagiz txerrenak».

 

        Euskara aldetik, bizkaiera darabil gehinbat Lauaxetak. Baina bertsolariek eta olerkariek egin ohi duten antzera, beste euskalkietako hitzak ere ba darabilzki: lore, etsai, apez, bukatu. Aranatarren giroko kutsua ere nabari liaren euskaran: neskuts, oben «pekatu», gogo «izpiritu», zagiz.

        Erdi Aroko kantetan erabiltzen zen ahapaldi mueta darabil [9], hau da, zortzina silabako bertsoak launako ahapaldietan (herri kantatik harturiko leloan izan ezik), baina bi rima, abab, dituelarik bakoitzean.

        Hitz pitxi egokien bila ari da Lauaxeta, ta landu egiten du hitzen forma. Frantziatik zetorren jokera berri baten eragina nabari da hortan, «L'ecole Parnassienne» zeritzanaren eragina.

        Bi edo hiru silabako hitzak aukeratzen ditu gehienetan, ta higiera berezi bat ematen dio olerkiari: 2 ta 3 (edo 3 ta 2) ta 3, edo, beste modu batera ikusita: 5 eta 3, beti berdin. «Izkuntzalari guziak ontan bat datoz, alegia, biko edo iruko igikera-legearen arabera egiten dula izkerak». (Gaztelu, Musika ixilla, San Sebastián, 1963, 244. orr.). «Aldi ezberdindun igierak alkartzea dirudi egokien, bikoak irukoekin eta atzekoz aurre, Elizanbururen neurtitz auetan bezela, adibidez: «Harmen hartzera deitu ninduen / gazterik zorte etsaiak» (Ibidem, 249. orr.).

        Anaforak eta leloak ere aparteko ritmo bat ematen diote, errezitatzean edo kantatzean, begiz irakurtzean astundu egiten dutela uste izan arren.

        Ez dut uste Lauaxetaren olerkirik onenak aukeratu ditudanik azterketarako. Ezta urrik eman ere. Baina bai iturburuen eragina ta olerkariaren egina aztertzeko, hauxe izan baita nire asmoa.

 

        [1] Lauaxeta, Olerkiak, Bilbao, 1974, 95. orr.

        [2] J. Meléndez Valdés, Poesías en Biblioteca de Autores españoles 63, Madrid, 1952, pág. 100.

        [3] Lauaxeta, O. c., 127. orr.

        [4] Lauaxeta, O. c., 126. orr.

        [5] Resurrección María de Azkue, Euskalerriaren Yakintza (Literatura popular del País Vasco), 4. liburua, Madrid, 1947, 316. orr.

        [6] Manuel de Lecuona, Cantares populares, en Anuario de «Eusko-Folklore», 1930, Vitoria, 1930, 59. orr.

        [7] Mt XXV, 1-46.

        [8] La Fontaineren alegia frantzezez ikusi nahi duenak, ikusi: Mikel Zarate, Ipui antzeko, Bilbao, 1975, 13. orr.

        [9] Hona hemen, adibidez, Erdi Aroko kanta zahar bat. Luis Mitxelenak bilduriko textu zaharren artean dago. Ikus ezazu: Luis Michelena, Textos arcaicos vascos, Madrid, 1964, 84. orrialdea.

                «Egun bein ur jarruta

                Ganboar seme lasterra,

                Are bere lasterrago

                Abendañuje motela».

 

 

© Mikel Zarate

 

 

"Euskal literatura / Azterbideak" liburua

"Mikel Zarate - Lan guztiak" orrialde nagusia